Neurria aldatu diote aurten

Unai Zubeldia

Bere neurrian, ona da lehia, baina inguru atsegina, gertutasuna, konfiantza, aisialdia… Hori guztia eskaini nahiko luke Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak”. Jokin Labaien Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideak azaldu duenez, “euskaraz bizitzeko, komunikatzeko eta ondo pasatzeko modu bat” da bertsoa. Eta erronka horri helduta, gaur hasiko da txapelketa, Zestoako Lau Iturri elkartean jokatuko duten bat-batekoaren lehen kanporaketan. Apirilaren 20an amaituko da, Deban, Lasturko Arruan Haundi baserrian jokatuko duten finalean. Bat-batekoaz gain, idatzizko lehiaketa ere izango du eskolartekoak. Martxoaren 6an izango da lehen saioa, Lezoko Gezala auditoriumean, eta martxoaren 16an azkena, Orioko ikastolan.

Bat-batekoa eta idatzizkoa, bi hari mutur horiek izango ditu Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak. “Eta bietan daude berritasunak”. Afari giroko bost kanporaketa izango dira bat-batekoan: Zestoan, Oñatin, Orion, Ereñotzun eta Anoetan —sarrerak salgai daude jada www.bertsozale.eus webgunean—. Eta mahaiaren bueltan jokatuko dute final handia ere —20:00ak aldera hasiko dira afaltzen, eta 21:15 aldera ekingo diote finalari—. “Bertso Eskolen Egunean jokatzen zen lehen finala, eta areto handietara eramaten zen. Baina, aurten, 14-18 urte arteko gazte horiek izan dezaketen publiko motara gerturatu nahi izan dugu finala”.

Gazte horientzat ezaguna da Lasturko Arruan Haundi baserria, “azken bizpahiru urteotan egonaldia egin izan dutelako bertan”. Bi egitasmoak batuta, ostiralean hasiko da egonaldia. “Afaria egingo dugu lehenengo, eta ondoren jokatuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala”. Kanporaketetan ez bezala, apirilaren 20an oholtza txiki bat edukiko dute finalistek. “Baina leku ezagunean, neurri egokian, eta euren adineko gazteak begira dituztela”. Behin finala jokatuta, urtero bezala egonaldia egingo dute Arruan Haundi baserrian.

Idatzizko lehiaketari dagokionez, ostiraletan egin izan dute orain artean, Gipuzkoako ikastetxe eta bertso eskoletako gazteak egun jakin batean leku jakin batean bilduta. “Eta ostiral arratsaldeetan izan beharrean, ostiraletan baina ohiko eskola orduetan egingo dugu aurten”. Gaia eman eta bertsoak sortu beharko dituzte gazteek, eta saio didaktikoa izango dute ondoren. “Leku eta ordu jakin batean bertsoak egitera mugatu gabe, bertso giroa sortzea da helburua”.

Sari banaketan ere aldaketak izango dira aurten. “Gipuzkoako bertso sortarik onenak aukeratzen genituen lehen, baina sari banaketak eskualdeka egingo ditugu aurten”. Sari gehiago izango dira, ondorioz. “Eta ezaugarri horrek gazteak motibatzeko balioko duela uste dugu”. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara artekoek parte hartu ahal izango dute idatzizkoan, 8 urtetik 18ra artekoek.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak urtero elkarlanean antolatzen dute Eskolarteko Txapelketa, eta, alde horretatik, eskolaz eskolako parte hartzea izango du idatzizkoak. 27 bertsolarik parte hartuko dute, berriz, bat-batekoan, Oihana Arana iazko txapelduna tartean dela. 18 urte beteta, Jokin Irastorza iazko txapeldunordea aurten jada ez da izango lehian. Helduleku asko dauzka bertsoak. “Ez bat-bateko formatua bakarrik”. Labaienek azpimarratu duenez, norberak erabakitzen du bertsoaren munduan gehiago edo gutxiago murgildu nahi duen. “Bideari ekinda, bertso eskoletara joaten dira gero batzuk, bat-batean hasten dira beste hainbat, gai jartzaile edo epaile gisa probatu nahi izaten dute beste batzuek… Eta zale, antolatzaile edo dena delako bihurtzen dira beste asko eta asko”.

Gazteak trebatzeko bidea

Adibide gisa, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa amaitu ondoren, deialdia egin zuten gai jartzaile gisa trebatzeko. “Eta 11 gaztek eman zuten izena. Dagoeneko lanean ari gara gazte horiekin, eta horiek ere lagunduko digute aurtengo eskolartekorako gaiak sortzen”. Aholkuak ematen hasita, Labaienek argi dauka nagusia: “Ondo pasatzea, baina barneratzea mundua ez dela bertan amaituko. Euskararekin ondo pasatzea, bertsoarekin ondo pasatzea, komunikatzeko modu desberdinekin ondo pasatzea…”.