Koldo Carbonero: “Duela 30 urte zientzia fikzioa zirudiena egin dezakegu orain”

Koldo Carbonero: “Duela 30 urte zientzia fikzioa zirudiena egin dezakegu orain”

Eider Goenaga Lizaso

Donostiako Quiron ospitaleko Ginekologia eta Obstetriziako zerbitzuburua eta SEISEGO Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteko Antzutasun eta Ernalezintasun Saileko presidentea da Koldo Carbonero (Granada, Espainia, 1957). Bera da, halaber, hilaren 16an eta 17an Donostian egingo diren Erizaintzan Ugalketa Lagundua Eguneratzeko Gipuzkoako I. Jardunaldien koordinatzailea, eta hizlarietako bat ere bai. Ugalketa lagunduak urte gutxian aldaketa itzela izan duela azaldu du.

Zergatik eta zein helbururekin antolatu dituzue erizainentzako jardunaldiok?

Antolatzen diren ikastaro, kongresu eta jardunaldiak arlo horretako espezialistentzat izaten dira beti. Iaz, baina, hainbat jarduera antolatu genituen ugalketa lagunduan aritzen ez diren ginekologoentzat. Ginekologo horiek dira lehen arreta eskaintzen dutenak, aholkua ematen dutenak, eta ezinbestekoa da ginekologo hori benetan egin daitekeenaren jakitun izatea.

Aurten erizainei eskainiko diezue prestakuntza. Zergatik?

Batetik, erizainen egitekoa oso garrantzitsua delako ugalketa lagundurako unitateetan, zuzenean parte hartzen dutelako prozesu osoan. Bestetik, lehen arretako zentroetan pazienteak askotan konfiantza handiagoa izaten duelako erizainarekin, ginekologoarekin baino; erizainari egiten dizkiote ginekologoari egiten ausartzen ez diren galdera asko. Beraz, erizain eta emaginentzat dira jardunaldiak.

Zein da jardunaldien helburua?

Ugalketa lagunduari buruzko kontzeptu orokorrak errepasatuko ditugu, azken urteetako aurrerapenen informazioa eman, eta, azkenik, hemen eskaintzen diren teknikei buruzko prestakuntza eskainiko zaie. Finean, erizainak egunean jartzea da xedea.

Ugalketa lagundua aldatu den bezala, pazientearen profila ere aldatu da, ezta?

Hasiera batean, bikote antzuak edo zailtasunak zituzten bikoteak izaten ziren, baina hori asko aldatu da. Bikote antzuak badira, noski; eta gero eta gehiago dira, umeak izateko adina asko atzeratu delako. Baina emakume bikoteak ere asko dira; baita bikotekiderik gabe ama izan nahi dutenak ere.

Zeintzuk dira arlo honetan izandako aurrerapen nagusiak?

Berrikuntza izugarriak izan dira 1978an lehen probeta umea jaio zenetik; pentsaezinak ziren lorpenak egin dira. 1990eko hamarkadan, injekzio intrazitoplasmatikoa [ICSI] asmatu zen, eta kalitate oso baxuko semena dagoenean espermatozoideak banan-banan obuluan sartzea ahalbidetu zuen. Gero, espermatozoiderik gabeko eiakulazioa zuten gizonei espermatozoideak barrabiletatik ateratzea lortu zen, eta pauso handia izan zen. Hamarkada amaieran, ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoak aukera eman zigun gaixotasun genetiko heredagarririk ez duten enbrioiak hautatzeko. Pauso itzela eman da genetikari esker.

Amatasun adina asko atzeratu da. Eragin handia du zuen jardunean?

Gurean 39 urtekoa da emakumeen batez besteko adina. Adin horretan, batetik, zailagoa da haurdun gelditzea; baina, bestetik, obulu hori zahartuta dago, eta enbrioia lortzen denean alterazio kromosomatikoak izateko aukera handiagoa da. Genetika aurrerapenak oso garrantzitsuak dira horretan ere. Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren bidez, Downen sindromea eta antzeko alterazio kromosomikoak ekidin ditzakegu. Semenaren garbiketa ere egiten dugu, hiesa edo hepatitisa duten gizonen espermatozoideak gaitzetik libre uzteko. Izugarria da aurrerapena; duela 30 urte zientzia fikzioa zirudiena egin dezakegu orain.

Aurrerapen horiei erreparatuta, zein da egoera Gipuzkoan?

Oso ona; Gipuzkoan ditugun baliabideak punta-puntakoak dira, bai publikoan, bai pribatuan. Sare publikoan, adibidez, ez da diagnostiko genetikoa egiten, baina gainerakoan oso zerbitzu ona eskaintzen du. Horrez gain, Osakidetzak 40 urtetik gorako emakumeei ez die tratamendurik egiten, eta sare pribatura jotzen dute horiek. Berrikuntza guztiak eskaintzen dituen zentro bat baino gehiago dago sare pribatuan.

Zein dira ernalezintasunaren arrazoi nagusiak?

Bi dira arrazoi biologiko nagusiak. Batetik, gero eta ohikoagoa den arazo bat, semenaren kalitate eskasa; bestetik, amaren eta, ondorioz, obuluen adina. Emakumearen adina dute obuluek, eta horrek eragin zuzena du ugalkortasunean. Horregatik, gero eta gehiago aholkatzen dugu obuluen bitrifikazioa, 25 urterekin obulua gordetzen duenak 40-45 urterekin ere 25 urteko baten haurdunaldia izango duelako. Teknika berria da, 2010ekoa, eta emakume askok jada berandu denean izaten du horren berri, umearen bila hasi denean eta haurdun geratzerik lortzen ez duenean. Garrantzitsua da emaginek eta erizainek teknika horien berri jakitea, emakumeari behar den garaian aholkatzeko.

Arlo psikologikoa da landuko duzuen beste gaietako bat…

Oinarri-oinarrizkoa da. Hemen, normalki, txarra izaten da bizipen emozionala, jende guztiak ez duelako lortzen helburua. Lehen ahaleginean haurdun gelditu denak ez du laguntzarik beharko, baina galdeiozu tratamenduan bost urte daramatzanari. Bestetik, hona heltzen diren askok denbora daramate haurdun gelditu nahian, eta ez dute lortu, edo abortuak izan dituzte tartean. Emozionalki ukituta heltzen dira, eta horrek ere baldintzatzen du haurdun gelditzeko aukera. Guk aholkatzen duguna da unitate hauetan psikologoek ere parte hartzea; gurean psikologo talde berezi bat dugu unitatean.

Legearen mugak argi daude, eta muga etikoak?

Ugalketa lagunduari buruzko legea oso argia da; muga etikoena beste gauza bat da. Oso irekia da guk dugun legea, eta debekatzen duen bakarra da giza klonazioa, umearen sexua aukeratzea eta haurdunaldi subrogatua.

Adin mugarik ez du jartzen?

Ez. Adin muga guk jarri dugu, medikuok. Espainian dauden zentro gehienek, irizpide etikoak kontuan hartuta, adin muga bat zehaztu genuen. Emakumea 50 urtetik gorakoa bada, ez da tratamendurik egiten. Dena den, badaude muga hori jartzen ez duten zentroak, eta noizean behin agertzen dira ama izatea lortu duten 60 edo 65 urteko andreak. Legeak ez du debekatzen, baina, nire ustez, akats etiko izugarria da.

Haurdunaldi subrogatuari buruzko eztabaida pil-pilean dago.

Debekatuta dago; legeak argi eta garbi dio ama dela erditzen dena. Emakumeen kasuan oso gutxi dira halakorik beharko luketenak; eskaera sortu da bi gizonek osatutako bikoteek umea izan nahi horretatik. Legea aldatuta ere, etikoki oso eztabaida konplexua da. Bestalde, hemen ezin da ordaindu donazioengatik, eta, noski, haurdunaldi subrogatua egiten duten herrialde guztietan ordaindu egiten da. Zenbat emakume egongo litzateke prest haurdun gelditzeko tratamendu bat, haurdunaldia bera eta erditzea pasatzeko ezer jaso gabe?

Leave a Reply

Your email address will not be published.