Meatzariei egindako aitortza

Meatzariei egindako aitortza

Erik Gartzia Egaña

Historikoki, abeltzaintza eta nekazaritza jarduerei lotuta egon izan da Oiartzun. Hala ere, udalerrian zama handia eduki izan du lehen sektoreari lotutako beste jarduera batek ere: meatzaritzak. Bi mila urtez ustiatu dituzte Arditurriko meatzeak, erromatarren garaian hasi eta 1984ra arte; urte hartan itxi zuten meatzea.

Industria ondareari daukan garrantzia emateko helburuarekin, hainbat egitasmo sortu dira industria garaiko gizartetik industria ondorengora igarotzeko trantsizio garaian. Arditurriko meategiei dagokienez, Interpretazio Zentroa dago bertan. Orain dela hamar urte ireki zuten, eta jadanik 130.000 lagun igaro dira garai bateko meatzeetatik. Meatzeak ikusteaz gain, XX. mende hasierako langileei buruzko erakusketa bat ere badago orain. Otsailaren 25era arte ikus daiteke.

Milaka langile igaro ziren bertatik Arditurriko erraien ustiaketak iraun zuen bi mila urteetan, baina XX. mende hasierakoak omendu nahi izan dituzte orain. Itsaso Aritzeta Interpretazio Zentroko kideak azaldu du zergatia: “Garai hartako argazkiak erosi ditugu, eta horregatik omendu ditugu XX. mende hasierako meatzariak. 1902 eta 1904ko argazkiak dira, baina bi urte horietan bakarrik ez gelditzeko egin nahi izan diegu omenaldia garai hartako meatzariei”. Aritzetak azaldu duenez, herritar baten deia jaso zuten webgune batean argazki batzuk salgai zeudela esanez; tartean, Arditurriko meategietako batzuk. Oiartzungo Udalak erosi egin zituen horren berri izan zuenean, eta, hain zuzen ere, argazki horiek osatzen dute erakusketa. Hala ere, Aritzetak argi utzi nahi izan du ikusgai daudenak ez direla originalak. “Kontua da oso txikiak zirela garai hartako argazkiak”. Oskar Zapirain argazkilari oiartzuarrak handitu ditu.

Erakusketa osatzeko elkarlanean aritu dira eskualdeko museoak. Hala, jantzietako bat utzi die, esaterako, Errenteriako Jantziaren Museoak, eta Kapitan Enea kaletik Arditurriko Interpretazio Zentrora bidaia egin duen jantziaren egokitasuna nabarmendu du Aritzetak: “Erakusketan ditugun argazkiekin alderatuta, jantziak oso antzekoak direla nabari da. Agian, ez meatzarien euren jantziak, ez zirelako hain dotore jantzita joaten, baina nagusien jantzien antzekoak ziren”.

Ez da izan kolaborazio bakarra. Arditurritik oso hurbil dago Luberri Ikasgune Geologikoa, eta hark ere egin du ekarpena: erakusketa txiki bat sortu dute garai hartan ustiatutako mineralekin eta beste hainbatekin. Luberritik metro gutxira dago Soinuenea, eta hark ere parte hartu du. Tobera emanaldia eskaini zuten erakusketa inauguratu zuten egunean, abenduaren 1ean; XX. mendearen hasieran inguru horietan oso instrumentu preziatua zen tobera. Txalapartaren antzeko instrumentua da, burdinazko palankekin osatutakoa.

Egun osoko ekitaldia egin zuten abenduaren 1ean, eta, besteak beste, Oiartzungo Udalean harrera egin zieten Arditurrin lanean aritu ziren azken meatzariei —bazkaria ere egin zuten—. Bi hitzaldi entzuteko aukera izan zuten: alde batetik, Carlos Olaetxea Gordailuako lehendakariarena, eta, bestetik, Guillermo Lainerena, Sadimeko koordinatzaile nagusiarena. Meatzaritza jardueren ondarea sustatzen duen elkartea da Sadim.

Elkarlana, “oinarrizkoa”

Eragile guztien arteko elkarlana goraipatu du Aritzetak. Gogoratu duenez, ezin izan dute kolaboraziorik egin gainontzeko museoekin: San Marko gotorlekuarekin, Mater ontzi museoarekin, Albaolarekin eta Victor Hugorekin. Azken finean, erakusketaren gaia ez zetorren bat museo horiek eskain zezaketenarekin. “Baina, tira, denen artean erakusketa osatzea izan da helburua”, zehaztu du Interpretazio Zentroko kideak. Elkarlan horren alde aberasgarriak defendatu ditu Aritzetak. “Duela urte batzuetatik, eskualdeko museo guztietan sartzeko bonuak eskaintzen ditugu, eta, lehia baino elkarlana garrantzitsuagoa dela ikusi dugu”.

Otsailaren 25ean Arditurriko bidea amaituta, erakusketa beste tokiren batera eramatea da antolatzaileen asmoa. Urtea amaitu aurretik, gaur eta bihar izango dira azken bi aukerak erakusketa ikusteko. Bihar, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Gabonetako oporraldiaren ondoren, urtarrilaren 7an irekiko dute berriz ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.