Iñigo Gutierrez: “Europak gorpuak kontatzen ditu, ez hildakoak”

Iñigo Gutierrez: “Europak gorpuak kontatzen ditu, ez hildakoak”

Eider Goenaga Lizaso

Begiak busti zaizkio Iñigo Gutierrez Itsas Laguntza Humanitarioa taldeko boluntarioari (Donostia, 1964), Mediterraneoan salbatutakoez hitz egitean. Bere burua ez du heroitzat hartzen: “Ez, halakoetan lotsa sentitzen dut, gu ere bagarelako erantzule”. Amnesty International (AI), Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Itsas Laguntza Humanitarioa taldeek hitzaldi bat antolatu zuten herenegun, Libiako atxikitze zentroei buruz; hitzaldian parte hartu zuen Gutierrezek, AIko Alfonso Lopez Borgoñozekin batera.

Udazkenean izan zinen Libiako itsasoan. Nola daude han?

Maydayterraneo proiektuaren lehen misioan egon nintzen, irail-urrietan. Izugarria zen. Mugimendu handia dago itsaso horretan; 400 pertsona hil dira aurten. Eta aurkitutako gorpuak soilik dira horiek; Europak gorpuak kontatzen baititu, ez hildakoak. Desagertuak kontatuz gero, hirukoiztu egin daitezke kopuruak.

Nolakoa da egun bat itsasoan?

Kontrolik gabe dago Libia, ezin jakin zenbat ontzi ateratzen diren. Ni egon nintzenean, adibidez, hiru ontzi salbatu genituen egun bakarrean: 325 lagun. Tentsioa izugarria da. Abisua jaso eta txalupa azkarra bidaltzen dugu lehenik, salbamendu txalekoekin eta abarrekin; norbait uretara erortzen bada, gehienez hiru minutuz iraun dezake bizirik, eta jendea hiltzea esan nahi du atzeratzeak.

Aurrez bost aldiz egon zara Kiosen, Grezian. Alde handia dago?

Kios infernua iruditu zitzaigun, baina, hau ezagututa, ohartzen zara infernua Libian dagoela. Kiosen Turkiako kostaldea ikusten duzu, eta bilaketa eremua nahiko mugatuta dago. Libian, itsaso zabalera irteten dira ontziak, eta askoz ere zailagoa da ontziak lokalizatzea.

Bidaia luzeagoa eta arriskutsuagoa da, beraz?

Bai. Mafiek amarruekin lortzen dute jendea ontziratzea. Libiako kostaldetik petrolio findegiak ikusten dira, eta esaten diete haien argia Europa dela, iristea erraza dela. Gauez irteten dira, eta, eguna argitzean, ura baino ez dute inguruan; itsasontzirik ere ez dago, handik ibiltzen ziren ontziek ibilbide alternatiboak hautatzen baitituzte, errefuxiatuz betetako ontziak saihesteko.

Libiatik irteten diren ontziek badute aukera Europara iristeko?

Mirariak beti gerta daitezke, baina, irten diren milaka ontzietatik, zenbat iritsiko ziren: lau, bost? Batetik, oso motor txikiak dituzte 200 lagun garraiatzeko; bestetik, ontzia gidatzen dutenek ez dute esperientziarik. Ia ezinezkoa da.

Arazoak dituzue kostazainekin.

Kostazain deitzea ere… Ametrailadoreekin armatutako ontziak dira, uniformedunez beteak. Nire misioan, abordatu egin gintuzten, eta salbatutako jendea itzultzea nahi zuten. Europak dio erreskaterako trebatu dituela Libiako kostazainak; milioika euro xahutu ditu horretarako. Baina erreskatea saihestea dute helburu, argi eta garbi; bestela, zertarako armak? Inoiz ez dut ikusi salbamenturako txalupa armatu bat.

Libiako atxikitze zentroen egoera salatu duzue hitzaldian. Zer ikusi duzue han?

Zentroei buruzko txosten bat aurkeztu du AIk, eta bertatik bertara ikusitakoaren berri eman dugu guk. Beldurgarria da. Erreskatatzen ditugun emakumeak zonbiak dira, kanpotik bizirik eta barrutik hilda. Etengabe bortxatzen dituzte, goiz, arratsalde eta gau, egunero-egunero. Bestetik, erreskatatu genuen mutiko batek kontatu zigun bezperan haren anaia hil zutela, ezin zuelako ontziraino oinez iritsi. Gainera, kontatzen dute genozidiorik handiena Libiako basamortuan ari dela gertatzen, milaka hiltzen direla han, gorpuen gainetik egin behar dela bidea.

Nazien kontzentrazio esparruekin alderatuko zenituzke?

Okerragoak dira. Naziak antolatuta zeuden; Libia kontrolik gabe dago. Gune bat kartzela izan daiteke, baina baita ganadutarako erabiltzen den esparru hesitu bat ere. Helburua da jendea kontrolatuta edukitzea. Oso argazki gutxi iristen dira Libiatik, baina hanketatik zintzilikatutako jendearen irudiak ikusi ditugu; ehunka pertsona zutik, pilatuta, tokirik gabe… Orain, Libian dago infernua. Zigorrarekin jotako jendea iritsi zaigu guri, balaz zauritutakoak, etengabe bortxatutako emakumeak…

Eta, ihes egin nahian, erraz amaitzen dute mafien esku.

Oraintxe bertan, droga trafikoa baino errentagarriagoa da pertsonen trafikoa: jendeak edozer ordaintzen du ontziratzeko. Giza trafikoa industria handi bat da, eta ez pentsa Nigeria, Etiopia edo Libiako mafiak direnik dirua ateratzen dutenak: Europan jende asko ari da aberasten. Eta mugen kontrola da negozioaren beste aurpegia; Europak 17.000 milioi euro inbertitu ditu horretarako, eta jende asko eta enpresa asko ari dira aberasten. Jende askori interesatzen zaio guztiak berdin jarraitzea.

Noren esku daude zentroak?

Berez, badago ofizialki Europaren ordezkaritza duen milizia bat, baina beste bi milizia ere badaude, eta baita Estatu Islamikoa ere. Iristen diren tokiaren eta hura kontrolatzen duenaren araberakoa da errefuxiatuen etorkizuna. Bizitzak ez du ezer balio. Esklabo saltzen dituzte, edo bahitzen, eta gero erreskatea kobratzen. Izan dira hondartzan edo itsasoan exekutatutako errefuxiatuak; lehenik dirua kobratu, gero denak hil, gorpuak itsasora bota, eta ontzia berreskuratu berriro jendez betetzeko. Oso larria da egoera, eta bizi nahi izatea da haien delitu bakarra. Galdera da: zer egin dezakegu guk haien alde?

Leave a Reply

Your email address will not be published.