Historia, idazteko oraindik

Beñat Alberdi

Toki ezagunak dira Orreaga, Zugarramurdi, Amaiur eta Gernika-Lumo. Historiarekin estu lotuta dago, ordea, egun daukaten erakarpena. Askotan, bertan jazotako gertaerekin zuzenean lotzen da izena bera. Nork ez ditu ezagutzen Zugarramurdiko sorginen istorioak edo Gernikako bonbardaketa? Eta auskalo Orreaga inork ezagutuko ote lukeen baskoiek han Karlomagnoren tropak garaitu izan ez balituzte. Zentzu berean, toki horiek esanahia ematen diote euskal identitateari. Hain zuzen ere, hari horri heldu diote Nabarralde fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak, eta Memoria Lekuak jardunaldia antolatu dute maiatzaren 26rako, Oñatin. Baina, historiak jasotakoa gogoratzea baino gehiago, datu berriak gehitzea izango da kontua, gertaeren beste perspektiba batzuk eskaintzea eta kontakizuna berritzea. Oraindik idazteko dago historiaren euskal bertsioa.

“Oso interesgarria da memoria lekuen gaia. Gainera, beste hainbat tokitan oso jorratuta daukate gai hori”, azaldu du Angel Rekalde Nabarralde fundazioko lehendakariak. “Baina, gurean, oraindik, ez dugu landu ezer”. Aski ezagunak dira Parisko Eiffel dorrea, Erromako Koliseoa eta Berlingo Brandenburgoko atea. Turismo masifikatuaren ereduak dira horiek, baina herrialde bakoitzaren historiako zati ere badira. “Indarra galdu dute estatuek, hala nola moneta eta armada. Bestelako baliabideak garatu dituzte identitatea garatzeko”.

Pierre Norak argitaratutako Les lieus de mémoire (Memoriaren lekuak) proiektu historiografikoa da horren adibide. 5.600 orrialdeko lana osatu zuen Frantziako Estatuaren enkarguz. Frantziako historia batu zuen bertan, Joana Arcekoa eta lurraldetasuna tartean. Are gehiago, memoriaren leku kontzeptua definitu zuen: “Izakiaren gogoz edo denboraren poderioz, komunitate baten oroimen ondarearen barneko elementu sinboliko bihurtu den zernahi izate esanguratsu, material nahiz ez-material”.

Estatuen lanetatik harago, badaude beste erreferentzia batzuk ere, estaturik gabeko nazioenak. Braveheart filmak eragin handia izan zuen Eskoziako nazionalismoan. Historian oinarrituta dago filma, eta, egun, oroimen leku bat daukate bertan ageri den batailaren lekuan, museo eta guzti.

Katalunian ere, proces-ak aurrera egin ahala, indartu egin dituzte memoria guneak. Born kultur zentroa eraiki dute, esaterako. Felipe V.ak Bartzelona suntsitu zuen duela 300 urte inguru, eta Kataluniako erakundeak eta legeak eraitsi zituen. Bartzelonako sarraski horren hondakinak aurkitu zituzten; merkatu bat, zehazki. Eta hondakin horietan oinarrituta eraiki dute kultur zentroa. “Denetik egiten dute bertan: kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak…”, azaldu du Rekaldek. “Inguratzen diren guztiek ikusten dute. Memoria leku bat da”.

Historiaren orrietan galduta

Euskal historiari begiratuz gero, ordea, “hutsune nabarmenak” daudela azaldu du Nabarraldeko lehendakariak: “Euskaldunok badaukagu gure historiaren ideia bat. 36ko gerra gogoratzen dugu, eta, akaso, baita karlistaldiak ere. Baina hutsune galanta daukagu gero historiaurreko kobazuloetara iritsi arte. Desagertu egiten da gure historia”. Historiaren orriek Euskal Herriko gertaerei txanda-pasa egin diotelako, akaso, baina baita oroitzeko toki fisiko gutxi daudelako ere.

Oroimenak berak lotura zuzena dauka identitatearekin. Hala esaten zuen Edward Sahid unibertsitateko irakasle palestinarrak: “Historia da tresnarik onena gatazkan dagoen herri bati identitatea emateko”. Zentzu berean ikusten du Rekaldek ere: “Norbait ezagutzen dugunean, beti galdetzen diogu non eta noiz jaioa den, nortzuk diren bere gurasoak eta abar. Bere historia ezagutzen dugu bere identitatearen berri izateko”. Transmisiorako tresna gisa hartu dute historia, identitatea sortzeko tresna gisa. “Indartzeko gailu bat da, azkenean, historia. Beste hainbat faktore ere badaude, baina garrantzi handia dauka historiak”.

Denboraren joanean, erreferentzia gune batzuk sortu dira herritarren memorian, hala nola Iruñea eta Amaiur. Gune horiek hartu dituzte jardunaldietako egitaraua osatzeko. Gizartearentzat ezagunak diren gaiak jorratzea da helburua, bertan landuko dena interesgarria izan dadin, azken batean, eta jardunalditik ateratako edukiak erabilgarriak izan daitezen. Orreaga, Iruñea, karlistaldiak, Gernika, euskara, itsasoa, industria identitatea… Horiei buruz jardungo dira, besteak beste. Oro har, ezagunak dira mugarri historiko horiek, baina horietan sakontzea da erronka.

Rekaldek argitu du proiektu guztia “sakonegia” dela jardunaldi bakarrean garatzeko, eta gaineratu du bide horretan pauso gehiago ematea gustatuko litzaiekeela aurrerantzean ere. “Garatzen hasteko lehenengo pausoa da hau”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>