Lehenengo galbahe serioa

Unai Zubeldia

1 Aurreko denboraldiarekin alderatuta, zein aldaketa izan dituzue taldean?

2 Zein helburu dauzkazue denboraldi honetarako?

3 Zein dira faboritoak Euskotren ligan sartzeko?

4 Zerekin geldituko zinateke gustura denboraldi amaieran?

Ez da giro izango, ez estropadaren atariko orduetan eta ezta uretan bertan ere. Arraun klubek asteburu honetako palakaden arabera egituratu beharko dute denboraldi guztia, eta dezenteko presioa sortuko du horrek. Denboraldi honetan hamabi ontzik egon nahiko lukete Euskotren ligan, arraunaren maila nagusian, baina laurentzat bakarrik dago tokia. Horietako batek ia ziurtatuta dauka lekua, San Juanek, iazko txapeldunak, nahikoa izango duelako bihar edo etzi bosgarren amaituta. Portugaleten (Bizkaia) izango dute, bihar, lehenengo estropada (18:00), eta Zierbenan (Bizkaia) bigarrena, etzi (11:45). Erlojuaren aurka ariko dira ontzi guztiak. Euskotren ligan ariko dira asteburu honetako lau ontzirik azkarrenak, eta ETE Emakumeen Traineru Elkarte sortu berriaren ligan gainerakoak.

Arraun Lagunak, Deusto, Donostiarra, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Lea Artibai, Orio, Puebla-Cabo, San Juan eta Tolosaldea ariko dira lehian bihar eta etzi, eta, Euskotren ligara sailkatzen diren ontzientzat puntuagarriak izango dira bi saioak. ETE ligan, berriz, uztailaren 8an jokatuko dute lehenengo estropada puntuagarria, Donostian —ekainaren 17koa eta 23koa ez dira izan puntuagarriak—. Neguko lanak amaituta, Gipuzkoako zortzi klubetako ordezkariak gogotsu daude denboraldiari ekiteko.

ITZIAR EGUREN

Arraun Lagunak-eko ordezkaria

“Guretzat kolpea litzateke Euskotren ligan ez sartzea”
1

“Dezentek utzi dute taldea, eta bi neska ekarri behar izan ditugu Galiziatik, beste bi Ondarroatik, Arkoten ibilitako bat…”.

2

“Iazkoa berdintzea, gutxienez: Euskotren ligan eta Kontxako ohorezko txandan sartzea. Guretzat kolpea litzateke Euskotren ligan ez sartzea”.

3

“Orio eta San Juan argi samar daude, eta akatsak garesti ordainduko dira gero; Deusto, gu, Hibaika, Hondarribia… Gure akatsen zain egongo dira asko”.

4

“Helburuak beteta eta talde lan on bat eginda; eta ez emaitzei dagokienez bakarrik. Ea gai garen talde indartsu bat sortzeko”.

 

ALBERTO LOPEZ

Donostiarra Kaiarribako presidentea

“Hemezortzi hilabete daramatzagu, eta ikasten jarraitzea da helburua”
1

“Blokeari eutsi diogu. Ez dute segituko Alacanteko bi neskak eta Tarragonako batek. Euskal Herrikoak dira denak, bi bizkaitar eta Oriok utzitako lau tartean”.

2

“Hemezortzi hilabete daramatzagu proiektu honekin, eta ikasten jarraitzea da helburua”.

3

“Orio eta San Juan; eta Arraun Lagunak, Hondarribia, Deusto eta galiziarren artetik, bi”.

4

“Gehienek hurrengo urtean ere jarrai dezaten lortuta, eta Kontxan lan ona eginda”.

 

XABIER ZABALA

Hernani Arraun Elkarteko prestatzailea

“Iaz Kontxan titular izan zirenen artetik bik bakarrik jarraitzen dute”
1

“Azken bi urteotan 30 bat arraunlarik utzi dute taldea; iaz, Kontxan titular izan zirenen artetik bik bakarrik jarraitzen dute, eta azken unera arte ez dugu izango aukerarik multzoa osatzeko”.

2

“Larri gabiltza helburuak zehazteko. Hogei bat egun-edo beharko ditugu gure mailarik txukunena emateko. Guretzat goizegi datoz kanporaketak”.

3

“Aurretik dabiltza San Juan eta Orio, eta, ezustekoren bat izan badaiteke ere, iazko laurak sartuko direla uste dut: San Juan, Orio, Hibaika eta Arraun Lagunak”.

4

“Gustura egongo naiz asteroko pausoak aurrera ematen baditugu. Pasatutako urtearekin, ona izango da lortzen dugun guztia”.

 

ELI PESCADOR

Hibaikako arraunlaria

“Oso negu gogorra izan da; trainerua ez genuela aterako uste zuten askok”
1

“Iaztik, hamabost arraunlarik utzi dute taldea, eta erabat berria da proiektua. Arraunlari asko igo dira harrobitik, eta etxekoekin ibili gara neguan; orain iritsiko dira fitxaketaren batzuk”.

2

“Euskotren ligan sartzea da helburua, nahiz eta zaila izango den. Aurten, hala ere, bi ligetan egongo da ikuskizun handia”.

3

“San Juan eta Orio dira faboritoak, eta lehia handia izango da gero: Deusto, Hondarribia, Donostiarra, Arraun Lagunak, gu geu, Kaiku…”.

4

“Gauza guztiak ondo ateratzearekin. Oso negu gogorra izan da; trainerua ez genuela aterako uste zuten askok. Gozatzea eta sentsazio onekin amaitzea da helburua”.

 

IKER CORTES

Hondarribia Arraun Elkarteko prestatzailea

“Zazpi talde gaude Euskotren ligarako azken bi postuetarako lehian”
1

“Nirea izan da aldaketarik handiena, eta sei-zazpi arraunlari fitxatu ditugu”.

2

“Trainerua uretan egotea zen hasierako helburua, eta, hori lortuta, Euskotren ligan sartzea da erronka, nahiz eta badakigun oso zaila izango dela”.

3

“Orio eta San Juan barruan egongo dira, ziur, eta, ondoren, zazpi talde gaude azken bi postuetarako lehian. Hibaika eta gu sartzea gustatuko litzaidake”.

4

“Proiektuari jarraipena emanda; ez dadila izan urte bakarreko kontua”.

XANTI ZABALETA

Orio Arraun Elkarteko prestatzailea

“Oso adi ibili beharko dugu, ezustekoak izan daitezkeelako”
1

“Taldearen %75-80ri eutsi diogu, eta lauzpabost aldaketa egin ditugu. Ondo lan egin dugu neguan, eta lehiaketari ekiteko gogotsu gaude jada”.

2

“Euskotren ligarako sailkatzea eta bertan finkatzea litzateke lehenengo helburua, eta, ondoren, Kontxako Banderan beste pauso bat ematea. Ea gai garen San Juanengana inguratzeko”.

3

“Orain arteko emaitzak aztertuta, egia da San Juanek eta Oriok barruan behar luketela, baina oso adi ibili beharko dugu, ezustekoak izan daitezkeelako. Uste dut traineru batzuek, oraindik, ez dutela eman euren mailarik onena, eta kontuz”.

4

“Onenekin parez pare lehiatzeko gai izanda, eta, tartean-tartean, banderaren bat irabazita”.

 

JOSUNE UGARTE

San Juan Arraun Elkarteko arraunlaria

“Gure lana ondo egin izanaren sentsazioarekin amaitu nahi dugu”
1

“Urtero bezala, arraunlari batzuek taldea utzi dute aurten ere, baina blokea mantentzea lortu dugu. Pare bat arraunlari berri iritsi dira taldera”.

2

“Goian ibiltzea da helburua. Azken urteak aztertuta, badakigu zaila izango dela, baina aurreko postuetan ibiltzeko erronka daukagu”.

3

“Gu ia sailkatuta gaudela esan daiteke, nahikoa izango dugulako bi estropadetako batean bosgarren amaitzea. Orio ere sailkatuko dela uste dut, baina ez nuke jakingo beste bi ontziren izenak ematen; Hondarribia, Deusto, galiziarrak, Arraun Lagunak…”.

4

“Gure lana ondo egin izanaren sentsazioarekin bukatuz gero, gustura nengoke. Ondo lan eginda irabazten badugu, primeran; baina ondo lan eginda ere bigarren amaitzen badugu, gurea eginda edukiko genuke”.

 

MALEN OIARZABAL

Tolosaldea Arraun Klubeko arraunlaria

“Gustura zerekin? Ligan maila ona emanda eta Kontxarako sailkatuta”
1

“Traineru berria da gurea. Oso gazteak gara denok, harrobikoak, eta etorkizuneko taldea da gurea”.

2

“Non gauden ikustea, guk geuk ere ez dakigulako. Lehen pauso sendoak eman nahiko genituzke”.

3

“San Juan eta Orio barruan egongo dira, eta akats gutxien egiten duten bi ontziak sailkatuko dira gero. Hondarribia, Donostiarra, Arraun Lagunak, galiziarrak… Gertu gabiltza denok, eta, gure kasuan, presiorik, behintzat, ez daukagu. Hori daukagu alde”.

4

“Ligan maila ona emanda eta Kontxarako sailkatuta. Azken hori da arraunlari guztien helburua. Zazpirentzat soilik dago lekua, baina saiatuko gara”.