Arropa saltzaileak, gustura

A. Arzallus

Arropa denden jabeek eguraldi txarra nahi izaten dute neguaren hasieran, berokiak eta jertseak errazago saltzen dituztelako. “Alde horretatik, oso denboraldi ona izan da”, adierazi du Ixiar Sanchez Tolosako Mihise emakumeentzako arropa dendaren arduradunak. “Lau denda ditugu guk; hiru Donostian eta bat Tolosan, eta oso ondo saldu dugu denetan; ez gaude kexatzeko moduan”.

Sanchezek kontatu du neguko merkealdian ia hutsik geratu zitzaiela denda. “Denboraldiaren bukaeran outlet-a egiten dugu herrian, geratu zaigun arropa guztia dendaren kanpoaldera aterata, baina ordurako ez geneukan eskaintzeko ia ezer”.

Behin neguko merkealdia bukatuta, komeni izaten zaie eguraldia hobetzen hastea, udaberriko eta udako arropa ondo saltzen hasteko. “Egia da aurtengo neguan euri asko egin duela eta horrelako eguraldiarekin jendeari gehiago kostatzen zaiola udaberriko eta udako arropa probatzen hastea, baina, hala ere, ez gaude kexatzeko moduan, nahiko ondo ari garelako saltzen”.

Sanchezen esanetan, lasaiak izan dira Aste Santuko egunak, baina, gainerakoan, badabil jendea herriko dendetan. “Antzematen da asko kanpora joan direla, jende gutxiago dabilelako kalean. Dena dela, turistaren batzuk ibili dira herrian eta haietakoren batzuk ere sartu dira dendara; atentzioa eman die gure arropak”.

Gainontzean, Sanchezek azaldu du betiko bezeroak direla Mihisera joaten direnetako asko, bezero finkoak. “Gurera etortzeko joera dutenek badakite gustatzen zaiena momentuan erostea izaten dela onena, erosketak gerorako lagatzen badituzte ezer gabe geratzeko arriskua dutelako. Eta, normalean, halaxe egiten dute: gustatu ahala erosi”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.