Zelaiak berde, baratzeak gorri

Aitziber Arzallus

Azken 30 urteotako negurik bustiena izan da aurtengoa. Ia aterrunerik gabeko hiru hilabete luze. Gipuzkoan, batez beste, metro koadroko 681 litro bota ditu, garai horretan ohi duenaren ia bikoitza —metro koadroko 384 litro da batezbestekoa—. Eta otsaila izan da guztietan hilabeterik txarrena, euritsua ez ezik, hotza ere izan delako: atertu gabe bota zuen otsailaren 1etik 14ra; 28 egunetatik 21 euritsuak izan ziren; eta batez besteko tenperatura ohikoa baino 2,5 gradu baxuagoa izan zen.

Inork ez die ihes egin aspaldiko negurik hezeenaren ondorioei, baina badira ondorio horiek askoz modu gordinagoan jasan behar izan dituztenak, lana egurats zabalean egiten dutelako, eta, gainera, eguraldiak erabat baldintzatzen dituen lanbideak dituztelako. Horren berri badu Mitxel Igarataundik, Azpeitiko Kimu Bat lorezaintza enpresako kudeatzaileak: “Ez daukat oroitzapenik aspaldiko urteetan hain gaizki ibili garenik lanak antolatzeko orduan”. Esan du, aurtengoa, “plan aldaketen negua” izan dela. “Asteburuan dena antolatzen genuen hurrengo astean jendea lanera bidaltzeko; ailegatzen zen astelehen goiza, eta euria goian-behean, eta pentsatutako guztia aldatu egin behar”.

Izan ere, hotza ez bezala, euria lagun txarra da lorezaintzan aritzeko. “Ez da guretzat deserosoagoa delako; guk txamarra eta botak janzten ditugu eta babestuta geratzen gara. Kontua da zelaia bustita dagoenean ezin dugula sartu makineria, zelaia txikituko lukeelako”. Kimu Baten makinekin egiten dute ahal duten guztia; eguraldi txarrarekin, ordea, lan gehiago egin behar izaten dute eskuz. “Mantentze lanetan, adibidez, belarra sasiak garbitzeko makinarekin moztu behar izaten dugu, makinaz ezin delako. Eta beste zenbait lan ezin dira egin”. Urte guztian egiten dituzte mantentze lanak; aldiz, obra berriak egiteko, lorategi berriak eraikitzeko eta landaketak egiteko garairik onena negua dela azaldu du Igarataundik. “Baina aurten zailtasunak izan ditugu, zuhaitzak landatzeko ere gero eta gehiago erabiltzen dugulako makineria”.

Kimu Batek lan asko egiten du gune publikoetan, baina baita bezero partikularrentzat ere. “Eguraldi txarrarekin askok ez dute nahi izaten gu joaterik; gertatu izan zaigu norbaiten etxera joan eta atzera bueltan etorri beharra”.

Lore etxean sortzen zaizkien lanak egiteko baliatzen dituzte kanpoan aritu ezin diren egun horiek. “Hemen beti dagoelako zerbait konpondu edo aldatu beharra”, dio Igarataundik. “Hala ere, lanordu asko galdu ditugu aurtengo neguan. Gehiago esango dut: egun batzuetan jai egin izan dugu lanik ezin genuelako egin”. Azpeititik Urrestillara bidean dute lore etxea. Era guztietako loreak eta landareak saltzen dituzte han, eta baita lorezaintzarako eta baratzezaintzarako beharrezko tresneria guztia ere. Han ere nabarmen antzematen dute eguraldiaren eragina. “Dendan, berez, orain hasiko da garai indartsuena, baina aurten nahiko motela izan da martxoa, eguraldiagatik. Pentsatzen dugu jende uholdea etorriko dela eguzki pixka bat irten orduko”.

Lorezainek ez ezik, nekazariek ere zerura begira pasatu dute negua, lanerako aukera emango zien aterrunearen zain. Hala adierazi dute Ioritz Igarataundik eta Aiora Etxeberriak, Azpeitiko Komuntzo baserriaren inguruetan eraiki duten Sakona etxalde ekologikoaren jabeek. Lau urte dira proiektua martxan jarri zutela, eta, egun, 1,5 hektareako baratzea, 600 bat metro koadroko berotegia eta 90 bat ardi dituzte.

Lanak atzeratuta

Etxeberriak aitortu du euria etenik gabe egin izanak atzeratu egin dizkiela baratzeko lan batzuk. “Udazkenean egiten da negurako landaketarik handiena. Orain arte negu onak izan ditugunez, udazkenean egiten genuen landaketa handi hori, eta, ondoren, aldatuz joaten ginen neguan. Aurten ere asmo horrekin hasi ginen, baina landaketa batzuk egin gabe gelditu gara azkenean”. Orain egin dituzte neguan egin beharreko lanak. “Adibidez, iaz hiru txandatan landatu genuen baba handia; aurten, berriz, udazkenean egin genuen txanda bat, eta orain egin dugu bestea. Ilarrak eta udaberriko azak ere orain sartu ditugu eta neguan landatzen dira berez”.

Ekoizpenean, ordea, oraindik ez dute antzeman neguaren ondoriorik, udazkenean landatutakoak jasotzen ari direlako. “Udaberria izaten da baratzerako garairik txarrena: udarako landatzen hasten zara berriz, udazkenean landatutakoak gastatzen joaten dira, eta jasotzeko gutxi izaten da. Horregatik, komeni izaten da neguan landaketaren batzuk egitea, ziurtatzeko beti izango dugula jasotzeko zerbait”. Aurten, ordea, ez dute ia aukerarik izan, eta orain hasiko dira ondorioak nabaritzen. “Pare bat hego haizerekin, egin dugu landaketaren bat, egin beharra geneukalako, baina baldintza txarretan, lapurretan ari bagina bezala, presaka eta euriaren beldur”.

Hala ere, Etxeberriak uste du “onura asko” ekarriko dizkiela aurtengo neguak. “Elurrak garbitu egiten du baratzea, bizkarroigabetu. Askoz negu arinagoa izan zen iazkoa, baina egin zituen hiru izozteek sekulako aldea egin zioten baratzeari, eta uda guztian ez genuen erabili beharrik izan botikarik”. Onartu du, ordea, udaberri euritsu batek min egingo liekeela. “Udarako ekoizpena izorratuko litzaiguke, eta, orduan bai, guretzat urte eskasa izango litzateke”. Dena dela, udan baldintzak beste batzuk izaten direla dio, tenperatura beroagoak direnez, bi egun eguzkitsurekin lurra prest jartzen dela. “Baina guretzat alde handia egongo litzateke, eta egin dezala on-ona”.

Lanik gehien kanpoan egiten duten arren, Etxeberriak adierazi du berotegia izatea negurako ezinbesteko laguntza dela, bestela gaizki ibiliko liratekeela. “Metro batzuk gehixeago ere hartuko genituzke. Izan ere, ekologikoan ekoizteko, gutxieneko txandakatze batzuk egitea eskatzen digute, eta, ondorioz, aurtengo udan ia ez dugu izango tomaterik, lekurik ez daukagulako”.

Erraz bete dituzte saskiak

Astero, produktu ekologikoz osatutako ia 60 saski irteten dira Sakona-Komuntzo etxaldetik Urola Kostako hainbat herritara, eta eguraldi txarra ez dute oztopo izan otarreak goraino betetzeko. “Baserria da hau, gauza pila bat egiten dugu, eta denetik sartzen dugu saskian: barazkiak, fruituak, gazta, marmeladak, sagardoa, zukuak, txorizoa, arkume pusketak, ardi esnea, mamia… Gustura hartzen dituzte bezeroek”.

Baratzean ez ezik, ardien zaintzan ere eragin die eguraldi txarrak. “Eguraldi txar-txarra ez bada, behintzat, normalean egunero ateratzen ditugu kanpora. Baina aurtengo neguan behin baino gehiagotan gelditu behar izan dute barruan”, kontatu du Ioritz Igarataundik. “Ardiek esnea ematen jarraitu dezaten beharrezkoa da haien elikadura zaintzea, eta, kanpoan ez bada barruan, ondo eman behar zaie jaten. Ondorioz, belar ondu eta alpapa asko jan dute aurten, kanpoan ibiltzen direnean baino askoz gehiago, eta pentsua ere bai. Ekologikoan dena da garestiagoa, baina pentsua bereziki da garestia; ikaragarria da aldea”.