[Museora] Chillida Lantokia. Lantegi zaharrean, artea

Eider Goenaga Lizaso

Eduardo Txillidak tamaina handiko eskulturak nola egiten zituen azaltzeko eta pieza haiek lantzeko prozesua ezagutarazteko xedez ireki zuten, 2010eko uztailean, Chillida Lantokia museoa. Pieza handiak bertatik bertara ezagutzeko aukera ugari ditu herritarrak, baina museoa ireki arte ez zitzaion bereziki erreparatu artistak lan egiteko moduari. Lanketa prozesu horri balioa emateko beharra ikusi zuen, ordea, Lenbur fundazioak, eta Txillidak Legazpirekin izandako harremanari erreparatuta —hango Patricio Echeverria burdinolan egin zituen obra handi asko—, museoa ireki zuten, paper fabrika zahar batean.

Olatz Conde Lenbur fundazioko kidearen esanetan (Legazpi, 1974), museoaren ideia oraindik burutik pasatu ere ez zitzaien egin makinak jasotzen hasi zirenean. “Langileak etortzen zitzaizkigun halako makina kendu behar zutela esanez, pena zela botatzea, Alemaniatik ekarria zela eta garrantzitsua izan zitekeela gordetzea. Gurea burdinaren eskualdea izanik, makina horiek sinbolo ziren, eta gorde egin genituen”.

Geroago sortu zen Txillidaren omenezko museoa egitearen ideia. “‘Aizu, astebete barru hemen daukagun Reco guztia bota behar dugu’, esan zigun langile batek. Reco hori zer zen ere ez genekien guk, baina fundizioan Txillidaren obrak egiteko propio sortutako burdin mota bat zela esan ziguten. Joan ginen ikustera, eta berehala konturatu ginen hori ezin zela txatartegira bota”. Familiarekin jarri ziren kontaktuan, Txillidaren obran hain ohikoa den burdin herdoildu eta kiribildu hori ez botatzeko eskatzeko. “Baina beraiek burdina hori berriro urtu egin behar zela zioten, ez zutela nahi bukatu gabeko pieza horiek Txillidaren obra gisa erakusterik. Orduan bururatu zitzaigun museoa egitea, Txillidak Legazpin nola lan egiten zuen azalduko zuen museo bat”.

Familiaren zalantzak uxatzea lortu zuten, eta elkarlanean osatu zuten egun ikusgai dagoen erakusketa. “Aitak erabiltzen zituen mailuak, kurrikak eta bestelako materiala zeukan gordeta seme batek; beste batek, Inaziok, papergintza tailer bat zuen, eta Eduardo Txillidak han egiten zituen bere paperezko obrak, grabatuak eta abar. Horiek denak bildu, eta museoan ikusgai jartzea lortu genuen”.

Burdina eta papera

Bi ataletan banatuta dago museoa. Beheko solairuan, burdinarekin lotutako makinak, tresnak, materiala eta eskultura handien prozesua azaltzen duten argazki erraldoi batzuk daude. “Baita Txillidarekin eskuz esku lan egin zuten hainbat langilerekin egindako elkarrizketen bideo bat ere”. Museo bihurtutako paper fabrikara sartzean, garai bateko industria giroan murgiltzen da bisitaria, eta egun jada erabiltzen ez diren makina erraldoiek erakartzen dute begirada: metal urtua labetik lingotegietara eramateko erabiltzen zen galdaketa koilara handia; piezak kolpatzeko 36 tonako pisua duen Banning mailua; 1976ko forja manipulagailua; edota piezaren gainean presioa eginez funtzionatzen duen Schloemann prentsa hidraulikoa. Solairu berean daude, halaber, obrak eskala txikian egiteko artistak erabiltzen zuen burdinola txikia, burdinazko pieza handiak kiribiltzeko erabilitako kurrikak edota eskulturak egin aurretik probetarako erabiltzen zituzten burdinazko pieza kiribilduak.

Txillidak paperarekin izandako harremana azaltzen dute, berriz, goiko solairuan. “Margotzeaz gain, grabatuak ere landu zituen Txillidak, eta garrantzi handia izan zuten haren grabitazioek ere. Burdinazko obrengatik da ezaguna, baina papereko obra ere oso aberatsa da, eta museoa paper fabrika zahar batean dagoenez, bi gauzak elkarri lotuta agertzen dira”.

Bisita gidatuan —ezin baita Chillida Lantokia beste modu batera bisitatu— Condek berak ematen dizkie azalpenak bisitariei. “Txillidaren lehen urratsak artearen munduan, Patricio Etxeberria nola ezagutu zuen eta nola hasi zen elkarlana, nola egiten zituzten pieza handi horiek, Txillidaren eta langileen arteko gertuko harremana… Hamaika istorio eta jakingarri interesgarri ugari daude Txillidaren obren atzean, eta horrekin osatzen dugu bisita”.