50 urtez, kirola bultzatzen

50 urtez, kirola bultzatzen

Maialen Etxaniz

Mende erdia bete du aurten Zumaiako Kirol Elkarteak. Nahiz eta hastapenetan futbolean nahiz eskubaloian egin zituen aurreneko urratsak, urteotako ibilian pilota izan da elkartearen ardatza eta oinarria. Hurrengo asteko zapatuan, abenduaren 16an, ospatuko dute urtemuga, egitarau bete-betearekin.

Bada kirolerako zaletasunik Zumaian, eta horretan badute zerikusirik herriko kirol elkarteek. Ia denak garai bertsuan hasi ziren aurreneko urratsak egiten, 1967tik 1975era, Francoren diktaduraren azken urteetan, hain zuzen. 1967an sortu zen Club Deportivo Zumaia, gaur egun Zumaiako Kirol Elkartea dena. Eta ordurako, kirola herriratzen hasita ziren Zumaiako beste hainbat talde edo norbanako ere. Pulpo eskubaloi taldeak urteak zeramatzan hainbat kirol ekitaldi antolatzen; hondartzan plaieroak egiten zituzten; arraunean ere aritzen ziren herritar batzuk; pilota oso zabalduta zegoen; eta herri kiroletan ere aritzen ziren. Horrez gain, 1960ko hamarkadan bazen atletismo talde bat ere. Kirolerako zaletasunaren aurreneko garrak ordurako piztuta bazeuden ere, Zumaiako Kirol Elkartearekin sortu zen sua.

Garai hartan Zarautzen bazen kirol elkarte bat. Antolaketa txukuna zuten haiek, eta zumaiarrek inbidiaz begiratzen zieten. Izan ere, herrian zaletasuna zegoen arren, antolaketarik gabe aritzen ziren taldeak. Gainera, gaztetxoentzat ez zegoen ia eskaintzarik. Horren jakitun ziren Javier Carballo, Ignacio Letamendia eta Juan Mari Zearreta zumaiarrak, eta kirol elkarteko aurreneko zimenduak jartzeko lanean hasi ziren. Sasoi hartan, 60ko hamarkadan, Zumaian bazen kirol arloan nabarmentzen zen lagun talde bat, eta haietako bat zen Angel Aperribai. Carballok, Letamendiak eta Zearretak harengana jo zuten zuzenean. Sei bat lagun elkartu ziren aurreneko batzarrean, eta buruan zeukaten ideia gorpuzten hasi ziren. 25 lagun elkartu ziren bigarren bilkuran, eta orduantxe eratu zuten elkartearen lehen zuzendaritza batzordea. Gaur egun, Jexux Iribar da klubeko presidentea. 50 urteko ibilian, Iribarrek lau urte egin ditu kargu horretan, baina gertutik ezagutu du elkartearen ibilbidea. “Balorazio ona” egin du atzera begira jarrita.

Sortutako sua ez da itzali

Iribarrek berak azaldu du kluba gaur egun pilota elkarte gisa ezagun den arren, Zumaiako Kirol Elkarteak futbol arloari begira ekin ziola bideari: “1967an elkartea sortuta, futbol arloa antolatzen hasi ziren berehala. Urtebeteren buruan, beste kirol batzuei ere heldu zien taldeak, hala nola eskubaloiari, boxeoari eta halterofiliari. 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran ekin zioten pilotari, eta gaur egunera arte bizirik mantendu da”. Hainbat modalitatetan egin dute lan elkartean; aurrena, esku huska, pala motzean, larruzko paletan nahiz palan, eta, ondoren, zesta-puntan. Sonarik handiena zesta-puntan izan dutela onartu du Iribarrek, eta nabarmendu du elkarteko puntista askok jokatu dutela AEBetan. Horrez gain, Dinastia Etxabe txapelketaren garrantzia ere goratu du Iribarrek. 1971n antolatu zuten aurrenekoz, eta “sona handia izatera iritsi zen. Sasoi hartan, “jende asko” biltzen zen frontoian, “ikusmin handia sortzen baitzuen txapelketa horrek”.

Baina garai oparoak ez ezik, garai zailak ere igaro ditu kirol klubak. Izan ere, 2007an eraitsi egin zuten Odieta pilotalekua, eta azpiegitura falta sortu zuen horrek. “Nahiko egoera zailean igaro ditugu zortzi urte. Herriko frontoiaren faltan, auzoetako pilotalekuetara joan behar izaten zuten zaleek. Zumaian ez zen partidarik jokatzen; ez profesionalen artekoak, ezta gaztetxoenak ere. Horrek giroa hoztu egin zuen”. Hala ere, sua ez dela itzali azpimarratu du Iribarrek: iaz inauguratu zuten Aitzuri pilotalekua, eta ordutik “bizi-bizi” dago frontoia. “Pala eta eskua kontuan hartuta, 40 bat lizentzia ditugu guk, eta 200 bat lagun izaten dira guztira entrenatzen, horietako asko eta asko neska-mutil gaztetxoak”.

Badirudi pilotazaleen harrobia bermatuta dutela Zumaiako klubean, baina errealitate hori denborarekin aldatu egiten dela azaldu du Iribarrek. “Bakarkako kirola da pilota, eta horrek aldendu egiten ditu gaztetxoak. Adinean aurrera egin ahala beste kirol batzuetara egiten dute salto, taldekoak diren kiroletara; futbolera edo eskubaloira, kasu”. Dena den, uste du klubak baduela etorkizunik, eta lanerako prest daude. “Orain, frontoi berria du Zumaiak, Aitzuri, eta badago pilotarako zaletasuna. Txapelketak antolatzen jarraituko dugu eta Dinastia Etxaberi eutsiko diogu. Lanean jarraituko dugu”.

Urtemuga ospatzeko, hilaren 16an hainbat pilota partida jokatuko dute Aitzurin, eta bazkaria egingo dute gero 50 urte horietako oroitzapenak berritzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.