Berdintasunaren helmuga, gertuago

Berdintasunaren helmuga, gertuago

Unai Zubeldia

Urduri, hunkituta, arduratuta…”. Sentsazio askori ihes egin ezinik dabiltza Alazne Mujika (Azkoitia, 1972) eta Nerea Hermo (Donostia, 1973), aurtengo Behobia-Donostia lasterketan erbi lanetan ariko diren lau emakumezkoetatik bi. Eva Esnaola (Urnieta, 1960) eta Miren Saez (Donostia, 1969) ere zeregin horretan ariko dira datorren azaroaren 12an. Fortuna kirol elkarteak 2012an txertatu zituen, lehen aldiz, erbiak lasterketan, taldez talde gainerako korrikalariei erritmo jakin bat markatzeko helburuarekin. Eta, aurten, lehen aldiz, lau emakumezko izango dira tartean, hamazazpi gizonezkorekin batera. Ordubete eta 40 minutuko denbora markatuko dute Mujikak eta Esnaolak, 1.50ekoa Hermok, eta bi ordukoa Saezek.

“Neskatoen moduan gaude laurok”, onartu du Mujikak, eta hala nabari zaie elkarrizketari ekin aurreko argazki saioan ere. “Bat-batean, urte asko kendu dizkigute gainetik”. Esperientzia handiko korrikalariak dira laurak, eta, horren adibide, Saezek 25. aldiz parte hartuko du aurten Behobia-Donostian. Hermoren kasuan, New Yorkeko, Chicagoko eta Berlingo maratoiak eginda dauzka dagoeneko. “Eta senarrak eta biok Tokiora joateko asmoa daukagu hurrengo otsailean; munduko sei maratoi handiak egitea da erronka, eta Tokio, Londres eta Boston falta zaizkit”. Mujikak, berriz, sei aldiz dauka eginda Behobia-Donostia, eta bost aldiz Donostiako maratoia. Kirol ibilbide harrigarriena, hori bai, Esnaolak dauka, besteak beste duela hiru urte hirugarren amaitu zuelako Spartathlon proba, Atenas eta Esparta lotzen dituen 247 kilometroko lasterketa; 30 ordu eta 52 minutu behar izan zituen.

Betidanik kirol asko egindakoak dira Mujika eta Hermo, baina, euren hitzetan, “oso berandu” hasi ziren korrika. 35 urterekin eman zuen pausoa donostiarrak. “Denbora faltagatik. Hiru seme-alaba dauzkat, eta korrika egitea da denbora gutxien kentzen duen kirola”. Gimnasiora joan zalea zen aurretik, eta zaldian ere asko ibiltzen zen. Bikiak eduki ondoren hasi zen korrika Mujika ere, 37 urterekin. “2009ko irailaren 22an”. Ondo gogoan dauka. “Egiatik Kursaalera joan eta etorri egin nuen. 20 minutu besterik ez. Baina a zer gozatua hartu nuena!”. Kilometroak gehituz-gehituz, 2011n parte hartu zuen, lehen aldiz, Behobia-Donostia lasterketan, eta 2012tik urtero amaitu du Donostiako maratoia. Ondo bidean, azaroaren 26an parte hartzekoak dira biak ala biak.

Asko halabeharrez hasten dira korrika. “Baina berehala lotzen du kirol honek”, aitortu du Hermok. “Nahi duenak ez dagoen lekutik ere ateratzen du denbora korrika egiteko”. Bien kasuan, korrikalariak dituzte bikotekideak ere. “Eta etxean, jada, bizitzeko filosofia bihurtu da korrika egitea. Ez gara bizi korrika egiteko, baina bizia ematen digu korrika egiteak”. Mujikarena da hausnarketa. “Ezin ditugu igaro hiruzpalau egun korrika egin gabe, eta bidaietan ere maletan beti egoten da lekua oinetakoentzat”.

Azaroaren 12an erbi lanetan ariko diren bi korrikalariek badakite toki txiki bat izango dutela Behobia-Donostiaren historian. “Gerora ilobei kontatuko diet, noski!”, adierazi du Hermok. “Harro esango diet amona izan zela erbi lanetan aritu zen lehen emakumezkoa”. Azken lau urteotan Juan Carlos Arregi izan da erbi lanetan aritzen diren korrikalarien koordinatzailea. “Eta egun horretarako aholkuren bat emango ote zigun galdetu nion orain gutxi”, azaldu du Mujikak. “Gozatzeko esan zidan, eta jakitun izateko 30.000 korrikalariren artean 21 erbi bakarrik izango garela. Barrua mugitu zidan datu horrek”. Orain artean 30.000 korrikalari horietako bat izanez gozatu dute Behobia-Donostia lasterketarekin. “Eta ohorea da orain erbi lanetan aritzeko aukera izatea”.

Lan askoren emaitza

Bestela ezin eta, hilabete askoko lanaren fruitua izan da “ohore” hori. “Emaztea [Nerea Garcia] hasi zitzaion zirika Juan Carlos Arregiri, gizonezkoekin batera erbi lanetarako emakumezkoak ere behar zirela esanez; Eneritz Sein ere ibili da borroka horretan; guk geuk ere beti jartzen genuen gaia mahai gainean Donostiarrak taldekoen afarietan…”. Zirrikitu asko baliatu dituzte bidea egiten hasteko, eta, azkenean, gizonezkoei atea ireki zietenetik sei urtera iritsi zaie aukera emakumezkoei.

Gizarteko arlo gehienetan bezala, denetariko iritziak izango dira oraingoan ere. “Eta 1.50eko denboratik ahalik eta gertuen ibiltzea da nire erronka”, hasi du azalpena Hermok. “Badakidalako denbora hori bete ezean berehala iritsiko direla betikoen kritikak: ‘Emakumea izan beharra zeukan horrek ere’ gisakoak entzun beharko ditugu gure eginbeharra ondo betetzen ez badugu”. Alde horretatik, entrenamenduetan eta lasterketetan, oraindik ere, nabaritzen dute hainbat gizonezkoren jarrera berezia. “Askok ez dute onartzen emakume bat euren aurretik ikustea, eta, kosta ahala kosta, aurre hartzen saiatzen dira”.

Hori bai, bestelako esperientziarik ere bizi izan du Mujikak. “Behobia-Donostian bertan, esaterako, Kursaal parean, eskerrak ematera etorri zitzaizkidan bi gizonezko, ibilbide guztian erritmoa zoragarri markatu niela esanez”. Azkoitiarrak oharkabean egin zuen lan hori, noski. “Eta ordurako indarrez justu antzean nindoan arren, azken zuzengunean eurei jarraitzeko esan zidaten biek; bidea ireki zidaten esker on gisa”.

Bientzat bizipen berria izango da hamar egun barrukoa. “Inguruan sortuko den taldea ahalik eta ondoen eramatea, denbora ondo betetzea…”. Hermoren hitzetan, ardura handia dauka erbi lanetan aritzen den korrikalariak. “Eta tentsio eta poz horrekin nabil azken egunotan; ilusioz gainezka. Ea gai garen korrikalariak gustura eramateko eta giro ona sortzeko”. Esperientzia handiko korrikalariak izaki, Mujika ez dago larrituta egin beharreko lanarekin. “Baina erritmo egokia mantentzea, ez prezipitatzea… Behobia-Donostiaren ibilbidea ez da laua, eta ezinezkoa da hasi eta bukatu kilometroa bost minuturen bueltan egitea”. Irungo Bentetara bidean dauden aldapak, Gaintxurizketa, Errenterian Kaputxinoetako igoera, Mirakruz… Gorabehera askoko ibilbidea da. “Eta oso kontuz markatu beharko ditugu denborak”.

Gauza bakarrari dio beldurra azkoitiarrak: “Lesioari. Dagoeneko ez genuke edukiko denborarik osatzeko, eta haustura txikiren bat, zaintiraturen bat… Horri diot errespetua”. Beldur guztiak uxatzeko asmoz, Hermok azkar eman dio erreleboa Mujikari. “Min hartuta ere irteeran izango naiz ni. Ibuprofenoren bat hartu eta aurrera. Lesio batek ezingo du zapuztu daukagun ilusioa”. Kalkuluak eginda, euren ohiko erritmoa baino dezente mantsoagoa izango da azaroaren 12an markatu beharko dutena. “Baina askotan arriskutsua izaten da hori ere, gorputza ez delako ohituta egoten erritmo horretara”. Kilometroa, batez beste, 5.30 minutuan egin beharko du Hermok. “Eta lehengoan lagun batek esan zidan kontuz ibiltzeko, nik ez nekielako kilometroa erritmo horretan egiten, ohi baino askoz mantsoago ibili beharko nuela; tira, egia da hori ere”. Mujikaren kasuan, batez beste bost minutuan egin beharko du kilometroa.

Egokitzapen lan horretarako baliatzen ari dira azken asteotako entrenamenduak. “Social running deitzen diodana egiten dut nik astean behin, bost minutuko erritmo horretan proba egiteko”. Ondo barneratuta daukate ibilbidea bera ere. “Badakit Gaintxurizketa 5.30eko erritmoan igo beharko dudala, eta erritmoa pixka bat igo beharko dudala Errenteriarako bidean, 4.30eko erritmoan”.

Eguraldiari begira

Ezaugarri guztiak eduki behar izaten dira kontuan horrelako lan bati ekin aurretik, eta eguraldiak asko baldintzatzen du beti Behobia-Donostia lasterketa. “Orain bi urteko hego haizea izanez gero, adibidez, erritmoa jaitsi eta lasaiago ibili behar izaten dute korrikalariek”. 1.40an amaitzeko helburua daukanak, esaterako, horrelako egun batean hobe izaten duela marka kontuak ahaztea. Astebete luze falta da, oraindik, lasterketaren egunerako, baina, oraingoz, 12-14 gradu, ipar haizea eta euri pixka bat daude emanda azaroaren 12rako.

Biek ala biek etxean ikusi dute ondorengo belaunaldientzat eredu izan daitezkeela eurak. “Ama gora eta ama behera ari dira etxean; salan jarrita daukagu denbora zehazten duen bandera; eskolan ere denei esaten ari dira euren ama erbi lanetan ariko dela… Garrantzitsua da neska-mutikoek emakumeen irudi hori naturaltasunez barneratzea”. Orain gutxi emakumezko korrikalariak ikustea “arraroa” zela azpimarratu dute biek. “Baina azken bizpahiru urteotan izugarri hazi da kopurua”. Alde horretatik, Mujikak gaineratu du garrantzitsua dela emakumezkoek erbi gisa egingo duten lana “normalizatzea eta ikusaraztea”. Berdintasunaren helmugara iristeko kilometro bat gutxiago faltako da datorren azaroaren 12an.

Leave a Reply

Your email address will not be published.