Festak, eraldaketarako

Festak, eraldaketarako

Rebeka Calvo

Herrietako jaiek egunerokotasunetik ateratzeko aukera ematen dutela esan ohi da, baina “gizartearen nolabaiteko laburpena” besterik ez dira egun horietan pertsonen artean sortzen diren harremanak eta egiten diren aukerak. “Hau da, jaiek eta errituek gizarteko ordena erreproduzitzen dute, eta hegemonikoak diren gizon eta emakumeen irudiak indartzen dituzte”. Miren Aranguren (Iruñea, 1981) feministaren hitzak dira. Festadezagun tailerra gidatzen du iruindarrak, eta Ibarran izango da maiatzaren 31n. “Herriko jai feministak sortzeko espazioak eraiki nahi ditugu”, azaldu du.

Herriko jaietako elementu diskriminatzaileak identifikatzea da helburua, eta, hortik abiatuta, horiei aurre egiteko bitartekoak eskaintzea. “Gune aske bat sortuko bagenu, non jendeak adierazi nahi duen hori nahi bezala adieraziko duen eta harremanak errespetuzkoak izango diren, hurrengo edozein ekintzatan, ziurrenik, kontuan hartuko da hori, eta beste edozein ekintzatan islatuko da errealitate hori”. Jaietan eragitea, beraz, egunerokotasunean eragitea ere badela uste du Arangurenek: “Ibarrako festetan emakume eta gizonen rolekin eraldaketa gauzatuko bagenu, geroan eragina izango lukete kontzientzia pizte horiek. Egunerokotasunari ihes egin eta buruari defenditzeko aukera eman arren, egun horietan haria ez da eteten guztiz; aurrekoarekin harremana dauka”.

Festadezagun tailerrak 2014an du sorburua. “Bilgune Feministaren jardueraren barruan hasi ginen lanean, baina hori guztia sistematizatuz joan gara pixkanaka, eta, gaur egun, Emaginek hartu du, nolabait, prozesu horietan laguntzeko ardura. Horregatik eskaintzen ditugu lan saioak eta aholkularitza, prozesu luzeagoak egin eta aldaketak gauzatzen hasteko”, azaldu du Arangurenek. Tailerra bakarrik eskaintzen dute herri gehienetan, baina lanketa hori aholkularitza bidez egiteko aukera ere eskaintzen du Emaginek.

Irekiak dira saioak, eta duela lau urte egindako dokumental batekin hasten dira normalean. “Egoera aldatu egin da pixka bat ordutik, baina egia da gako garrantzitsu asko ematen dituela, eta hortik abiatzen gara gehienetan”. Dokumentala ikusita, jendeari eskatzen diote adierazteko zein gako iruditu zaizkion garrantzitsuak. “Hortik ekiten diogu hausnarketari”.

Elementu asko biltzen dituzte festek, eta horiek guztiak hartzen dituzte kontuan, elementu diskriminatzaileak antzeman nahi dituztela zehaztuta. “Arlo desberdinak lantzen saiatzen gara, eta antolakuntzari erreparatzen; nola eta zeinek antolatzen dituen ekitaldiak, zein parte hartze sozial izaten den, zein talde edo dena delako datorren…”. Egitarauari erreparatzen diote. “Eta aldaketarako aukera eskaintzen duten ekintzak identifikatzen ditugu”. Diskriminazioa ezkutatzen duten ekintzak ere nabarmentzen dituzte, bestetik. “Ekintza diskriminatzaileak Irun eta Hondarribiko alardeekin, edo Nafarroako zenbait herritan egiten diren zortziko edo mutil dantzekin lotzera ohituta gaude, baina izozmendiaren tontorra besterik ez da hori”.

Festen antolakuntzarekin estu lotuta dauden bi ezaugarri ere aipatu ditu Arangurenek: ekintzen arrakasta eta tradiziorako joera. Herri askotan horiei tiraka babesten dituzte ekintza baztertzaileak. Ekintzen arrakastari lotuta, Arangurenek azaldu du garrantzitsua dela argi edukitzea zein festa eredu babestu nahi den: “Tradiziorako joera handia egoten da festetan; hori ez da sustatzen erakunde publikoetatik bakarrik”. Dinamizatzailearen hitzetan, sakralizatu egin dira txosna batzordeetan, festa alternatiboetan eta horrelakoetan egiten diren ekintza asko. “Erritu bilakatzen ditugu, eta hori ez dago gaizki, baina alda daitezkeela konturatu behar dugu, eta ez dela drama. Horregatik kostatzen da asko ekintza berriak planteatzea”.

Arrakastaren irakurketa

Herri askotako festetan plazan egoten diren zezentxoen adibideari heldu dio Arangurenek. “Askok ez dituzte kendu nahi izaten, baina, ordu horretan programazioko ekintza bakarra horixe zenez, beste zerbait ere egitea proposatu zuten batzuek. Zezentxoak plazan ibiltzea animaliak torturatzea dela uste dute batzuek, baita nik ere, eta ez da egokia festaren erdigunean kokatzea”. Dinamizatzaileak gaineratu du ekintza horretan gizonek parte hartzen dutela batik bat. “Dantza eta zumba edo horrelako zerbait programatu zuten, azkenean. Jende kopuruari dagokionez, ez zen oso arrakastatsua izan, eta kentzea erabaki zuten”.

Kasu zehatz horretan, oraingoz, ez dute eskaini beste alternatibarik. “Eta pena da, bigarren urtez hori edo antzeko beste zerbait egingo balute jende gehiago gerturatuko litzatekeelako, ziurrenik, edo gerturatuko liratekeenek ondo pasatuko luketelako, hamar izanda ere”. Apustuak egin behar dira Arangurenen ustez. “Aldatu egin behar da arrakastaren ikuspegia. Zeinen arabera da arrakastatsua? Inguratzen den jendearen arabera bakarrik? Zein balio ari gara sustatzen?”.

Jaietan eraso sexisten inguruko albisteak pilatzen dira maiz. “Eta, kontuz, bortxatu egingo zaituzte, mezu hori helarazten zaie emakumeei. Hain zuzen ere, errealitatea eta jaiak uztartzean horregatik da garrantzitsua ikuspegi feminista txertatzea”. Kontua ez baita “zerbait saihestea”, jaietako plazer hori zabaltzea baizik.

“Ohituraz-edo”, ezaugarri baztertzaile ugari izaten da jaietan, eta horiek identifikatzea behar-beharrezkoa dela uste du Arangurenek. “Identifikatuta aldatuko baitira”. Elementu horiek, gainera, jaien erdigunean jartzen dira askotan. “Gune askeak nahi baditugu, askatasun eta errespetu gehiago nahi badugu, egitaraua zaindu behar dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.