Andoni Egia: “Bertakoa balio erantsi gisa ikustea nahi dugu”

Eider Goenaga Lizaso

Beterri-Buruntza Udalak erakundeko tokiko garapeneko teknikaria da Andoni Egia (Donostia, 1983). Beterri Km0 egitasmoan buru-belarri aritu da lanean azken hiru urteetan. Asteartean aurkeztu zuten egindako lanaren emaitza. Bertako produktuen kontsumoa sustatzeko eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko sarea indartzeko sortutako egitasmoa lehen pausoak ematen hasiko da orain.

Zer da Beterri Km0?

Beterri-Buruntzako udalek [Hernani, Astigarraga, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil], eskualdeko ekoizleek, ostalariek eta dendariek lehen sektorea sustatzeko adostu duten estrategia partekatua da. Beterri Km0-ren helburua da bertako ekoizle eta nekazarien bideragarritasun ekonomikoa sustatzea, lehen sektorea garapen ekonomikoaren ardatz bilakatzea eta, horrekin batera, eskualdeko ostalaritza eta merkataritza sustatzea, bertako produktuan espezializatzearen bidez.

Nondik sortu da egitasmoa?

2015aren bueltan Behemendi nekazaritza garapenerako agentziak egindako diagnostiko batetik. Horren arabera, nekazaritza ekologikoan zebiltzan ekoizle berriak zeuden eskualdean, eta zailtasunak zituzten merkaturatzeko. Abiapuntu horrekin hasi ginen lanean.

Nolakoa izan da prozesua?

Lehenengo pausoa izan zen ekoizleekin harremanetan jarri eta errolda moduko bat osatzea; eta, horren bidez, lehen gerturatzea egitea zen helburua. Betiko praktikak, tradizionalak egiten zituzten ekoizleengana jo genuen, eredu ahalik eta ekologikoena erabiltzen zuten horiek identifikatu, merkaturatze bideak aztertu eta sareren batean parte hartzen zuten jakin. Lehen argazkia egin genuen.

Zenbat ekoizle identifikatu zenituzten eskualdean eta zenbat batu dituzue egitasmo honetan?

Konplexua da zenbat diren zehaztea, profesionalak eta ez-profesionalak daudelako; baina, oraintxe bertan, hamarrek parte hartzen dute Beterri Km0 egitasmoan. Dena den, abiapuntu bat da hau, ateak irekita daude, eta espero dugu, eskaera handitu ahala, ekoizle gehiago batzea.

Nekazaritza ekologikoa egiten duenak soilik parte har dezake?

Ez, gure begirada jarri dugu bertako ekoizleengan eta bertako produktuetan, izan ekologikoak edo ez. Baina ekoizpen ekologikotik gertu daude gehienak.

Ohiko merkaturatze bideak zabaltzea da helburua?

Hori da. Ez ditugu ordezkatu nahi orain arteko bideak, baizik eta zabaldu. Horretarako, dauden merkaturatze zirkuituak identifikatu eta bistaratuko ditugu orain. Banatuko zaien itsasgarri edo zigilu baten bidez, erosleak jakin ahal izango du zein denda, taberna eta jatetxetan erabiltzen dituzten bertako produktuak.

Sei udal daude egitasmoaren atzean; administrazio publikoak zer egin dezake merkaturatze hori sustatzeko?

Jantoki publikoen arloa izan da egitasmo honen motorretako bat. Jantoki publikoetako lizitazio berriak ateratzen diren neurrian, klausula sozialak eta ingurumen klausulak jarriko dituzte udalek, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko. Hernaniko zaharren egoitzan eman genuen lehen pausoa, eta gaur egun eskualdeko ekoizleenak dira hango barazki guztiak. Egunean 200 bazkari eta 130 afari. Urtean milaka eta milaka otordu dira; beraz, ez da txantxa horretan eragitea. Enpresetako jantokietan ere eragin nahi dugu; eta, noski, baita denda, taberna eta jatetxeetan ere.

Kanpainarik egingo duzue herritarrei ezagutarazteko?

Lehenik eta behin, guneak bistaratuko ditugu, zigilu edo bereizgarri batekin, eta gero egingo dugu komunikazio kanpaina bat, bai produktuaren kontsumoa sustatzeko eta bai denda edo jatetxe gehiago erakartzeko. Guk adierazi nahi duguna da denda eta taberna hauek plus bat ematen dutela, bertako produktua saltzen dutela. Horrek dei efektua egitea gustatuko litzaiguke; bai kontsumitzaileari begira eta baita denda edo taberna gehiago batzeari begira ere. Bertako produktua balio erantsi gisa ikustea nahi dugu.

Zenbat denda eta taberna daude sare honetan?

Oraintxe bertan, 30 bat gune dira.

Kontsumoa handitzen bada, nekazari gehiago beharko dira?

Eskaria handitzea da xedea, eta, egitasmo honi esker eskaera handitzen bada, ikusi beharko da demanda hori asetzeko modurik bideragarriena zein den: izan daiteke banaketa egitura edo sistema bateratu bat sortzea. Denborak erakutsiko digu hori. Dena den, orain sarean daukagun ekoizle kopuruarekin, uste dugu berehala ez dela nahikoa izango, eta hori izango litzateke nekazaritza suspertzeko modu bat.

Nekazari gehiago beharko dira?

Ikusiko da; gu hasi gara herrietan nekazaritzarako erabil daitezkeen lurrak identifikatzen, eta Astigarragan, adibidez, hektarea bat jarri dugu ekoizle berriak bertan jartzeko. Maiatzaren 31n amaituko da lehiaketa publikoa, eta hor hasten denak aukera izango du sarean sartu eta bere ekoizpenak Beterri Km0-ren bidez banatzeko. Lur berri gehiago bilatzen eta identifikatzen ere ari gara. Nekazaritza ekonomia garapenerako eta enplegu sorkuntzarako esparru gisa sendotzea da helburua.

Eredu aldaketa bat planteatzen duzue?

Bai, guk sustatzen duguna da tokiko garapen endogeno bat; elikadura subiranotasunean sakontzea, lurraldeen burujabetza eta erresilientzia gaitasuna handitzea, eta eredu propio, ekologiko, jasangarri eta ahalik eta justuena eraikitzea. Gure helburua da politika publikoak eredu berri baten norabidean jartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>