Bidean, saltoka eta brinkoka

Bidean, saltoka eta brinkoka

Imanol Saiz

Babarrunak janez hasi zen Xalto eta Brinko pailazo lezoarren ibilbidea; 1999an, zehazki. Sudur gorri bat jantzita, pailazokeriatan hasi zen Brinkok. “Eta pailazo talde bat osatzen badugu?”, bota zuen orduan. Alboan zuen Xalto, eta baiezkoa eman zion hark. Ondoren sartu zuten Korri abentura berri hartan. Mikel Susperregi Xalto-ren hitzetan, helburu jakin batekin sortu zuten dena: “Euskara tresna nagusi gisa hartuta, Lezoko pertsonaiak eta istorioak herriko haurren artean zabaltzeko hasi ginen lanean”. Orduz geroztik, hemezortzi urtez aritu dira korrika eta saltoka Lezon bertan eta beste hainbat herritan, milaka haurren irribarrea eraginez. Bide horren guztiaren bilduma kaleratuko dute abenduan; euren historia islatuko dute urteotako ehunka istoriotan.

Haurren eta gazteen aisialdiko heziketan eskarmentua zuten hiru lezoar elkartu ziren taldea sortzeko. Leire Agirre ibiltzen da korrika, Mikel Susperregi saltoka, eta Jon Legorburu brinkoka. Beti ez dute izaten aukera hirurek batera ikuskizunetara joateko; batzuetan bai, baina beste batzuetan bi joaten dira, eta gutxi batzuetan Xalto izaten da guztien ordezkaria. “Izenak berak adierazten duen bezala, mugimendu handiko taldea da, eta deitzen ziguten leku guztietara joaten gara”, zehaztu du Susperregik. Hortik sortutakoa da korri, salto eta brinko hitzen jolasa, bitan pentsatu gabe korrika eta saltoka joaten direlako herri guztietara.

Trapujale izan zen sortu zuten lehen lana. Lezoko inauterietako pertsonaia herriko haurren artean gehiago ezagutaraztea zen erronka. Gerora, ehunka emanaldi eskaini dituzte Herriko olinpiadetan, Zabarre, Show berria prestatzen eta Artista bat naiz ni obrekin, Oiartzualdean bertan zein Euskal Herriko dozenaka herritan. “Balio positiboak transmititu nahi izan ditugu ikuskizun guztiekin: ahalegina, naturarekiko miresmena eta errespetua, laguntasuna…”, zehaztu du Xaltok.

Oholtza gaineko zuzenekoan haurrei ateratako irribarre horiek beste formatu batean lantzen hasi ziren orain hamabost urte, Ixerka! ipuin bilduma kaleratu zutenean. “Haurrei herriko eta inguruko pertsonaien, txokoen eta istorioen berri ematea izan da ipuinen helburu nagusia”, azaldu du Susperregik. Marrazki eta testuetara eraman nahi izan zituzten ikuskizunetan jorratutako gaiak, eta hala kaleratu zuten lehen ipuina: Xalto ta Brinko Trapujalerekin Jaizkibelen. “Marrazkiek haurrengan duten eragina ikusita, inguruko elementuekin euren irudimena edo fantasia mundua hornitzea bururatu zitzaigun”, zehaztu du lezoarrak. Lanketa hori “jarrera eta balio positibo eta eraikitzaileen adierazgarri” dela nabarmendu dute hirurek.

Taldearen istorioak islatzen dituzten beste bederatzi ipuin argitaratu dituzte ordutik, euskaraz guztiak, eta Mikel Casal ilustratzailearen marrazkiekin den-denak; Mikel Susperregirenak dira testuak. Besteak beste, Jaizkibel, Guadalupe eta Aiako Harriko txokoak izan dira ipuinen agertoki nagusiak, eta santakrutzak —Lezoko iraileko jaiak— nahiz Zabarre pirata —Lezoko maiatzeko jaietako pertsonaia— horietan murgiltzeko aitzakiak. Haurrei balio jakin batzuk helarazi nahi izan dizkiete ipuin horien bidez. Jaizkibel edo Aiako Harria agertzen diren istorioetan, esaterako, haurrek mendira joateko eraman beharrekoa eta naturarekin zentzuz jokatzeko portaerak azaltzen dituzte, hezigarri gisa.

Lezoarrek azaldu dutenez, hamar ipuinek sekulako arrakasta izan dute hamabost urteotan. Egun, agorturik daude denak, eta dozenaka dei jaso dituzte horiek beste behin kaleratzeko. 10.000 ipuin baino gehiago banatu dituzte jada Euskal Herri osoan. Ikuskizunekin eta ipuinekin gutxi balitz bezala, Kantari (2003) eta Dantzan (2012) diskoak kaleratzeko tartea ere izan du hirukoteak, ipuinetako zein ikuskizunetako gertakariei buruzko abestiekin osatutakoak.

Hamar ipuin, liburu bat

Lehen argitalpena egin zutenetik hamabost urtera, egitasmo berria dute orain esku artean. Liburu bakar batean bildu nahi izan dute orain arte egindakoa. Tapa gogorreko ale batean elkartu dituzte sortutako hamar ipuinak, Korri, Xalto ta Brinkoren abenturak izenburuarekin. Lezoko Udalaren, Lezo Herri Eskolaren, Pasaia-Lezo Lizeoaren eta herriko kultur eragileen laguntza eta babesa jaso dute proiektua gauzatu ahal izateko. Orain arte Korri, Xalto eta Brinkoren abenturen zale izan direnek “altxor gisa” gordetzeko diseinatu dute liburua. Gainera, haur txikiak dituzten familientzat “oso baliagarria” izango da Lezo eta bertako historia ezagutzeko, eta baita Lezoko ondarea zabaltzeko ere.

Liburuarekin batera —15 euroan erosi ahal izango da—, Kantari eta Dantzan diskoak oparituko dizkiete lehen ehun eskaerak egiten dituztenei. Susperregik jakinarazi duenez, abenduaren 18an kaleratuko dute liburu berria, Lezoko Gabonetako disko eta liburu azokan. Han ere izango dira Korri, Xalto eta Brinko, pailazokeriak egiteaz gain, liburuak sinatzen.

Lezon bertan astebetez izango da aukera pailazoen abenturen liburuxka erosteko. Hala nahi dutenei, hala ere, aurretik gordeko diete liburua, korrixaltotabrinko.com webgunera mezu bat bidalita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.