“Ikus-entzunezkoari gertatu zaion gauza onenetako bat da”

“Ikus-entzunezkoari gertatu zaion gauza onenetako bat da”

E. Goenaga Lizaso

Tres minutos (Hiru minutu) film laburra izan zen Larrotxenen ekoitzitako lehena. Pablo Malo (Donostia, 1965) izan zen egilea. Orduan erabaki zuen Malok zinemagintzan jardutea, eta, ia 30 urte geroago, ibilbide oparoa izan du zuzendariak. 2004an egin zuen lehen film luzea —Frío sol de invierno (Neguko eguzki hotza)—, eta zuzendari berri onenaren Goya saria eman zioten. 2014ko Zinemaldian aurkeztu zuen azkena: Lasa eta Zabala. Bere hastapenak, ordea, ez ditu ahaztu, eta Larrotxenera itzuli da berriro, irakasle gisa.

Larrotxeneko ikasle izan zinen. Zein helbururekin joan zinen?

Garai hartan oso konplexua zen film laburrak egitea, inork ez zuen kamerarik; orduan pentsaezina zen orain edozein gaztek eskura duena. 1988-1989an egin nuen ikastaroa, Juanmi Gutierrezekin. Urritik maiatzera, ostegunero. Film labur bat egin behar zen amaieran, eta hori zen nire helburua. Hura izan zen nire lehen kontaktua —eta bakarra— zinema ikasketekin. Autodidakta naiz.

Zein ikastaro egin zenuen?

Ikastaro bakarra zegoen, ez dakit izenburua. Gidoi bat idatzi genuen, nire gidoia hautatu zuten, eta film labur bat egin genuen. Orduan ohartu nintzen mundu honetan jarraitu nahi nuela.

Zurea izan zen Larrotxenen egindako lehen filma: Tres minutos.

Bai, ohore hori daukat. Lehen urtea zen. Orain oso ondo ekipatuta dago Larrotxene, baina orduan ez zegoen ezer, ez kamerarik, ez ediziorako mahairik; Juanmik ekarritako materialarekin egin genuen. Halako inbidia sano bat sentitzen dut Larrotxenen egun dauden baliabideak ikustean, baliabide eta aukera tekniko guztiak dituztelako eskura.

Zer kontatzen zuen filmak?

Komedia bat zen. Inoiz egin dudan bakarra. Hasiberriaren inozentzia, badakizu. Dena den, nik uste dut film hori egun ditugun baliabideekin egingo banu, jaialdietan-eta harrera oso ona izango lukeela. Gainera, aktore oso onekin egin nuen: Elena Irureta, Carlos Zabala, Jose Ramon Soroiz, Eneko Olasagasti… Asteburu batean egin genuen, eta esperientzia zoragarria izan zen. Agian honetan hain gaizki ez nintzela ibiliko pentsatzera eraman ninduen.

Gipuzkoan bazen beste aukerarik zinema ikasketak egiteko?

Andoaingo Zine eta Bideo Eskola martxan zen, baina hiru urteko ikasketak ziren, eta nik ez nuen hori nahi. Gainera, zinemara baino gehiago, telebistara zegoen bideratuta; argiztapena, kamerak, errejidore lanak… Ez ziren nik nahi nituen diziplinak. Kanpora joateko baliabide ekonomikorik ere ez nuen. Beraz, dirua eskola pribatuetan gastatu ordez, film laburrak egiten gastatzen nuen, hori baita ikasteko modu onena.

Larrotxenerekin harremanetan segitu duzu urteotan?

Ez, joaten nintzen film laburrak ikustera-eta, baina bestelako harremanik ez nuen. Moriartik kudeaketa hartu zuenean, deitu zidaten, eta itzuli egin nintzen. Iaz, ikasle batek galdetu zidan zergatik egiten nuen; zinemagintzan arituta, ea zer behar nuen horretarako. Larrotxenek niri emandako guztia itzultzeko modu bat zela erantzun nion. Niretzat oso inportantea izan zen Larrotxene.

Zer eskaintzen du Larrotxenek?

Lanbidea nolakoa den ikasteko aukera. Zinemagilea naiz ni, eta nire esperientziatik hitz egiten diet. Saiatzen naiz, hasi eta buka, pelikula bat nola egiten dugun azaltzen; prozesu guztiak ezagutuz, zein arlo gustatzen zaion erabaki dezake bakoitzak. Ikastaro praktikoak dira. Niri zinemaren teoria ezberdinak, zinemaren historia… ez zaizkit interesatzen. Pelikulak ikustea gustatzen zait, eta egitea. Eta Larrotxenen film bat eginez bukatzen dira ikastaroak.

Ordu gutxian betetzen omen dira Larrotxeneko ikastaroak…

Ez gara irakasleak; ekoizleak, gidoigileak, zuzendariak… gara, eta lanbidearen barrutik hitz egiten diegu ikasleei. Honetan hasi nahi duenarentzat luxua da lanbidean gabiltzan profesionalak irakasle izatea. Gaudenak nahi dugulako gaude; ez gaude espedientea betetzeko, etortzen diren ikasleei zerbait erakutsi, ekarpen bat egin eta gure lanaren nondik norakoak azaltzeko baizik.

Ikasle ez direnei materiala eta aholkularitza ere eskaintzen die Larrotxenek.

Sekulakoa da hemen dagoen materiala erabili ahal izatea, eta, gainera, Unairen laguntza [Guerra] etengabea izaten dute, eta hori ere luxua da. Ikus-entzunezkoari gertatu zaion gauza onenetako bat da Larrotxene.

Zein da ikaslearen profila?

Denetik egoten da, 18 urteko gazteak zein 60 urtetik gorakoak. Batzuek film labur bat egin dute, ez zaie ondo atera, eta jakin nahi dute zergatik; beste batzuek saltsan ibili nahi dute; eta besteak oso zinezaleak dira, eta lanbidea barrutik ezagutu nahi dute. Niri asko gustatzen zait hemen aritzea, oso esker oneko ikasleak direlako; oso birjinak datoz, eta interes handiz entzuten dute dena, guztia iruditzen zaie interesgarri. Belakiak bezalakoak dira. Badaude batzuk nirekin Zuzendaritza ikastaroa egin ostean Jose Mari Goenagarekin euskarazko ikastaroa egin dutenak. Izan ere, bere esperientziatik hitz egiten du irakasle bakoitzak, eta ezberdina da ikastaroa. Beste batzuek, berriz, Zuzendaritza egiten dute, eta gero Gidoigintza, gero Ekoizpena…

Leave a Reply

Your email address will not be published.