Esatetik egitera, jarrera aldatuta

Esatetik egitera, jarrera aldatuta

Unai Zubeldia

Aditzetik aritzera pasatzea; “euskaraz bizi nahi dut” esatetik, euskaraz bizitzera igarotzea; beldurraren eta lotsaren pareta hori kolpez kolpe eraistea. Joan den otsailaren 3an, Baietz Hernanik! erronkari heldu zioten Hernanin, eta “emaitza politak” lortu dituzte lehen hiru hilabeteak igarota. Euskal hiztunak, hitz egiteko gai direnak baina gaztelerara jotzen dutenak, euskaraz hitzen bat edo beste soilik esateko gai direnak… Kolore guztietako herritarrak bildu, bakoitzari erronka jakin bat zehazteko eskatu, eta “kalean euskarari eustea” da helburua. Hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko lehen pausoa izan nahiko luke erronkak.

2016ko abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira hasi zen gorpuzten gaur egun gauzatzen ari diren ekimena. Indar Proba izena jarri zioten duela urte eta erdiko dinamika hari. “Elkarteei bideratu genien eskaintza”, hasi du azalpena Joxe Artola Euskara Ari Du kultur elkarteko talde eragileko kideak. “Eta, sei asteko erronkan, euskaraz bizitzeko edo euskaraz gehiago hitz egiteko ahalegina egin zuen elkarte bakoitzak”. Elkarteen artean txanda aldaketa egin zuten astero. “Nahiz eta batzuek gehiago luzatu zuten erronkaren iraupena”, zehaztu du Leire Otxotorena Baietz Hernanik! ekimenaren dinamizatzaileak. “Mugimendu polita sortu zen erronka harekin, eta pozik gelditu zen jendea”.

Hazia landatuta, eta Hernanin “betidanik” euskararen inguruko mugimendua “nahiko apala” izan dela barneratuta, kanpaina zehatzetatik harago joan beharra zeukatela ondorioztatu zuten ekimenaren bultzatzaileek. “Iraunkorragoa edo epe luzeagokoa izango zen zerbait egin nahi genuen”. Hernaniren errealitateari argazkia atera dio Otxotorenak: “Herritarren %80k ulertzen dute euskaraz, %57 dira euskaraz hitz egiteko gai, eta %30ek hitz egiten dute, nahiz eta etxean are baxuagoa den kopuru hori”. Argazki hori buruan zutela, lanean jarraitzeko taldetxo bat sortu zuten herrian, eta etorkizun hurbilean zer egin zezaketen aztertzen hasi ziren iaz. “Udalari aurkeztu genion buruan geneukan proiektua, eta aho batez onartu zuten udalbatzarrean”. 70.000 euro inguruko aurrekontua dauka ekimenak, eta diruz laguntzen du udalak.

Indar Proba-tik erronkara jauzia eginda, erronkalari bila hasi ziren berehala, hilabetero ehun aurkitzeko helburuarekin. Gaur-gaurkoz, 408 erronkalarik bat egin dute Baietz Hernanik! egitasmoarekin. Horietako bi dira Eli Pagola bertsolaria eta Juan Rodriguez Laburu Hernani Errugbi Klubeko presidentea. Pagolaren kasuan, bertso eskolatik iritsi zitzaion proposamena. “Beti euskaraz bizi izan gara gu, eta euskaraz ez dakitelako edo oso baldar hitz egiten dutelako egingo didate niri gazteleraz, egitekotan”. Bestela ezin eta, Hernanin euskararen aldeko jarrera irmoa daukaten herritar batzuk identifikatu zituzten erronkalari bihurtu eta egitasmoa sendotzen hasteko.

“Euskaraz bizi naiz ni”, azaldu du Pagolak. “Euskaraz aritzen naiz egun guztian; euskaraz lan egiten dut, euskaraz ikasi dut, lagun artean euskaraz hitz egiten dut…”. Horregatik begiratu zuen ingurura erronka zehazteko. “Bizilagun batzuek ez dute asko hitz egiten euskaraz, eta nire ekarpentxoa hortik egin nezakeela ikusi nuen”.

Bretainian jaioa da Rodriguez, baina 50 urte daramatza Euskal Herrian. “Tristea da nik euskaraz ez hitz egitea, baina horixe da errealitatea”. Euskaraz aritzen dira Rodriguezen bi alabak eta biloba. “Eta horrekin kupoa beteta neukala uste nuen, baina ez. Jakitea eta erabiltzea bi gauza zirela azaldu zidaten, eta konpromisoren bat hartu beharra neukala ikusi nuen”. Hernani Errugbi Klubeko presidenteak hiru urte daramatza euskaltegian. “Eta ostiraletan daukat erronka nik. Biloba egun horretan etortzen da etxera, eta harekin, lagunekin eta guztiekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz ostiraletan”.

Erabileraren garrantzia

Erronka zehatz horretatik harago, ordea, erabileraren inguruko hausnarketa ere egin du Rodriguezek: “Milaka urte dauzka euskarak, eta urte askoan etxean hitz egin izan da. Nire ustez, gerora, agian, gehiegi akademizatu izan da, eta ahaztu egin dugu oinarrizko baldintza: erabiltzea”. Urte askoan euskararen munduan sartzeko “beldur pixka bat” eduki duela aitortu du Rodriguezek. “A, B, D ereduak; EGA; AEK eta euskaltegiak; euskaraz ez badakizu ezin duzu lan egin batean edo bestean… Beldur pixka bat sortu izan dit horrek guztiak, baina orain bat egiten dut euskara kalera ateratzeko erronkarekin”.

Badaki hogei urtez Errusian edo Txinan bizi izan balitz errusiera edo txinera hitz egingo zuela. “Ziur, gainera. Errua nirea da, beraz. Bai. Baina baita inguruarena ere, nire ustez euskara gehiegi bideratu delako eskoletara. Mezu argia bidaliko nuke nik: euskara ez da presioa; ez lotsatu, eta erabili ahal duzun guztietan, egin ahalegina”.

Norbanakoak berera eraman du eta eramango du Hernanin martxan daukaten erronka. “Baina, funtsean, sinplea da helburua: gazteleraz ditugun harremanak baina euskaraz egin daitezkeenak detektatzea eta ahalegina egitea”. Bide horretan, Otxotorenak aholku bat ematen die beti erronkalariei: “Egiteko modukoak diren erronkak aukeratzea, ondoren denboran mantendu ahal izateko. Dena den, askok bikotekidearekin euskaraz aritzea erabaki dute erronka gisa, eta, nire ustez, horixe da pausorik zailenetakoa”.

Aholku eta jarraipen batzorde baten gisakoa ere badaukate Baietz Hernanik! ekimenean parte hartzea erabaki duten erronkalariak zer moduz moldatzen ari diren ikusteko. “Zortzi-hamar lagun elkartzen gara elkar ezagutu eta animatzeko. Terapia deitzen diogu guk”. Ia urtebeteko ekimenaren tentsioa mantentzeko, hainbat hitzaldi antolatu dituzte azken asteotan, eta bakarrizketak, kantu giroko jardunaldiak, poesia errezitalak, kale irakurraldiak eta beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte.

Artolak argi utzi du helburua ez dela parekoaren jarrera aldatzea. “Ohiturak aldatzea baizik”. Eta saiatzea bestelakorik ez dago bide hori egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.