‘Zergatik ez?’ esatearen arriskua

‘Zergatik ez?’ esatearen arriskua

Unai Zubeldia

Erokeria zela pentsatu nuen hasieran”. Zintzo aitortu du Ainhoa Pozo Lizaso oriotarrak. “Baina, ‘zergatik ez?’ pentsatu genuen gero”. Ia oharkabean, Bilbora arteko bidea egin du, jada, galdera horrek. Izan ere, ospakizun gisa “gauza bereziren bat” egiteko grina sortu zitzaion 40 urte betetzear den Orioko emakume talde bati. Ez New Yorkera bidaiarik, ez sagardotegian bazkaririk, eta ezta luxuzko hotelen batean astebururik ere. “Gehienak oriotarrak izanda, arraunarekin lotura zeukan zer edo zer egin genezakeela pentsatu genuen”.

Eta bilera eta mezu artean, Oriotik Bilborako joan-etorri bihurtu da 2017ko maiatzean “zergatik ez?” galdera hutsa zena. Itsasoaren baldintzek eta eguraldiak hainbestean laguntzen badute, behintzat, datorren uztailaren 12tik 15era helduko diote erronkari. “Eta, egun horietan itsaso zakarra izanez gero, astebete atzeratuko genuke erronka, uztailaren 19ra arte. Ostegunean hasi eta igandean amaitzea da helburua”. 32 emakume izaki eta traineruan hamahirurentzako lekua egonik —entrenatzaileetako bat izango da patroia—, txandan-txandan egingo dute bidea. Oriotik abiatuta, ondo bidean bigarren etapan iritsiko dira Bilbora —udalean harrera txiki bat egingo diete ziurrenik—. Bueltako lanean murgilduta, berriz, arraunlari guztiek bi trainerutan sartuta egingo dute Getariatik Oriora arteko azken zatia, “arraunean gehienek, eta traineruan nolabait sartuta gainerakoek”. Uztailaren 15ean Bisigu Egunarekin bat egingo du erronkak, eta jai giro ederra izango da herrian.

Ia urtebete atzera egin du Pozok erronkaren bilakaera azaltzeko. “Arraunean ikasi nahi genuela esanez joan ginen Orioko Arraun Klubera”. Eta alderik alde ireki zieten atea —udaletxean ere aurkeztu zuten asmoa, eta babeslea lortu berri dute: Bidelan—. “Baina arraunean ikaste horrek ondoan erronkaren bat behar zuela erantzun ziguten”. Bi baldintza jarri zizkieten klubean: 25 laguneko taldea osatzea eta Oriotik Bilbora arraunean joateko erronkari baietz esatea —abentura gerora bihurtu zen joan-etorrikoa—. Hura izan zen lehenengo hordagoa, eta, kikiltzeko asmorik gabe, pausoa ematea erabaki zuen taldeak.

Josi Roig Orion bizi den kataluniarra aritu zen proiektuaren patroi lanetan. “Whatsappak bidaltzen hasi zen 40 urteren bueltan genbiltzan herriko emakume guztiei”. Eta 42-43 agertu ziren uztaileko bilerara. “Galdera asko geneuzkan buruan, beldur asko; konpromiso handia eskatzen zuen erronkak, eta zalantzaz beteta geunden”. Urriaren 12ra arteko epea zehaztu zuten erronkan parte hartu nahi zutenek izena emateko, eta 32ko taldea osatu zuten azkenean. “Nire ama tartean”, zehaztu du Pozok. 35 urte ditu gazteenak, eta 59 helduenak.

Trainerua, aldagelak, arropa, entrenatzeko lekua, prestatzaileak… “Gauza asko lotu beharra geneuzkala jabetu ginen, baina laguntza handia eman digute denek; Orioko Arraun Klubak, udalak, herritarrek…”. Erronkan parte hartuko duten emakumeetako lauk osatu dute zuzendaritza taldea, proiektuaren arlo guztiak kudeatzeko: “Komunikazioa, arlo ekonomikoa, administrazioa, motibazioa…”. Horrez gain, bost entrenatzaile ere badauzkate. Prestatzaile fisiko bat, Imanol Arruti, eta beste lau laguntzaile. “Ikaragarria da gure alde egiten ari diren guztia. Guk guregatik heldu diogu erronka honi, baina eurak guregatik ari dira orduak sartu eta sartu”.

Prestatzailearen erronka

Entrenamenduak asteburuetan egingo zituztela adostu zuten hasiera hartan, baina Imanol Arruti prestatzailearekin harremanetan jarri zirenean aldatu ziren kontuak, 2017ko urrian. “Proiektua askorik finkatu gabe zeukaten artean, baina argi zeukaten erronkaren bati helduko ziotela udan, eta lanean hasi beharra zeukatela”. Arrutik aitortu du “oso ideia ausarta” iruditu zitzaiola lehen kolpean. “Baina ez nekien arraunean ibilitakoak ziren, ez ziren… Oso kirol gogorra da arrauna, gorputz atal askotan izaten da minen bat, itsasoaren baldintzak ere hor daude, ia egunero entrenatu beharra dago… ‘Benetan ba al dakite non sartzen ari diren?’, pentsatu nuen neurekiko”.

Erronka da 32 emakume horientzat. “Baina baita niretzat ere”, aitortu du prestatzaile fisikoak. Bakoitzaren kirol ibilbidea eta errealitatea taldearen prestaketara bideratzea, horixe izan da lanik zailena Arrutirentzat. “Oso talde heterogeneoa da, adin tartetik hasita, eta guztiei ezin nien eman kafesnerik. Argi neukan batzuei kafesnea eman beharko niela, beste batzuei ebakia; kafe hutsa beste hainbati, azukrearekin, batere azukrerik gabe… Planifikazioa, hori izan da nire erronka nagusia”. Prestatzaileak inkesta txiki bat sortu zuen hasieran, “bakoitza hobeto ezagutzeko”, eta froga txiki batzuk ere egin zizkien gero, “indar fisikoaren emaitzak ikusteko”.

Behin taldea osatuta eta bakoitzaren informazio zehatza lortuta, Arrutik entrenamendu taula batzuk pasatzen dizkie hilero arraunlariei, astean zehar egin beharreko ariketa guztiak zehatz azalduta. “Gu geu ere nabaritzen ari gara gero eta sasoi hobean gaudela”, aitortu du Pozok. “Inork minik ez hartzea”, hasiera-hasieratik horixe izan da prestatzaile fisikoaren helburu nagusia. “Asko arduratu nau kontu horrek, eta oraindik ere arduratzen nau. Horregatik, oso-oso poliki hasi ginen lanean, oinarrizko gauzak eginez, eta lan karga handituz joan gara pixkanaka-pixkanaka”.

Pozorentzat gogorregia ere ez zen izan hasiera, urrutira joan gabe 2010ean egin zuelako arraun, “Oriok trainerua uretaratu zuen lehen urtean”. Erronkan parte hartuko duten beste bizpahiru emakume ere arraun eginda daudela jakinarazi du oriotarrak. “Baina arraunean ibili gabeak dira gehienak, eta inoiz kirolik egin gabeak beste asko. Umeak eduki ditugu batzuek, gainera, eta berriz ere fisikoki ondo sentitzeko aukera izan da hau. Norberaren erronka txiki asko daude erronka nagusiaren atzean”.

Hain zuzen ere, horixe bera proposatu zuen Arrutik ere, hilabete askoko prestaketa izanik, gertuagoko helburuak zehaztea. Zarauzko Bikoteen Herri Krosean parte hartu zuten abenduaren 3an. “Batzuk bost kilometro segidan korrika egin gabe zeuden ordura arte, eta 7,5 kilometro ingurukoa da kros hori. Nahikoa erronka bazen batzuentzat”.

Lehen pausoa emanda, Orioko Traineru Jaitsiera izan zen hurrengo erronka, otsailaren 17an. “93 traineruk parte hartu zuten, eta, jaitsiera bera egiteaz gain, euren burua testuinguru horretan ikustea zen helburua; herri guztia begira zegoela ontzia bizkar gainean hartzea, lehiatzen ari zirenekiko errespetuz jokatzea, ontzien artetik igarotzea, beldurrak uxatzea…”. Balekoa izan zen test hori ere, eta martxoaren 4an Lilatoian eman zuten orain arteko azken pauso sendoa. “Emakumeen erronka izanik, polita izan zen Donostiako lasterketa horretan parte hartzea”. Prestaketa ematen ari den fruituen erakusgarri, goizean Lilatoian parte hartu eta entrenamendua egin zuten arratsaldean. “Urrian bost kilometro jarraian korrika egiteko gai ez ziren batzuk, eta, lau hilabete geroago, bost kilometro egin zituzten goizez, eta entrenamendua arratsaldez”.

Lehen hilabeteetan Txiki traineru mitikoarekin aritu dira entrenatzen, txandan-txandan, eta Eusko Jaurlaritzak Tknika trainerua euren esku utzi zuen joan den astean. Teknika eta arlo fisikoa, bi muturrak tentuz zaintzen ari dira azken hilabeteotan, Arrutik zehaztu duenez, uztailaren 12tik 15era ontziak, egunero, “bospasei ordu” egin beharko dituelako uretan. “Hala ere, arraunlari bakoitzak, gehienez, bi orduz arraun egingo duela kalkulatu dugu”.

Xehetasun asko lotzeko

Lotarako tokiak lotu, otorduetarako lekuak zehaztu, traineruak gordetzeko biltokiren bat aurkitu… Gauza asko daude lotu beharra horrelako erronka bati aurre egiteko. “Eta beste arraun klub batzuekin hizketan ari gara guztia behar bezala lotu ahal izateko”, zehaztu du Arrutik. “Harreman ona daukagu inguru horretako klub askorekin, eta aukera bat baino gehiago daukagu. Trainerua gordetzeko lekua behar dugu, gimnasioan edo klubaren beste guneren batean lo egin ahal izango dugu, agian…”.

Oriotik Bilbora eta Bilbotik Oriora, olatuak ez dituzte izango alde edo kontra, norabidearen arabera zehar-zehar sartuko zaizkie askotan. “Eta olatu hori ez da izaten samurrena arraunerako, baina, goizean goiz abiatuta, haizea bare antzean egoten da normalean, eta ez dugu uste hainbesteko eraginik izango duenik”.

Argi daukate lan egiteko momentua izango dela goiz partea eta arratsaldeko lehen zatia. “Eta tentsio pixka bat izango da tarteka, ziur”. Arratsalde-gau partea, berriz, atseden hartzeko, bueltatxo bat emateko, herriak ezagutzeko eta taldean egoteko baliatuko dituzte. Erronkari ekiteko hiru hilabete eta erdi falta diren arren, tentsioa eta irrika berezia nabari zaie arraunlariari eta prestatzaileari. 40 urteren jiran horrelako erronka bati helduta, oriotarrek zer ez ote dute egingo 65eko langara iristean… “Auskalo! Badaezpada ere, hobeto ez pentsatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.