[Museora] Real100. Txuri-beltzetik txuri-urdinera

Eider Goenaga Lizaso

Realak museo bat merezi zuela sinetsita zeuden klubean aurretik ere, baina ideia ez zen gauzatu taldearen mendeurrenera arte. Iñaki Mendoza (Donostia, 1962) Real100 museoko arduradunaren arabera, “Realaren historia ezagutzen ez duten gazteek ezagutzea eta ezagutzen duten zale zaharragoek oroitzea” da helburua. Kluba, ofizialki, 1909ko irailaren 7an sortu zen; museoa 2009ko irailaren 7an inauguratu zuten.

Anoetako estadioko beheko aldean dago, baina 400 metro koadro hartzen dituen erakusketa laster aldatuko dute lekuz, estadioa eraberritzearen ondorioz. “Egungo museoa dagoen bezala ikusi nahi duenari etortzeko gonbidapena egin nahiko nioke, gero beste toki batean eta beste modu batean antolatuko baita erakusketa”. Toki aldaketa obren araberakoa izango dela aurreratu du Mendozak.

Klubak hainbat kirol eta talde biltzen dituen arren, museoan gizonezkoen futboleko lehen taldeak hartzen du zatirik handiena. “Kronologikoki antolatuta dago erakusketa, eta Realak jokatu duen hiru futbol zelaiek harilkatzen dute historia: Ondarreta [1909-1913], Atotxa [1913-1993] eta Anoeta [1993tik]”.

Mendozaren hitzetan, orduko prentsak esaten zuen Ondarretakoa izan zela futbolean jokatzeko berariaz eraikitako lehen zelaia. “Hala ere, lau urte bakarrik iraun zuen. Belle époque-aren atarian zeuden, Espainiako errege-erreginek eta nobleziak hemen pasatzen zuten uda, eta pentsatzen dut lur eremu horren balioaz ohartuko zirela; bestalde, futbola indarra hartzen ari zen, eta kokagune horrek ez zuen ematen zelaia handitzeko aukerarik”.

Atotxa izan zen, ordea, Realaren historia eta lorpen handienen kokalekua, eta zelai horri lotuta dago erakusketaren zatirik handiena ere. “Bitxikeria bezala kontatuko dizut Realak Donostiako txirrindulari klubaren izenarekin irabazi zuela bere lehenengo kopa, 1909ko ekainean, ez zutelako denborarik izan gobernu zibilean futbol talde gisa erregistratzeko. Bueno, bada, 1913an belodromoa zen Atotxa, eta txirrindulari taldea bota egin zuten Realak bertan joka zezan. Haserretu egin zitzaizkigun”. Julian Comet Gipuzkoako txirrindularitzaren sustatzaileak iragarpen bat egin zuen, orduan, haserre: Reala ez da inoiz txapeldun izango.

Hainbat urteren buruan, eta belodromoa izandako toki horretan bertan, 1980-1981eko eta 1981-1982ko Espainiako Ligak irabazi zituen Realak, Espainiako Superkopa 1982an, eta Espainiako Kopa 1987an. Kopa horiek guztiak museoan daude ikusgai, tituluei eskainitako atalean. “Gure historiako orri garrantzitsuenak idatzi genituen Atotxan, baina, noski, kopa horiek toki berezia merezi dute museoan”.

1993tik aurrera, Anoetako estadioan jada, Bigarren Mailan egindako hiru urteei, eta, batez ere, Lehen Mailara itzultzeari buruzko atalak hartzen du toki handiena; bertan, zati txiki batean, klubaren mendeurrenari ere egiten zaio erreferentzia. “Realak Europako txapelketetan izan duen parte hartzeari ere eskaintzen zaio toki bat”.

Zaleei eskainia

Zaleei eskainitakoa da museoaren beste zati garrantzitsuetako bat. “Malda bat da, eta 1910eko hamarkadako argazki handi bat dago maldaren beheko aldean; garai hartako zaleen argazki bat da. Aldapan gora zoazela, zaleen gero eta argazki gehiago daude horman, eta, bisitariak gorantz egiten duen bezala, zaleen babesa eta oihua ozenago nabaritzen da”. Realarekin lotutako bitxikeriek osatzen dute aldaparen amaierako zatia: “Kromoak daude, abonatuen txartelak, azukrearekin egindako armarri bat, Realeko jokalarien panpinak, egutegiak, hautsontziak eta, nola ez, Realak liga irabazi zuenean Gipuzkoako etxe gehienetan ezagutu genituen erretiluak ere bai”.

Klubeko beste taldeei eskainita dago museoko azken atala: “Reala futbolari esker da ezaguna nagusiki, baina futbola baino gehiago da: urpekoak, atletismoa, pilota, belar hockeya… Gizonezkoen taldeak zein emakumezkoenak agertzen dira museoaren zati horretan”.

Mendozak dioenez, “emozio, sentimendu eta bizipenekin” lotutako ibilbidea da Real100 museoaren bisita; eta bisitariak Reala sentitzen duen moduaren arabera, ordu laurden edo lau ordu iraun dezake bisitak.