“Tximiniako dioxina isuriekin kezka daukagula berresten dugu”

“Tximiniako dioxina isuriekin kezka daukagula berresten dugu”

Unai Zubeldia

Kilometro erdia besterik ez dago Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren eta Lasarte-Oriako Landaberri ikastolaren artean. 500 metro. Bertako zenbait irakasle eta gurasok lanak hasi baino lehen adierazi zuten kezka, eta ordutik euren egoerak ez du hobera egin, maiatzaren 8an ekin baitzieten errauste planta eraikitzeko lanei. Ikastolako klaustroaren proposamena aintzat hartuta, organo gorenak bi eskutitz bidali dizkio jada Gema Gonzalez de Txabarri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkariari: 2016ko maiatzean lehenengoa, eta 2017ko otsailean bigarrena; iaz, hainbat irakaslek eta gurasok elkarretaratzea ere egin zuten Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren parean. Orain artean, ordea, ez dute jaso idatzizko inolako erantzunik.

“Erraustegiaren inguruan dugun kezka adierazi genion, eta osasun bermeen inguruko argibideak ere eskatu genizkion”. Hala jakinarazi dute eskutitz bidez Koro Martija eta Iñigo Aldabaldetreku Landaberri ikastolako langileek, 54 irakasleren izenean —72 irakasle dira guztira—. Gonzalez de Txabarriren erantzunen baten zain zeudela, joan den azaroaren 30ean telefono dei bat jaso zuten ikastolan; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzaren deia. “Ikastolan jarriak ditugun pankartak kentzeko agindu zigun”. Kezka; 500 metrora erraustegia; Arnastu dioxinak; eta Errausketarik? Ez, eskerrik asko. Birziklatzea bai leloak irakur daitezke ikastola atarian dauden pankarta horietan.

Irakasleek, galdeketa

Aurreko ikasturtean erraustegiari buruzko galdeketa egin zuten irakasleen artean. “Bi herenek parte hartu zuten, eta %84k adierazi zuten kezka handia sortzen diela erraustegia eraikitzeak”. Ez Hezkuntza Sailak eta ez Gonzalez de Txabarrik ez dutela euren eskaerarik aintzat hartu ikusita, ikastolako 54 irakaslek ohar bidez hausnarketa egin dute berriz ere. “Ikasleekin ohitura osasuntsuak eta garapen iraunkorraren kultura lantzen ditugun era berean, zaborren tratamenduaren kultura osasuntsu eta iraunkor berbera jorratzen dugu, zaborren murrizketa eta berrerabilera sustatuz”.

Hezkuntza Ikuskaritzak ikastolaren atarian jarrita dauzkaten pankartak kentzeko agindu badie ere, euren ikastolan pankarta eta horma irudiak “adierazpen jarduera gisa” ulertzen dituztela azpimarratu dute oharra sinatu duten irakasleek. “Eta, aldi berean, baita bizitasun eta askatasun adierazle gisa ere”. Bide horri helduta, “eta hausnarketan eta errespetuan oinarrituta”, arazo komunei irtenbide kolektiboak bilatzearen alde aritzen direla azpimarratu dute. “Eta gure kezka berresten dugu erraustegiaren tximiniak bota litzakeen dioxinen inguruan. Konfrontaziorik ez dugu nahi; ez dugu uste gure kezka adierazteak ondorio zigortzailerik izan beharko lukeenik”.

Euskararen eta euskal kulturaren egoeraz kezkatuta, guraso, gazte eta herritar talde batek 1966an sortutako proiektua da Landaberri ikastolarena. 40 ikaslerekin ekin zioten bideari, eta 940 dauzkate gaur egun. Haur Hezkuntza (0-5 urte), Lehen Hezkuntza (6-12 urte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-18 urte) eskaintzen dute egun Landaberrin. Haur eta Lehen Hezkuntzako 540 ikasle dauzkate Garaikoetxeko eraikinean, eta Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko beste 400 hipodromoaren ondoko eraikinean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.