Elkarlanerako mugarria

Elkarlanerako mugarria

Maialen Etxaniz

Hastear daude Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak. Gaur, Beasainen elkartuko dira Gipuzkoako hainbat txokotatik bertaratutako gazteak, eta han igaroko dute asteburua. Gaztetxeen funtzionamenduaz eta antolakuntzaz ariko dira hizketan topaketetan, elkarren berri izan eta hausnarketak trukatzeko xedearekin. Era berean, atzerriko eta Euskal Herriko hainbat proiektu ezagutuko dituzte bertaratzen diren gazteek. Antolatzaileen nahia da topaketa horiek Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladen elkarlanerako “mugarri” izatea. Antolaketa lanetan aritu diren gazteetako hiru dira Ortzi Alberdi (Zestoa, 1995), Erik Aznal (Azpeitia, 1993) eta Eider Agirre (Azpeitia, 1996).

Aznalek azaldu duenez, Iruñean egin zituzten Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak dira Gipuzkoakoen abiapuntu: “Bertan ondorioztatu zuten herrialde bakoitzean barne koordinazioa lantzeko beharra zegoela, gaztetxeak eta gazte asanbladak harremanetan jarri eta elkarren berri izateko espazio bat sortzea helburu hartuta”. Iruñeko topaketen ostean, hainbat bilera antolatu zuten Gipuzkoan, eta handik sortu zen jardunaldiak egiteko asmoa. Iazko azaroan hasi ziren topaketak buruan hartuta lehenengo bilerak egiten, eta Gipuzkoako hainbat herritako gazteak aritu dira antolaketa lanetan, hala nola Urretxu-Zumarraga, Beasain, Azpeitia, Zestoa, Zumaia eta Zarauzko gazteak.

“Argi daukagu sistema kapitalistari organismo gisa kontra egiteko espazioak direla gaztetxeak eta gazte asanbladak, eta bide horretan beharrezkoa izango dela hausnarketa batzuk elkarrekin egitea eta martxan diren ereduak aztertzea”, azaldu du Agirrek. Hori dela eta, Euskal Herrian zein nazioartean martxan diren hainbat proiektu “erdigunera” eraman nahi izan dituzte topaketen antolatzaileek, uste dutelako gaztetxeetan “orokorrak diren kezkak eta erronkak gainditzeko gakoak” aurki daitezkeela proiektu horietan. “Gaztetxe eta gazte asanbladok aurkitzen ditugun oztopoak indibidualki gainditu beharrean, elkar ahaldundu eta elkarren esperientziatik elikatzea aberasgarria dela uste dugu”, azpimarratu du Aznalek. Era berean, harreman sarea osatzea gaztetxeen eta gazte asanbladen lana “eraginkor bihurtzeko” bidea ere badela uste dute.

Elkarren errealitateak ezagutzeko, mahai inguruak eta hitzaldiak egingo dituzte topaketek irauten duten bitartean. Gaur arratsaldeko saioan “sistemari buruzko analisia” egingo dute. “Helburua da sistema kapitalistak egunerokotasunean dituen adierazpideak detektatzea eta proiektuek horren aurrean dituzten indarguneak eta oztopoak ezagutzea”. Larunbatean, berriz, herrietan garatu dituzten esperientziak ezagutu eta “botere propioez” eztabaidatuko dute topaketetara bertaratzen diren gazteek. “Botere propioez ari garenean, etxebizitzaz, komunikazioaz, kontrakulturaz, langileen autodefentsa sareaz, genero auziaz eta ekoizpen bitartekoez ari gara hizketan”, azaldu du Alberdik. Antolatzaileen hitzetan, herrietan garatu diren proiektuak mahai gainean jarri eta gaztetxeetan artikulatzen diren botere propioen azterketa egitea, hori da topaketen erronka. “Baina baita egitasmo horiek garatu nahi dituzten gaztetxe edo asanbladei horretarako tresnak ematea ere”. Gaztetxeen eta asanbladen antolakuntza ereduaz ere hausnartuko dute Beasainen. “Argi daukagu gure funtzioak bete behar ditugula, eta, horren jakitun, antolakuntza eredu eraginkorraren peskizan gabiltza”, hausnartu dute topaketen antolatzaileek.

Urduri, baina gogotsu

Topaketen antolakuntzan hainbat herritako gaztetxeak eta gazte asanbladak aritu badira ere, ez dute lortu herri guztietara iristerik. Hala ere, uste dute “ordezkaritza sendo eta adierazgarria” aritu dela topaketak antolatzen. Beasaingo gaztetxeko kideak dira Gorka Irizar (Beasain, 1994) eta Iker Ugarte (Beasain, 1979). Azaroan hartu zuten topaketetako antolakuntzaren lekukoa, eta orduz geroztik lanean aritu dira beste hainbat goierritarrekin batera.

Prozesua “gorabeheratsua” izan dela azaldu du Ugartek: “Udalak ez dizkigu utzi behar ditugun azpiegiturak, eta gorabeherak sortu dizkigu horrek. Hala ere, auzolanean egin diogu aurre egoerari, eta ahalik eta ondoen egokitu ditugu gaztetxea eta ingurua”. Topaketen atarian, “gogotsu” dago Irizar: “Urduri gauden arren, gogotsu gaude Gipuzkoako hainbat txokotako gazteak ezagutzeko, topaketetan murgiltzeko eta martxan diren borroka dinamikak elkarrekin ezagutzeko”. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 250-300 lagun inguru elkartuko dira Beasainen, eta dena prest dute jada: “Badirudi eguraldiak bakarrik zipriztinduko dituela topaketak. Gozatu eta ikas dezagun elkarrengandik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.