“Inor ez da ohitzen txapeldun izatera; urtero da berezia”

“Inor ez da ohitzen txapeldun izatera; urtero da berezia”

Hegoi Belategi

Izar Etxeberria Arruabarrenak (Oiartzun, 1995) bosgarren urtez jarraian irabazi du Pasai Antxon antolatzen duten Euskadiko Soinu Zahar Txapelketa. 22 urte betetzear dela, txapelketa gehien irabazi duen dantzaria da jada. Pedagogiako gradua eginda, irakasle ikasketak egiten hasi da ikasturte honetan. Dantzatzen jarraitzeko asmoa du, hori bai, eta ez du baztertu seigarrenez Euskadiko Soinu Zahar Txapelketan parte hartzea.

Bosgarrenez irabazi duzu Euskadiko Soinu Zahar Txapelketa. Beste inork ez du lortu halakorik.

Neska bakarra naiz, bai. Mutilen artean baliteke norbaitek Aurresku Txapelketan bost garaipen lortu izana, baina soinu zaharraren diziplinan bakarra naiz, bai.

Aurten 11. aldiz egin dute txapelketa, eta, ondorioz, zuk irabazi dituzu lehian izan diren txapelen ia erdiak. Ohituta zaude jada?

Ez; inola ere ez. Inor ez da ohitzen txapeldun izatera. Lehiaketa bakoitzak zirrara pizten dit, eta xarma berezia izaten du. Beraz, urtero berria balitz bezala sumatzen dut txapelketa.

Soinu zaharra ez da modalitaterik ezagunena euskal dantzan. Zertan datza?

Euskal dantzaren diziplina bat da soinu zaharra, eta mutilentzat aurreskua izenez ere bada ezaguna. Dantza kopuru jakin batez osatua dago; hau da, hainbat dantza mota eta pauso biltzen ditu. Bakarka dantzatzen da, eta dantzari bakoitzak bere koreografia sortu behar izaten du, konpas eta pauso jakin batzuei jarraituz. Hainbat liga topa daitezke gaur egun, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailara artekoak izaten dira gehienak. Hortik aurrera, aukera gutxi izaten da lehiatzeko. Alde batetik, Zarautzen jokatzen den Gipuzkoako Txapelketa, eta, bestetik, Pasai Antxon jokatzen den Euskadiko Soinu Zahar Txapelketa. Txapelketa gehiago antolatzen dituzte Euskal Herriko gainerako lurraldeetan, baina horiek beste estilo batzuk izaten dituzte ardatz.

Ba al du zailtasunik beste diziplinekin alderatuta?

Urte asko daramatzat dantzan, eta nahiko ohituta nagoela esango nuke. Egia da soinu zaharra estilo berezia dela eta estilo horretan lehiatzen naizela, baina dantza talde bateko kide ere banaiz. Hortaz, naturaltasunez aritzen naiz diziplina guztietan. Lehia bera izaten da zailtasunik handiena; lasai ateratzea antzezlekura, urduritasuna kontrolatzea eta lana behar den bezala egitea.

Zergatik duzu gustuko soinu zaharra?

Lehiatzea gustatzen zait niri. Txiki-txikitatik, urte asko daramatzat txapelketetan parte hartzen. Aitortu beharra daukat sentsazio atseginak direla dantzatu aurreko urduritasuna eta emozioa. Bestalde, soinu zaharrari esker, aukera izaten dut gainerako dantzariekin aurrerantzean ere harremana izateko.

Soinu zaharra emakumezkoen aurresku gisa definitu dute hainbatek, baina definizio egokia al da hori?

Ez. Beste dantza mota bat da aurreskua. Gaur egun, gehienek dantza jakin bati deitzen diote aurreskua, Agurra-ri alegia, eta emakumeok ere dantzatzen dugu Agurra. Nire ustez, gaur egun diziplina askotarikoagoa da soinu zaharrarena, ez baita mugatzen aurreskura soilik.

Kalkuluak eginda, ia bizitza erdia daramazu dantzan.

Hala da, bai. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan hasi nintzen dantzan, duela hamabost urte, eta hamabi urte inguru daramatzat txapelketetan parte hartzen.

Argi dago goi mailako dantzariak zaretela asko eta asko, baina gaur egun bizitzeko adina ematen al du euskal dantzak?

Bai, posible da euskal dantzatik bizitzea, eta hainbat taldek lortu dute, gainera: Kukai dantza taldeak eta Haatik konpainiak, esaterako. Dantzatzea gustuko baduzu eta aukera baldin baduzu, bizitzeko adina eman dezake dantzak, eta lanbide bihur daiteke. Nik ez dut jorratu aukera hori, ez dudalako uste nahikoa maila dudanik; oso gogoko dut euskal dantza, baina zaletasuna da. Dantza oinarri gisa hartu gabe, beste lanbide bati heltzea erabaki nuen. Orain arte, ez dut aldatu iritziz.

Babes handia ematen al dizute oiartzuarrek?

Lorpen bakoitzaren ostean beti jasotzen ditut deiak, niri buruzko aipamenak ere egiten dituzte, eta hainbat ekitalditan parte hartzeko gonbidatzen naute. Herriko jaietan, adibidez, txistularien emanaldian dantzatzeko deitu zidaten. Gauza batzuetan, babesa jasotzen dut, bai; baina, beste batzuetan, ez hainbeste.

Euskadiko Soinu Zahar Txapelketa hirugarren aldiz irabazi zenuenean, Oiartzungo Udalean gelditu zen Tomas Murua saria. Ondorioz, beste bat jasoko dute seigarren aldiz irabazten baduzu. Aurkezteko asmoa duzu?

Parte hartu edo ez ibiltzen naiz urtero, baina oso erakargarria da txapelketa seigarrenez irabazteko aukera. Litekeena da hurrengo urtean ere parte hartzea.

Zu zeu eta Beñat Salegi errenteriarra (aurreskuan) izan zarete garaile aurten, eta Katerin Artola oiartzuarra eta Iker Sanz lezoarra gelditu dira bigarren. Euskal dantza sasoi onean dago Oiartzualdean, ezta?

Inguru honetan dantzak beti eduki izan du indar handia, eta oso dantzari trebeak sortu dira Oiartzualdean. Ukaezina da maila handiko dantzariak daudela egun, eta, nire ustez, hala frogatu du Pasai Antxoko jaialdiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.