Maitane Ormazabal: “Bizi zikloak egon daitezke armairu baten barruan”

Itzea Urkizu Arsuaga

Aldizkari batean irakurritako elkarrizketa batek bultzatu zuen Maitane Ormazabal Larzabal (Lasarte-Oria, 1979) ordura arteko lana uztera, eta betidanik gustuko izandakoa ogibide du orain: antolatzaile profesionala da. Ohitura aldaketetatik abiatuta, hainbat egoera kudeatzeko laguntza eskaintzen die bere bezeroei, Txukuntzen zerbitzuaren bitartez (www.txukuntzen.com). “Ordena onuragarria da denontzat”.

Zer txukuntzen laguntzen diozu jendeari?

Lau zerbitzu orokor dauzka Txukuntzen-ek. Batetik, bulegoak txukuntzen eta ordenaren eta antolaketaren inguruko irizpideak irakasten aritzen naiz. Bestetik, etxe aldaketetarako laguntza ere eskaintzen dut, momentu oso bereziak izaten baitira, estres handikoak. Kasu horietan, prozesu osoaz edo prozesuaren zati batez ardura naiteke. Ordena orokorrarena litzateke hirugarren zutabea: logelak, egongelak, sukaldeak, komunak, trastelekuak… Ohiturak hartzea da garrantzitsuena. Eta, azkenik, herentzia egoerak ere kudeatzen ditut.

Herentziak? Nola?

Jendeak etxebizitzak jaso ohi ditu oinordetzan, inguruko norbait hil delako edo, adibidez, adinekoen zentro batera joan delako. Etxe horiek hustu egin behar izaten dira berrerabili ahal izateko eta alokairuan edo salgai jarri ahal izateko, baina ez da kontu erraza izaten. Bertan dagoen guztia hartu, antolatu, inbentario bat egin, senideen artean banatu, eta, azkenik, egoki kudeatu behar da baztertu beharreko guztia. Ingurumenaren zaintza da nire proiektuaren balioetako bat, eta, beraz, ez dit balio objektu horiek guztiak edonola kudeatzeak.

Zein zerbitzuk du eskaera handiena?

Denetik egin dut oraingoz, baina etxe aldaketek harrera ona izatea espero dut. Nahi izanez gero, ia gauza guztiez kezkatzen naiz ni; tragikomedikoak dira etxe aldaketak. Herentziekin ere gatazka handia izaten da. Dolu prozesu batean, askotan, jendeak ez du psikologoaren laguntzarik izaten, baina nire lana lagungarria suerta dakieke, hildako pertsona horren gauzak norbere bizitzatik atera behar izaten dituztelako. Batzuek laguntza handia behar izaten dute horretarako. Egia esan, Euskal Herrian nahiko itxiak gara norbere etxea edo armairua kanpoko norbaiti irekitzeko, eta normala ere bada: bizi zikloak egon daitezke armairu baten barruan.

Zein irizpide erabiltzen dituzu txukuntzen edo antolatzen irakasteko?

Oso-oso desberdina da kasu bakoitza. Espazio bat antolatzera joaten naizenean, nahiz eta nik nire irizpide propioak izan, ezin ditut erabat inposatu. Horregatik, hasteko, elkarrizketa moduko bat egiten diet pertsona horiei, eta beren ohitura, arazo eta abarrak kontatzen dizkidate eurek. Baina, horrez guztiaz gain, gauza asko ikusten ditut nik: puntu kritikoak. Plangintza bat egin, eta nire irizpideak eta beren errutina uztartzen saiatzen naiz, ohitura onak sustatzeko.

Espazioak antolatzeak ba al du eraginik egunerokoan?

Konturatzen ez bagara ere, espazioen antolakuntzak eta ordenak zerikusi handia dute norbere psikologiarekin. Espazio txukun batean lan egiteak edo bizitzeak eragin zuzena dauka norbere osasunean. Horrek ez du esan nahi, noski, guztiak modu perfektuan egon behar duenik eta gure denbora guztia eskematikoki ordenatuta eduki behar dugunik.

Ba al da espazio guztietarako balio duen gakorik?

Gatazkak konpontzea da antolatzea, eta jendearen artekoak izaten dira espazioetako gatazkak. Pertsona bat bakarrik bizi denean, erlatiboak izaten dira arazoak, eta espazio hori bere irizpideen arabera ordenatzen saiatzen gara.

Elkarbizitza, beraz, oso garrantzitsua da antolaketan.

Bai. Izan ere, zuri ordena iruditzen zaizuna, zure bikotekideari, beharbada, ez zaio irudituko, edo alderantziz, eta sekulako gatazkak sortzen dira hor. Nik uste dut gainontzekoek errespetatu egin behar dituztela norbere espazioak —etxean, bulegoan…—. Hori bai, denen artean jarritakoak eta errespetatutakoak izan behar dute denen espazioetako irizpideek.

Ingurumena da zure balioetako bat, eta, bide horretan, zenbait tailer eskaintzen dituzu, armairua antolatzeari begira. Tolosako Zuzeu bigarren eskuko dendan aritu zinen joan den astean, eta ekainean berriz ariko zara.

Bai. Sare sozialetan jarraitzen nuen Zuzeu, eta Lidia Hernandez jabearekin harremanetan jarri nintzen Txukuntzen-ekin hasi nintzenean, bere denda eredua eta nire proposamena oso bateragarriak direlako. Gustuko dut koherentzia, eta, beraz, benetan ingurumena zaindu nahi dugula pentsatzen badugu, argi dago zerbait egin behar dugula egungo kontsumo ohiturak aldatzeko.

Berrerabiltzeaz ari zara hizketan. Oso materialista al da gizartea, oro har?

Bai. Gizarte hiperkontsumista batean bizi gara, eta lotura materialak sortzera garamatza horrek. Lotura material horiek beste hutsune emozional batzuen adierazle direla nabarmentzen dut tailerretan. Hori jakiteko ez da psikologoa izan behar, zentzuzko kontu bat da.

Zure ustez, zein harrera du antolatzaile profesionalaren figurak?

Kontu hau guztia askori nahiko esnoba iruditzen zaiola uste dut, baina denontzat da onuragarria antolaketa eta ordena. Askok perfekzionismoari lotzen diote jarduera hau, antolatzaileok oso karratuak bagina bezala. Baina ez da nire kasua. Bezeroak arazoa planteatzen digu, eta laguntzeko gaude gu.