San Lorentzoko tuneleko obrak hil amaieran hastea aurreikusten dute

Eider Goenaga Lizaso

Europak ezarritako segurtasun arauak bete ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak obrak egin behar ditu 500 metro baino luzeagoak diren hainbat tuneletan. A-15 autobideko San Lorentzoko tunelekoa izango da lehenengoa, Iruñerako noranzkoan. Aldundiaren hasierako asmoa obrak maiatzean hastea bazen ere, atzeratu egin behar izan zituzten lanak —besteak beste, baldintza meteorologikoak tarteko—; baina, aldundiak baieztatu duenez, jada hasi dira obrei ekin aurreko prestakuntza lanekin, eta, ondo bidean, pare bat aste beharko dituzte horiek bukatzeko. Beraz, hilabetea amaitzerako hasi nahiko lukete tunela konpontzen.

Lau hilabete iraungo dute lanek, eta ia 5,6 milioi eurokoa izango da obraren aurrekontua. Lau hilabete horietan, Donostiarako noranzkoan dagoen San Lorentzoko tunelak hartuko ditu bi norabideetan doazen ibilgailu guztiak. Bost metroko altuera eta hiru metroko zabalera gainditzen duten ibilgailu astunek, gai arriskutsuak garraiatzen dituzten kamioiek eta garraio bereziek, ordea, debekatua izango dute tuneletik igarotzea, eta beste bide batzuetatik joan beharko dute; Etzegaratetik, adibidez.

Hasiera batean, ibilgailu astun guztiei tuneletik pasatzeko debekua ezartzea zen Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamentuaren asmoa; baina, iragan apirilean iragarri zutenez, iritziz aldatu zuten Gipuzkoako garraiolariekin bilera egin ostean, eta ibilgailu astunen zirkulazioa baimentzea erabaki zuten, aipatutako salbuespenekin.

Normalean baino ibilgailu gehiagori eragingo die San Lorentzoko obrek, joan den ekainaren 4tik kamioien zirkulazioa asko handitu baita A-15 autobidean: Iruñea eta Irun arteko N-121-A errepidean Belateko tunelak itxita daudelako eta handik igarotzen diren kamioientzat A-15a delako alternatiba. Belateko obrak hasi eta astebetera emandako datuen arabera, iaz data beretan baino %45 kamioi gehiago pasatu ziren lehengo astean Zuastitik; egunean, 2.000 bat gehiago.

Ekainaren 4tik nabarmena izan da kamioien zirkulazio handiagoa, bai A-15ean eta bai N-1 errepideko Andoaingo zatian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina, azpimarratu du obrek dituzten ondorioak direla, eta obrak, bai Belatekoa eta bai San Lorentzokoa, halabeharrez egin beharrekoak direla. Izan ere, Europatik datorren agindua da, eta arau horretara egokitu behar dira 500 metrotik gorako tunel guztiak. A-15 autobidean, San Lorentzoko beste norabideko tunelaz gain, hiru tunel gehiago konpondu beharko dituzte, bi norabideetan.

Elkarlana

Garraiolari elkarteak kexu agertu dira San Lorentzoko eta Belateko tunelak aldi berean ari direlako konpontzen, eta horrek kalte handia egiten dielako. Baina beste aukerarik ez zegoela azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak: batetik, tunela konpontzeko diru saila onartua zegoelako eta horrek egitera behartzen dituelako; bestetik, Europako Batzordearen 2004ko araua derrigor bete beharrekoa delako; eta, azkenik, obrek lau hilabete iraungo dutela kontuan hartuta, lanean azaro arte ariko direlako eta halako obrak ezin direlako neguko plana indarrean dagoenean egin.

Dena den, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaiari buruzko agerraldi batean azaldu zuenez, bi obrak batera egin beharko zirela jakinda, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia kontaktuan egon dira, eta elkarlanean aritu dira errepide mozketek ahalik eta kalte gutxien eragin dezaten. “Badakigu ibilgailu astunen zirkulazio handia duen errepidea dela A-15 autobidea, eta salgaien garraiorako lau hilabetez ixtea oso kaltegarria izango litzatekeela garraiolarientzat eta enpresa guztientzat, orokorrean. Alabaina, tunel barruko segurtasuna bermatzeko erantzukizuna ere badaukagu”. Bilera horietan ondorioetako bat izan zen ahal zen neurrian ibilgailu astunen zirkulazioa baimentzea.

Obrek irauten duten bitartean tuneleko segurtasuna zaintzeko ahalegin berezia egingo dutela azaldu du aldundiak. Hainbat neurri hartuko dituzte tuneleko segurtasuna areagotzeko: abiadura mugak zorroztuko dituzte, eta suhiltzaileen lehen mailako esku-hartze talde batek egunean 24 orduz eta asteko zazpi egunetan zainduko du tunela.

2004koa da tuneletan obrak egitera behartzen duen zuzentaraua. 1999an, Mont Blanc-eko tunelean (Frantzia-Italia) eta Tauern-ekoan (Austria) izandako bi istripu handik, eta 2001ean San Gotardon (Suitza) gertatuak eraman zuten Europako Batzordea tuneletan gutxieneko segurtasun neurriak zehaztera. Ordutik, segurtasun neurriak kontuan hartuta eraiki dira tunelak, baina lehenago eraikitakoak egokitu behar dira orain. Besteak beste, larrialdi irteerak, aireztapena, argiztapena, segurtasun kamerak eta autoak baztertu ahal izateko guneak arautzen ditu Europako 2004/54/CE zuzentarauak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>