“Ez dugu ezer artifiziala sortu behar jendea erakartzeko”

“Ez dugu ezer artifiziala sortu behar jendea erakartzeko”

Eider Goenaga Lizaso

Joan den astean aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak herriko turismo eskaintzari buruzko gogoeta prozesua, zeina herritarrekin batera egingo duten. Turismo eskaintza definitzea dute helburu, baina gogoetak, eskaintzari baino gehiago, ereduari eta filosofiari erreparatzen dio. Xabier Arregi alkateak (Zubieta, Usurbil, 1964) dioenez, Usurbilek “benetakotasuna” eskain diezaioke bisitariari.

Zergatik jarri duzue martxan gogoeta prozesu hau?

Udalak egina du gaiari buruzko lan bat, eta hor ikusi dugu Usurbilek badituela aukera eta gaitasuna turismo eskaintza bat egiteko. Batetik, kokaleku egokia daukagu: Donostiatik eta kostako beste hainbat herritatik gertu gaude. Bestetik, ikusi dugu baditugula erakargarriak izan daitezkeen hainbat balio turismo eskaintza ezberdin bat egiteko.

Orain, aurretik egindako lan hori gizarteratu eta herritarrekin egingo duzue gogoeta.

Bai, lan hori herritarrekin eta herriko eragileekin partekatuko dugu, elkarrekin eskaintza osatu bat egiteko. Bi xede ditugu: batetik, turismo eskaintza diseinatzea, eta, bestetik, ekintza plan bat osatu eta eskaintza horrek behar dituen baliabideak zehaztea.

Elkarrekin doaz turismo eskaintzari eta ereduari buruzko gogoetak?

Zalantzarik gabe. Orain arteko lanketa, batez ere, turismoa ulertzeko filosofia bati buruzkoa izan da. Guk ez dugu turismo eskaintza ohiko, arrunt eta betikoa egin nahi; ez dugu egin nahi nola edo hala jendea erakartzea bilatzen duen turismo mota hori. Gure ustez, turismoa interakzioa da, eta edozerk ez du balio jendea herrira erakartzeko. Beraz, ondorengoa da gure bidea: lehenik eta behin, ikusi herriak zer izaera duen, eta, gero, nortasun hori galdu gabe, zer eskain dezakeen.

Zer eskain dezake Usurbilek?

Bi ardatz planteatu ditugu guk: batetik, Usurbilek badu lotura bat euskal kulturarekin, artearekin eta sormenarekin. 1960ko hamarkadatik dator lotura hori: trantsizio bat gertatu zen bertako sortzaileen eskutik, gizarte tradizional batetik ikuskera modernoago batera. Trantsizio horretan izan ziren Alejandro Tapia, Jose Luis Zumeta, Joxean Artze… Loraldi moduko bat izan zen, eta tradiziotik kultura morderno-garaikiderako urratsa egin zen. Hor badugu altxor bat, eta gure eskaintzaren ardatzetako bat izatea nahi genuke: kultura, kultur sormena eta arte garaikidea… Iruditzen zaigu Usurbilek berezkoa duela hori, eta badela zerbait bereizgarria.

Kultura eta artearekin lotuta, baduzue ibilbide bat, ezta?

Harria Hitz izeneko ibilbidea, bai. Martxan jarri dugu esperientzia pilotu gisa, eta, orain arteko bisitekin, ohartu gara interesa pizten duela. Bidean ikusten dira herriko bertsolari bati egindako eskultura bat, Zumetaren frontoi atzeko muralak, beste artista batzuen lanak… Usurbilek berezkoak dituen eta oso modu naturalean sortu diren gauzak dira; beraz, ez dugu gure burua behartu beharrik, eta ez dugu ezer artifiziala sortu behar jendea erakartzeko. Nahikoa da daukagunari distira ateratzea, balioestea. Eta hori da gure filosofiaren ardatza, daukaguna erakustea, ezer behartu gabe. Benetakotasuna eskain dezake Usurbilek turismo eskaintza artifizialez betetako mundu batean, eta badago bisitari mota bat horrelako esperientzien bila ibiltzen dena.

Bi ardatz aipatu dituzu; bat kultura da, eta bestea?

Bigarren ardatzean guk esaten duguna da slow filosofia garatu nahi dugula, bisitariari esperientzia lasai eta pausatu bat eskaini nahi diogula; fast esperientziaren kontrakoa, kontsumitu eta bota filosofiaren kontrakoa. Etorri, egon lasai, gozatu, herritarrekin harremana izan… Eta, ildo horretan, Usurbilek badu ondare interesgarri bat, paisaiari, etnografiari eta arteari dagokionez. Oria ibaia ere hor dago, eta altxor izugarria da. Ibaiaren inguruan badaude giza jarduera oso interesgarriak: adibidez, angularen kultura… Sagarraren eta sagardoaren kultura ere badu Usurbilek. Badira bisitariari eskaintza atsegin bat egiteko osagaiak, eta, horrekin guztiarekin, eskaintza propio bat jarriko dugu mahai gainean.

Garrantzitsua dela uste duzue herritarrek bere sentitzea herriko turismo eskaintza?

Sekulako garrantzia ematen diogu horri. Guk ez dugu sinesten turismo liburuxka bat hartu eta hari segika, bertakoekin komunikaziorik izan gabe, egiten den turismo horretan. Herritarrrak turismo eskaintza hori bere sentitzen badu, errazagoa da interakzioa egotea, eta interakzio horretatik esperientzia bat jasoko dute bisitariek eta herritarrek. Gure ustez, herritarrek ez badute bere egiten, beti izango da eskaintza artifiziala.

Donostia gertu dagoela esan duzu, baina Usurbilentzat zer da halako jomuga turistiko bat hain gertu edukitzea: abantaila ala oztopoa?

Diskurtsoaren eta praktikaren artean sekulako arrakala dagoela uste dut. San Sebastian Region marka sortu zuten, eta esaten dute lurralde osorako marka dela, eta Donostiara datozenak lurralde osora zabaltzea dela asmoa. Baina, praktikan, esango nuke ez dela behar bezala garatzen Donostiako eta kostaldeko eskaintza turistikotik kanpokoa. Guk hor ikusten dugu badagoela osagarritasun bat: agian, Donostiara etortzen diren guztietatik bakan batzuek —eta, beharbada, ez dira hain gutxi ere— izango dute interesik hemengo kultura garaikidea eta kultur sormena ezagutzeko…

Leave a Reply

Your email address will not be published.