“Orain jada lagunak gara”

“Orain jada lagunak gara”

Eider Goenaga Lizaso

Mintzalagun egitasmoak elkartu zituen duela lauzpabost urte. Eurak ere ez dira ados jartzen noiz bildu ziren lehenengoz, baina bitartean hirurak ari dira hizketan, euskaraz betiere. Laugarrena edo bosgarrena, baina zalantzan daude seigarren urtea ez ote den. Marian Ibaibarriaga da bidelaguna, eta Toñi Rodriguez eta Toñy Landa bidelariak. Astelehenero elkartzen dira, 18:30ean. “Eguraldi ona egiten badu, paseatzera joaten gara”, dio Landak, eta “txarra egiten badu, kafe bat hartzen gelditzen gara”, Ibaibarriagak.

Kazetaria bertan egoteak lotsa apur bat ematen diela aitortu dute hirurek, eta, halakoetan izaten denez, eguraldiari lehen aipamena. Asko hoztu duela, behintzat ateri dagoela, ordutegi aldaketarekin azkar iluntzen duela… “Hasi ginenean, eguraldiaz hitz egiten genuen askotan”, esan du Rodriguezek. “Sekula ez ditugu prestatu gaiak; hirurak gara hitz egin zaleak, eta beti topatu izan dugu zertaz hitz egin”, gehitu du Ibaibarriagak. Hizketagaia, beraz, ez da arazoa. “Eta orain jada lagunak gara; edozeri buruz hitz egiten dugu, gure arazoak kontatzen ditugu, umeei buruz hitz egiten dugu…”, azaldu du Rodriguezek.

Ibaibarriagak “betiko euskaldun” gisa definitu du bere burua. Ondarroarra da, baina urte asko daramatza Andoainen. “Beti maite izan dut euskara, eta euskararen alde zerbait egiteko oso modu ona da Mintzalagun proiektua. Zazpi urte dira erretiroa hartu nuela, eta lehenago hasi nintzen honetan; beraz, izango dira hamar bat urte”.

Rodriguezek eta Landak diotenez, euskaraz hitz egiteko gune seguru eta goxo bat eskaintzen die Mintzalagunek, eta horregatik hasi ziren. Euskararekiko harremana, baina, ezberdina da bien kasuan. “Nire aita Errezilgoa da, eta amak eta aitak ia ez zekiten erdaraz. Beraz, nik ulertu dena ulertzen dut, baina asko kostatzen zait hitz egitea. Oraindik ere bai”, dio Landak. “Ez, ez da egia, asko hobetu duzu, asko hobetu duzue hasi zinetenetik”. Euskaraz aritzeko aukera gutxi duela aitortu du Landak. “Ez da erraza nire gurasoekin beti gazteleraz aritu ondoren, orain euskaraz egitea. Eta nire ingurunea, nire lagunak ez dira euskaldunak; beraz, hemendik kanpo ez dut euskaraz egiten”.

Zortzi urtez Andoaingo Udalean zinegotzi aritu zen Landa, eta euskara eta kultura ziren bere arloak. “Bilera guztiak eta dokumentu asko euskaraz ziren, eta ulertzeko arazorik ez nuen; baina bileretan ez nintzen gai euskaraz egiteko. Nire txanda zenean, erdaraz erantzuten nuen”. Etxean euskara entzuteak asko lagundu ziola dio. Rikardo Arregi sarietan hitz egin behar izan zuen lehen aldia oroitu du. “Ordu pila bat pasatu nituen testua irakurri eta irakurri, ondo atera arte. Tonuan-eta asmatzen nuen, euskara ez baitzen arrotza niretzat; baina asko sufritu nuen”. Hiru urteren buruan berriro egitea egokitu zitzaion, eta “orduan askoz ere hobeto” egin zuela dio. “Eta orain hobeto egingo zenuke”, animatu du, ondotik, Ibaibarriagak.

Ohiturak aldatzea, kosta

Rodriguez alabarengatik hasi zen euskara ikasten. “Ez nintzen gai alabari eskolako lanekin laguntzeko”. Mintzapraktiketan ez ezik, AEK-ko euskaltegian ere badabil Rodriguez, eta “oraindik hobetzeko asko” duela aitortu arren, asko hobetu duela dio. Landak ez bezala, Rodriguezek badu inguruan euskaraz hitz egiteko aukera, eta asko eskertzen du hori. “Oraintxe bertan ez, baina lehen lanean banituen euskaldunak inguruan, eta haiekin euskaraz aritzen nintzen. Alabarekin ere euskaraz egiten dut, eta berak asko laguntzen dit”.

Hala ere, ohitura batzuk aldatzea kosta egiten dela uste du. “Bost gara nire betiko lagun taldean; bat euskaldun zaharra da, beste hiruk hirugarren profila dute… Orain gai izango ginateke euskaraz aritzeko, baina ez zaigu ateratzen; Whatsappez-eta bai, euskaraz idazten dugu, baina hitz egitea kosta egiten zaigu”. Hitz egin aurretik pentsatzen gelditzen dela nabari zaio. “Kosta egiten da, batez ere aditza ondo erabiltzea”. Baina, tarteka, bere burua zuzendu ere egiten du, akatsen bat egiten duenean. “Asko pentsatu behar dut hitz egin aurretik, baina gero eta errazagoa da hori ere”.

Astean behin dute hitzordua, eta ordubete gutxienez euskaraz jo eta su aritzen dira hirurak. Ez dute, baina, beste zenbait jarduera batera egiteko aukera galtzen. “Antzerkira, adibidez, behin baino gehiagotan joan izan gara elkarrekin”, dio Rodriguezek. “Eta gehiago esango dizut”, dio Ibaibarriagak. “Nik urtean bi hilabete kanpoan egiten ditut, baina hori ez da aitzakia, eta, ni ez nagoenean, beraiek elkartzen dira, eta ordutxo horretan, behintzat, euskaraz jarduten dira. Asko pozten nau horrek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.