Gorputzari mugarik jarri gabe

Gorputzari mugarik jarri gabe

Unai Zubeldia

Gorputza astintzeko hilabetea da maiatza. Musikaren erritmoari segika, hainbat eta hainbat herritan antolatzen dituzte dantza ikastaroak, tailerrak eta emanaldiak, eta Zumaian ere ez dira atzean gelditu. Azken urteotan bezala, prest daukate Maiatza Dantzan egitaraua, eta, Astindu Dantza Elkartearen eskutik, bertaratzen direnek dantzan eta dantzarekin gozatu ahal izango dute maiatzeko larunbat guztietan. Aurten, ordea, badaukate berritasun bat: Celine Illarramendi irakasle lanetan dela, Rendez-vous portuan dantza topaketa egingo dute, asteburu honetan, Zumaiako portuan —21 Dance Street dantza eskola da antolatzailea, Zumaiako Udalaren eta portuaren laguntzarekin—; ikuskizunak eta tailer irekiak izango dituzte bertan.

Lyonen jaio zen Illarramendi, eta Zumaian bizi da gaur egun; Aizarnakoak zituen birraitona eta birramona, eta Errenterian jaio zen haren aita. “Jendeak dantza klasikoa eta modernoa ezagut zitzan horrelako ekimenen bat sortzeko desiratzen nengoen”, aitortu du irakasleak. “Haurrek eta gurasoek dantzarekiko sentiberatasun hori senti dezaten lortu nahi dugu, eta horregatik antolatu dugu bi eguneko ate irekien moduko ekitaldia”. Hala nahi duten guztiek dantza egin ahal izango dute tailerretan. “Dantza taldeen klaseak eta emanaldiak nolakoak izaten diren jakiteko, baliagarria izango da prozesu hori”. Tailerretan parte hartzeaz gain, ikuskizunekin gozatu ahal izango dute gero.

Rendez-vous portuan dantza topaketaren barnean, dantza modernoaren ikuskizuna izango dute bihar, 17:00etan, 21 Dance Street dantza eskolaren eskutik, eta dantza diziplina horren tailerra ondoren, 17:30ean. “Familiako kide guztientzat aproposa izango da”. Etzi, berriz, helduentzako dantza neoklasikoaren tailerrarekin ekingo diote egunari, 10:00etan, Maria eta Jose ikastetxeko gimnasioan —dohainik izango da tailerra, baina izena eman beharra dago, 622-60 41 29 telefono zenbakira deituta; hamabost laguneko taldea osatuko dute gehienez—; 12:30ean, balleteko barraren erakustaldia izango dute kirol portuan —edonork parte hartu ahal izango du, eta 13:00etan ballet ikuskizuna eskainiko du 21 Dance Street dantza eskolak.

Euskal Herrian gaur egun dantza modernoa, neoklasikoa, balleta zein egoeratan dauden galdetuta, baikor erantzun du Illarramendik. “Azken urteotan mugimendu handia sortu dela uste dut. Duela hamar bat urte gehienek ez zituzten begi onez ikusten horrelako dantza diziplinak, baina, Donostian, Miarritzen eta beste hainbat lekutan eman dituzten pausoei esker, azken urteotan dezente egin du hobera egoerak”. Gipuzkoaren kasuan, horrelako eskaintzak, normalean, Donostian izaten direla azpimarratu du irakasleak. “Baina zumaiarrei ere aukera eskaini nahi diegu guk, horrelako dantza diziplinak herritar guztien eskura jartzeko”.

Alde horretatik, aurtengoa lehen urtea izango den arren, hurrengo urteetan beste hainbat irakasle erakartzeko erronka daukala jakinarazi du Illarramendik. “Dantza garaikidea eta beste hainbat alor ere landu nahiko nituzke; hasiera besterik ez da hau”. Dantzaren esparru guztiak erakusleihoan jarri nahi dituzte asteburu honetako ekitaldiekin. “Dantza ez baita dantza bakarrik; hor daude jantziak, hor dago makillajea… Hori guztia kontuan hartu behar izaten da ikuskizun bat osatzean, eta erakutsi egin nahi dugu”.

Aterpea prest daukate

Neurri handi batean, eguraldiaren araberakoa izango da topaketaren arrakasta, baina, badaezpada ere, prest dauzkate pare bat gune. “Euria eginez gero, Maria eta Jose ikastetxeko antzokian egingo ditugu ekitaldiak, baina kasu horretan ez da hain ikusgarria izango, eta parte hartzea ere murriztu egingo litzateke. Ea ba zortea daukagun”.

Etorkizuneko dantzarien prozesu luzeko lehen pausoa izan nahiko luke Rendez-vous portuan topaketak. Datorren asteartean, Dantzaren Nazioarteko Eguneko Gala egingo dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta, dantzaren hilabetearen jiran, Andoainen, Deban… hurrengo egunetan herri askotan izango dira dantza ikuskizunak. Horren jakitun, Illarramendik “kalera irteteko” dei egin die herritar guztiei. “Dantza egin dezatela denek, dantzarako hilabetea delako maiatza”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.