Komikiaren taupaden doinua

Komikiaren taupaden doinua

Eider Goenaga Lizaso

Hitzaldi, solasaldi, tailer eta erakusketek osatuko dute, aurten, Komikilabea jardunaldien egitaraua; heldu zein umeentzako ekintzak; aditu, aritu eta zaleentzako jarduerak; saio gastronomiko bat, musika emanaldia… Aitzakiarik ez dago; komikiari edo nobela grafikoari buruz gehiago jakin nahi duenak Donostian izango du aukera asteburu honetan. Herenegun eman zieten hasiera jardunaldiei, baina gaurtik astelehenera ere izango da aukerarik.

Iaz, Donostiako kultur hiriburutzaren egitarauaren barruan antolatu zuten lehendabizikoz Komikilabea, eta aurten jarraipena emango diote jarduerari. Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatzen ditu jardunaldiak, Kutxa Kultur, Tabakalera eta Donostia Kulturaren laguntzarekin. Aurten prestatutako egitarauarekin “komikiaren eta nobela grafikoaren egoerari pultsua hartu” nahi diotela azaldu dute antolatzaileek. Errefuxiatuak, umorearen mugak, generoa… gogoetarako aukera emango dute gaiek, eta, horretarako, hainbat formatu aukeratu dituzte. Fikziozko komikiak izango dituzte hizpide, baina baita errealitatean eta ez-fikzioan oinarritutakoak ere: pentsamendu kritikoarekin eta bestelako formatu batzuekin lotura dutenak —kazetaritza eta saiakera, kasurako—.

Gaur bertan, ez-fikzioari lotutako ahots berezienetako bat izango da gonbidatua. Sarah Glidden AEBetako marrazkilariak bere azken lana aurkeztuko du, Rolling Blackouts, eta hainbat galdera egingo ditu, bildutakoek hausnar ditzaten: “Zer da kazetaritza?”, “nola transmititzen dira istorioak?”, “nola nahasten dira memoria eta egia?”, “zergatik deformatzen da errealitatea?”. Nobela grafiko horretarako, Turkia, Siria eta Irak bisitatu zituen Gliddenek, bi berriemaile eta marine ohi bat lagun zituela, gerrak Ekialde Hurbilean eta, bereziki, errefuxiatuengan duen eragina azaltzeko istorioen bila.

Gogoeta sustatu nahi dute bihar umorearen mugei buruz antolatutako mahai inguruan ere. PechaKucha formatuan egingo da, eta partaide bakoitzak sei minutu izango ditu, hogei bineta erabilita, hainbat gairi buruzko iritzia emateko: umorearen definizioa, bilakaera, zentsura eta autozentsura, emakume sortzaileei jartzen zaizkien mugak… Dario Adanti, Elisabeth Casillas, Mauro Entrialgo, Mamen Moreu eta Mikel Pagadizabal izango dira partaideak.

Hausnarketara bideratutako egitarauaren barruan, Literatura eta komikia: joan-etorriak solasaldia antolatu dute astelehenerako, Literaktum jaialdiarekin lankidetzan. Jorge Carrion idazleak literatura, ilustrazio eta komikien arteko harremanari buruz gogoeta egitera gonbidatuko ditu Sara Morante eta Javier Olivarez literatura-marrazkilariak.

Aisialdia ere bai

Baina dena ez da hausnarketa eta eztabaida izango, aisialdirako programa ere atondu dute. Gaur, Jiro Taniguchi komikigile japoniarraren omenezko afaria prestatuko dute Donostiako jatetxe japoniar ospetsuenetako sukaldariek, Basque Culinary Centerreko ikasleen laguntzarekin. Manga japoniarraren historian gehien saldutako bildumetako bat da Taniguchiren Kodoku no Gurume lana, eta japoniarrek beren gastronomiarekiko duten lotura eta miresmena islatzen ditu. Taniguchi aurten hil denez, Komikilabeak aukera baliatu nahi izan du hura omentzeko, eta Kanpai! afaria egingo dute gaur gauean.

Komikilabearen jarduerak larunbatean amaituko ez diren arren, itxiera jaialdia egingo dute bihar gauean, Kutxa Kultur Klubean. GRRRL! Zirriborro Festa izena jarri diote, eta musika eta sorkuntza zuzenean nahasteko baliatu nahi dute aukera. Ondorengoak izango dira festaren osagaiak: musika nahasteko mahai bat, marrazteko mahai bat, kartoi meheak, errotuladoreak, koloretako pinturak, disko-jartzaile bat eta lau marrazkilari, euren lana zuzenean eginez eta pantaila batean proiektatuz.

Hiru erakusketarekin osatuko da egitaraua: Ernest Salak Dolores Redondoren Zaindari ikusezina lanean oinarrituta egindako komikiari buruzkoa (Liburutegi Nagusian, hilaren 18ra arte); Ink of Dracula erakusketa, non hamasei ilustratzaile aritu diren lanean literatura eta zinemako pertsonaia ikoniko horren inguruan (San Jeronimo kaleko udal liburutegian, igandera arte); eta Susana Martinen Gaza Amal: historietas de mujeres valientes en la franja de Gaza komikiaren inguruko erakusketa (Intxaurrondoko kultur etxean, hilaren 16ra arte).

Leave a Reply

Your email address will not be published.