Gidariak, protestara

Gidariak, protestara

Aitziber Arzallus

Hautsak harrotzen jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko egin duen aurreproiektuak —Tolosari ere eragingo dio aldaketa horrek—; nola harrotzen, gainera. Oposizioko alderdiak —EH Bildu eta Ahal Dugu—, eragiten dien herrietako udalak, ehunka erabiltzaile, zerbitzu hori ematen duten garraio enpresetako langileak eta sindikatuak… Guztiak aurrez aurre ditu foru gobernuak, baina zerbitzua “berrantolatzeko” garaia badela eta horixe egingo dutela berretsi du Marisol Garmendia Gipuzkoako Lurralde eta Mugikortasun diputatuak aste honetan bertan.

UGT sindikatuak duela bi aste ohartarazi zuen proposamenak lan gatazka iturri izateko tankera zuela, eta halaxe gertatu da. Garayar, Areizaga eta TSST enpresetako langileek —enpresa horiek ematen dute Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua—, ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesarekin, “murrizketen kontra” elkarretaratzera deitu dute datorren asteazkenerako. Donostian, Julio Caro Baroja plazan egingo dute protesta ekitaldia, 11:00etan hasita.

Etor dakiekeenaren beldur dira langileak. “Uste baino askoz larriagoak dira planteaturiko aldaketak zein murrizketak”, adierazi zuten joan den astean Hernaniko udaletxean egin zuten agerraldian. “Kostuen gutxitzean eta zerbitzuaren oreka ekonomikoan oinarriturik, egun eskaintzen diren hainbat zerbitzu kendu edota izugarri murriztu” nahi izatea leporatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela hizketan, eta, beraz, gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik jarri behar dela”. Aldundia, ordea, kontrako norabidean ari delakoan daude. Gidariek hiru datu jarri zituzten mahai gainean: lehenengoa, hazten ari dela aurreproiektuak eragiten dion eremuko biztanle kopurua —97.652 lagun bizi ziren 2016an—; bigarrena, autobus zerbitzu publikoaren erabilera handitzen ari dela eremu horretan —urtebete aurretik baino 130.864 bidaia gehiago egin ziren iaz—; eta hirugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa dela autoa gehien erabiltzen den lurraldea. Arrazoi horiengatik, langileek adierazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoa “indartu” egin beharko lukeela, “ez murriztu”.

Aldaketen ondorioak, erabiltzaileek ez ezik, langileek eurek ere jasango dituztela uste dute, gainera. “Langileok pairatuko ditugu murrizketa horiek modu bortitzenean”, adierazi zuten autobus gidariek Hernaniko agerraldian. “Zerbitzuak kentzean, gutako asko sobera egongo gara, eta litekeena da 30 langilek baino gehiagok lanpostua galtzea”. Zerbitzua hiru enpresaren artean ematen dutenez, ezinezkoa zaie zehaztea aldundiaren proposamenak eragiten dien langileen kopuru zehatza. “Baina ehun bat lagun izango ginateke, gutxi gorabehera”. Hortaz, aurreikusten dute lanpostuen herenak inguru arriskuan leudekeela. Gainera, salatu zuten aurreproiektuak jasotzen dituen neurriek gidarien “lan erritmoak handitzea eta atsedenaldiak laburtzea” eragingo luketela, eta “lan istripuen arriskua izugarri handituko” litzatekeela. “Badirudi ahaztu egiten zaiela pertsonak garela eta pertsonak garraiatzen ditugula, eta tamaina horretako murrizketek zerbitzuaren kalitateari kaltea besterik ez diotela ekarriko”.

Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen aldaketak herritarrentzat zein langileentzat “onartezinak” direla iritzita, borrokarako deia egin zieten autobusetako lankideei, eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetarako babesa eskatu zieten herritarrei eta erakundeei. Buruntzaldeko eta Tolosako erabiltzaileei esku orriak banatzen ari dira egunotan, foru aldundiaren asmoen eta haien ondorioen berri emateko.

Eztabaida Batzar Nagusietan

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko landutako proposamenak “murrizketa onartezinak” eragingo dituela iritzita, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek ekinbide bateratu bat aurkeztu zuten asteazkenean Batzar Nagusietan. Aurreproiektua bertan behera lagatzeko eta auziak eragiten dien alde guztiekin beste proposamen bat lantzeko mahai iraunkor bat osatzeko eskatu zuten bi talde horiek. Baina ez zuen aurrera egin.

Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak eta Patricia Gete Ahal Dugukoak azaldu zutenez, aldundiaren proposamenak “ezinegona eta aurkakotasuna” sortu ditu hainbat herri eta sektoretan. Esan zuten aurreproiektuak eragiten dien herri guztietako udalek haren aurkako alegazioak edota mozioak onartu dituztela, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, gainera, eta 3.000tik gora herritarrek ere aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkiotela.

Albizuren eta Geteren esanetan, foru aldundiaren aurreproiektuak aurrera egingo balu egungo garraio zerbitzuak murrizketa nabarmena jasango luke. “Gaur egun, Lurraldebusek bere zerbitzuetan urtean 3,5 milioi kilometro egiten ditu Buruntzaldean; aurreproiektuak aurrera egingo balu, berriz, 2,7 milioi kilometro besterik ez lukete egingo”. Horrek, batez beste, zerbitzua %23 murriztea esan nahi dula azaldu dute. Haien arabera, Hernani eta Donostia lotzen dituen G-1 zerbitzuak eta Andoaindik ospitaleetara doan G-3 zerbitzuak jasango lituzkete murrizketarik esanguratsuenak. Bestalde, gaitzetsi zuten aldundiak bere aldetik jorratu duela aurreproiektua, hark eragiten dien aldeen parte hartzerik gabe.

Julio Astudillo PSE-EEko batzarkideak eta Marisol Garmendia Lurralde eta Mugikortasun diputatuak gogor erantzun zieten Albizuri eta Geteri. Astudilloren hitzetan, “erabat puztutako zerbitzua” da Buruntzaldekoa. Azaldu zuen zerbitzua ematen duten autobus konpainiek egiten duten kilometro bakoitzeko kobratzen dutela, eta, ondorioz, azken urteotan herritarren benetako mugikortasun beharrei erantzuten ez zieten ibilaldiak sortu dituztela. Ukatu egin zuen aldundiaren aurreproiektuak murrizketak eragingo dituela. “2017tik 2018ra 600.000 euro handituko da Lurraldebusen aurrekontua, 33,5 milioi eurotik 34,1 milioi eurora. Hori al da murrizketa?”.

Ildo beretik jo zuen Garmendiak ere. Adierazi zuen, “behingoagatik”, mugikortasun datu errealetan oinarritutakoak direla aldundiak esku artean dituen datuak, eta, horrenbestez, haien araberako zerbitzu bat diseinatzeko moduan direla. Azaldu zuen autobusa gehien erabiltzen den orduetan zerbitzua indartu eta gutxien erabiltzen denetan berrantolatu egingo dutela. “Inork ez dezala pentsa herritarrak bat-batean autobus zerbitzurik eta garraio enpresetako langileak lanik gabe utziko ditugunik. Ez gaude burutik jota”.

EH Bilduren jarrera gogor kritikatu zuen, gainera, “aurreko legealdian foru gobernuan zenean proposatutako aldaketa berak atzera bota nahian” dabilelako orain. Aitortu zuen aurreproiektuak akatsak badituela eta zuzenduko dituztela, herritarrek eta udalek egindako ekarpenak ere aintzat hartuko dituztela, baina ziurtatu zuen aurreproiektuak bere bidea egiten jarraituko duela, “30 urteren ondoren badelako garaia zerbitzu hau berrantolatzeko”. Aldaketak 2018. urtearen erdi alderako indarrean jartzea espero du Garmendiak, lehenago gauzatzea ezinezkoa izango dela onartuta.

Buruntzaldean ez ezik, Debagoienean ere haserre daude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek salatu dute iaz eskualdean garraio publikoaren erabilera %8 handitu zen arren urriaren hasieran hainbat zerbitzu kendu zituela aldundiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.