Kaleko eskolaratzea

Asier Imaz

Tolosako Kaleko Eskolak ateak zabaldu nahi ditu. Tolosako Gazte Asanbladako kideek 2017ko maiatzean okupatu zuten lokala. Orain, eragile eta norbanako gehiagori zabaldu nahi die: “Lokal honek funtzio politiko bat bete behar duela iruditzen zaigu. Mundua ikusteko gure era zabaltzeko tresna bezala ikusten dugu, baina tresna erabat irekia. Baliabide handirik ez duen eta mundu honekin gustura ez dagoen edozein eragile eta norbanakori egiten diogu deia, beraz”.

Gazte asanbladako kideak ziur daude “tresna horren” garrantziaz, uste dutelako “jende askorentzat bere jarduna aurrera ateratzeko izugarrizko aukera” dela.

Kaleko Eskola ez da gauetik goizera sortutako zerbait, ibilbide baten ondorioa baizik. Alde batetik, okupazioa bera dago, eta, bestetik, gazte belaunaldi desberdinen eskakizuna, orain arte gaztetxe baten figuran irudikatua. Urteetako borroka horren ondorioa da Kaleko Eskola, baina beste katebegi bat besterik ez da. Hau da, ez da ibilbidearen amaiera. “Tolosako Gazte Asanbladak ez du inoiz alde batera utzi gaztetxe bat lortzeko borroka”, diote gazte asanbladako kideek.

Azken urteetan hainbat ahalegin egin dituzte Tolosan gaztetxe bat lortzeko asmoz: Inpernu kaleko elizatik hasi eta Larremendi, Ezpala, Euskal Herri plazako lokala… Kultur etxean itxialdia ere egin zuten. “Horrek guztiak bere ondorioa ekarri zuen, baita motibazioa galtzea ere. Helburuak lortu nahi eta ezin horrek ekartzen duen motibazio galtzea. Pixka bat geratzeko eta barrura begiratzeko garaia zela ikusten genuen; ‘zer gara, zertarako gaude hemen eta zein da herriarekiko gure funtzioa’ galdetzeko garaia zen. Hausnarketa prozesu bat jarri genuen martxan”, kontatu dute asanbladako kideek.

Prozesu horren barruan Gazte Eguna antolatu zuten; hain justu, galdera horiei erantzuna emateko: “Hausnarketa prozesutik atera ziren ondorioekin txosten bat egin genuen. Bertan, gure jardueraren oinarria izango zena zegoen, bai teorikoki eta baita praktikoki ere. Eta puntu nagusi bat Tolosako gazteek beren ametsak eta proiektuak aurrera ateratzeko tresna edo espazio egoki baten beharra zen. Gaztetxe bat izan zitekeen, edo Kaleko Eskola. Hor kokatzen dugu lokalaren okupazioa”.

Gazte Egunaren ondoren, bi astera, Kale Nagusian dagoen lokala okupatu zuten gazte asanbladako kideek: “Hasiera batean poliziaren presentzia eta identifikazio batzuk egon baldin baziren ere, horretan geratu zen, eta nahiko sinplea izan zen dena. Oraindik noizean behin sumatzen da haien presentzia, baina ez da gehiegizkoa, eta oraingoz lasai gaude”.

Bertaratzeko deia

Zergatik okupatu? galderari zergatik ez okupatu?-rekin erantzuten diote Tolosako gazteek: “Guretzat okupazioa zilegizkoa den bide bat da. Toki piloa daude hutsak herrian. Gure ustez, gizarteko gaur egungo mekanismoek ez diete erantzuten gizakien benetako beharrei. Hutsune piloa daude, eta hutsune horiek kapitalaren mesedetan bukatzen dute. Okupazioa eskubide bezala ikusten dugu. Udalean gauzak eskatu izan ditugu, eta lortu ere bai, baina beste kasu askotan ez; tirabira asko edukita gainera. Bi bide horiek jorratzeko ez daukagu beldurrik”.

Kaleko Eskola gune liberatua da haientzat, eta bizimoduan eragiteko baliagarria izan daitekeena: “Sistema honetan nahiko lotuta bizi gara, korronteari jarraituz. Diruaren korrontea, merkatuena, erakundeena… Gazte bezala, geure burua garatzeko toki aske gisa sentitzen dugu Kaleko Eskola. Gure arteko harremanak aske izateko berme bezala. Eta, lehen esan dugun bezala, baita tresna gisa ere”.

Jakitun dira korrontearen aurka doazela, eta harro agertzen dira horretaz: “Aske sentitzeko modu bakarra hori da, korrontearen aurka joatea; baina baita kateak sentitzekoa ere. Sentsazio gazi-gozoak izaten dira. Baina aurka joate horretan zure borrokari zentzua aurkitzen diozu, eta zure borrokari zentzua ematean, zure bizitzari ere ematen diozu. Honetan gabiltzanoi horrek ematen diguna izugarrizkoa dela iruditzen zaigu. Eta horregatik zabaldu nahi ditugu ateak, eragile eta norbanakoak ere etor daitezen”.

Tolosa erdi-erdian batzarrak, hitzaldiak, proiekzioak edo beste hainbat jarduera elkarlanean aurrera ateratzeko tresna eraginkorra ikusten dutenez, Kaleko Eskolako kideek bertara joateko deialdi hori egin dute.

Kaleko Eskolara biltzeko, “ez da beharrezkoa okupazioarekin bat egitea; hau da, nahikoa da okupazioari legitimitatea ez kentzea”, diote gazte asanbladako kideek. “Horrekin esan nahi duguna da inongo egitura zurrunbilotan ez zarela sartzen eskola erabiltzeagatik. Alderantziz, erabilgarri izan daitekeen tresna bat aurki daiteke hemen”.

Bertan parte hartuko duten eragileen artean kudeatuko dute eskola. Tolosako Gazte Asanblada eragile bat gehiago izango da: “Barne antolaketari dagokionez, lokalari dagokion asanblada bat sortuko da, eragile desberdinetako jendearekin. Kaleko Eskolaren kudeaketa euren ardura izango da. Horrez gain, koordinazio lan bat ere egin beharko dute; deialdi edo ekitaldiek elkar ez oztopatzeko, esate baterako. Esan beharrik ez dago erabiltzaile bakoitzak bere giltza izango duela”.

Pixkanaka-pixkanaka martxa eman nahi diote Kaleko Eskolari. Hilabete gutxi igaro dira gunea “liberatu” zutenetik, eta orain zabalduko dute fase berria. Horretarako zabaldu dituzte ateak. Izan ere, jendearen artean zeresana piztu duen gunea da Kaleko Eskola: “Kanpotik begira ikusten ditugu herritarrak, baina kontua da oraindik ez dakitela oso ondo zer den. Horregatik eman dugu pauso hau, herriari zabaltzeko eta hemen zergatik gauden erakusteko”.