Familian jolastuz, hezi

Familian jolastuz, hezi

Ikerne Zarate

Kezkatuta zegoen guraso talde batek Errenteriako Udalera jo zuen duela bi urte. Haur txikiak dituzte, eta aisialdiaz familian gozatzeko espazio egoki eta itxirik ez zuten aurkitzen herrian. Gabeziaren berri izanda, lanean hasi zen udala, eta 0-6 urte arteko haurrei begirako gune itxirik ez dagoela ohartu zen; eremu horretan hutsunea zegoela.

Hutsune hori estaltzeko eta adin tarte horretako haurrak dituzten familiei gune bat eskaintzeko, azaroaren 6an udalak Familia Gunea zabalduko du Merkatuzarren, horretarako egokitu duten espazio batean. Ez da haurrak aisialdira bideratzeko zerbitzua, familiek kudeatu eta familia guztiek aisialdia modu hezitzailean gozatzeko proiektua baizik.

Leire Monfort, Edurne Sanchez, Laura Garcia eta Ruben Gallego dira proiektuaren sustatzaileetako batzuk. “Pozik” daude laurak, eta “baikor” familien eta udalaren arteko elkarlanarekin eta Familia Gunearekin berarekin. Monfortek, Sanchezek eta Garciak edoskitze taldean ezagutu zuten elkar: “Orduan hasi ginen hizketan aisialdian familian gozatzeko zegoen espazio gabeziaren inguruan. Txikienentzat ez dago leku aproposik parkeetan; lurrean ibiltzen dira”, adierazi du Monfortek.

Beste hainbat lekutan gauzatzen ari ziren proiektuen berri izan zuten orduan. “Donostiako Egia auzoan Antxeta taldea ari da lanean, besteak beste, eta horren jakitun jo genuen udalera”. Lokal eskaera egin, eta Oreretako Txikien Aisialdi Elkartea sortu zuten. 24 familia biltzen ditu elkarteak.

Gallegok azaldu duenez, lagun artean sortu zen beharra euren kasuan: “Funtzionatzeko modua eta kudeaketa ezberdinak badira ere, Donostiako Intxaurrondo eta Egia auzoetan eta Oiartzunen egin izan dute halako esperientziaren bat. Udalarekin harremanetan jarri ginen, eta ordurako guraso talde bat horretan lanean ari zela jakinarazi zigun. Guztiok batuta, udalarekin batera elkarlanean aritu gara espazioa diseinatzeko lanean”.

Oreretako Txikien Aisialdi Elkarteko kide diren familiak astean behin Familia Gunea izango den espazioan elkartuz ibili dira azken urtebetean. “Tailerrak eta jolas librea egin ditugu bertan, eta bide horretan haurrak komunitatean hazten ari garela ohartu gara. Oso harreman polita sortu da. Diru laguntza txiki batekin eta gure materialarekin aritu gara lanean, eta dantza tailerra, ipuin kontaketa, landare eta birziklatze tailerrak egin ditugu, besteak beste”, azaldu du Monfortek.

Bidea aberasgarria izan dela gaineratu du Gallegok. “Sentsibilitate edo kezka berberak dituen jendea dago. Interesgarria izan da elkarlanean aritzea, eta baita udalean entzun digutela sentitzea ere. Gure ustez, oso beharrezkoa den zerbitzu berri bat eskainiko zaie herritarrei, familia horiei. Pozgarria da hori”. Prozesua “ilusio handiarekin” garatzen ari direla onartu du Monfortek. “Eta beste fase bati ekingo diogu orain. Ikusi egin beharko dugu gure aurreikuspenak betetzen diren edo ez”. Lauren arabera, “familientzako gunea” izan behar du espazioak. “Hor dago gakoa. Ilusio handiarekin jarraituko dugu lanean, eta asko eskertzen dugu udalak egin duen lana ere”.

Datorren asteartera arte dago zabalik izena emateko epea, eta Merkatuzarreko Gazte Informazio Bulegora joan beharko dute interesa daukatenek. Dagoeneko 43 familiak bat egin dute proiektu berriarekin. Azaroaren 6tik aurrera, astelehenetan eta asteazkenetan goizez eta arratsaldez izango da zabalik Familia Gunea, 10:00etatik 12:30era, eta 16:30etik 19:00etara; astearteetan, berriz, arratsaldez bakarrik. Familia bakoitzak txanda bakarrean eman ahal izango du izena. Izan ere, txanda bakoitzean hemezortzi familiarentzat izango da lekua; 90 guztira. Lehenengo bi hilabeteetan, gainera, espazioan “esperimentatzeko” aukera izango dute parte hartzaileek. Urtarriletik aurrera, 30 euro ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek.

Lauretako inork ez du zalantzarik: “Halako espazioak beharrezkoak dira, haurrek espazioak behar dituztelako familiarekin denbora eta esperientziak izateko, eta momentu horiek beste haurrekin eta familiekin konpartitzeko”, hala uste du Sanchezek. Halako esperientziak “gero eta ugariagoak” direla erantsi du Monfortek: “Ekimena izatea eta lan handia egitea eskatzen du, baina merezi du”.

Familiak elkarrekin arituko dira Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoaren gune batean atondu duten espazioan. Neurri batean, euren esku egongo da espazioaren kudeaketa ere. Ez dira bakarrik arituko, ordea. Bidelagun izango dute Luisma Rubio Txingurri heziketa elkarteko kidea; hausnarketaren bidez, gurasoen balio hezitzaileak sustatzen lagunduko du Rubiok.

Gainerako familiei deia

Gallegoren iritziz, haurrak komunitatean hezteko garaietara itzultzeko aukera eskain dezake gune berriak. “Familiena izango da erantzukizuna, baina haurrak komunitatean hezteko aukera izango dugu. Familian ohituta gaude eremu pribatuan haurrak hezten, eta esperientziak partekatzeko eta hezteko espazioa izan nahi du Familia Guneak”.

Garciak argi utzi du esperientziak eta jokoak partekatzeko espazioren bat nahi zutela. “Familian gozatzea zen helburua”. Eta hori lortzeko bidea eskainiko du gune berriak. Oraingoz “proiektu txikia” dela gaineratu du Monfortek. “Baina handituz joatea da erronka. Proiektuaz eta gure familiaz disfrutatu behar dugu”. Haur txikiak dituzten familiei parte hartzeko dei egin diete laurek. “Familia Gunea aukera polita delako gure seme-alabekin eta beste familiekin batera gozatzeko eta ikasteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.