Kaleko sortzaileen omenez

Kaleko sortzaileen omenez

Aitziber Arzallus

Aurten, 25 urte bete ditu Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Topaketak, eta kale antzerkian diharduten sortzaileak omenduko dituen obra bat estreinatuz ospatuko dute urtemuga Zarautzen. Nola, bestela? Lewis Carrollen Alicia obraren moldaketa da A lurpean, eta Zarauzko sei aktorek antzeztuko dute, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Bi emanaldi egingo dituzte —bihar lehena, etzi bigarrena—, eta, antzezlanaren ezaugarriengatik, 190 lagunera mugatu dute emanaldi bakoitzerako ikusle kopurua. Ikusmina piztu du, eta airean amaitu dira sarrerak. Ikusteko gogoz geratu denak, agian, aurrerago izan lezake aukerarik; oraingoz, ordea, ez daukate beste emanaldirik aurreikusita.

Gaztañagak eta haren taldeak hilabete daramate bihar estreinatuko duten antzezlana entseatzen, baina aurretik “lan handia eta konplexua” egin dutela azaldu du zuzendariak. Zestoarrak iaz jaso zuen Olatz Azkue Zarauzko Udaleko kultura teknikariaren deia. “Zarauzko Alproja elkartea hasi zen Kalerki jaialdia antolatzen, eta, hogei urte igaro eta gero, duela bost urte, udalari pasatu zion lekukoa”, kontatu du Azkuek. “Urteurrena dela eta, gauza bereziren bat egin nahi genuen. Aukerak aztertu genituen, eta ikusi genuen guretzat interesgarriena zela herriko profesionalekin zerbait muntatzea. Herriko antzerki taldeetako kideei galdetu genien ea prest zeuden ekoizpen bat egiteko, eta baiezkoa jaso genuen”. Ideia hari forma emango zion zuzendari bat behar zutela eta, Gaztañagari deitzea erabaki zuten, “bere profesionaltasunagatik”.

Gaztañagak “ezustean” hartu zuen Azkueren deia. “Eta opari bat bezala ere bai, Zarautzen nolako artista eta sortzaile harrobia dagoen ikusita, banekielako zerbait handia aterako zela”. Hasieratik esan zioten asko gustatzen zitzaiela Alicia. “Hori seguru zekiten, baina gehiago ez; beraz, hortik abiatuta mundu bat sortu behar izan dugu. Lan konplexua izan da, Carrellen testu hori ez delako batere erraza, are gutxiago antzerkian egiteko. Erronka izan da”. Bere ibilbidean jaso duen lehen enkargua izan da, gainera. “Orain arte, neuk nahi nuelako kontatu dut kontatu dudan guztia; obra bat hartu eta moldatu izan dut, baina neuk nahi nuena. Izugarrizko oparia izan da hau, Carrollena egundoko obra delako eta aukera eman digulako nahi genuena kontatzeko: sortzaileek gaur egun duten egoera zein larria den. Antzezlana omenaldi gisakoa da 25 urte hauetan kale antzerkian ibili diren sortzaile guztientzat”.

Berezitasun ugari

Casting-a egin zuten aurrena, Gaztañagaren esanetan “jende asko” zegoelako parte hartzeko prest, baina aurrekontuak ez zuelako uzten lantaldea oso handia izaten. Sei aktore aukeratu zituzten, herritarrak guztiak: Ainhoa Alberdi, Ander Iruretagoiena, Beñat Aristi, Iraia Elias, Koldo Arakistain eta Patxi Santamaria. “Nik, ordurako, gutxi gorabehera banekien zein agerraldi kontatu nahi nituen. Lortu behar genuena zen haiek gustatzen zitzaigun testuinguruan kokatzea”. Abenduan egin zituzten inprobisatze saioak, eta, ondoren, testua idazteari ekin zion Gaztañagak. “Horretan jardun nintzen martxora bitartean, eta aktoreei testua banatu nien gero; etxean ikasi dute testua, eta ekainean hasi gara entseatzeko elkartzen”.

Antzezlanak berezitasun ugari dituela adierazi dute Gaztañagak eta Azkuek. Kalerkirako propio prestatu duten ekoizpena izanik, kalean egin beharreko antzezlana behar zuen izan. “Eta kalean egin behar horrek badauzka gauza ederrak, baina baita oztopo handiak ere”, dio zuzendariak. “Kodea erabat aldatzen da, eta baldintzatzen gaituzten faktoreak ere bai. Adibidez, eguraldi ona egiteko errezatzen ari gara orain; areto batean ez genukeen izango kezka hori”.

Obra ibiltaria dela, hori da A lurpean-en beste berezitasunetako bat. “A da obrako protagonista, eta duda bat dauka. Bere bizitzan gauza batzuk egin nahiko lituzke, baina ez dauka adorerik, eta bere ametsak lortzeko lagungarri zaizkion izaki batzuk topatuko ditu egingo duen bidaia horretan. Bukaeran, publikoak erabakiko du A-k zer egingo duen”, aurreratu du Gaztañagak. A-k parrokiaren ondoko Arrosategi parkean barrena egingo du bidaia. “Ordu eta erdiz protagonistaren atzetik ibiliko dira ikusleak. Horregatik mugatu dugu ikusle kopurua 190 lagunera, ezin delako mugitu multzo handiagoa batetik bestera. Gure nahia da ikusten dutenek, behintzat, ondo ikustea”, azaldu du Azkuek.

Ikusmin handia

Astelehen goizean jarri zituzten eskuragarri sarrerak; arratsalderako bukatu ziren larunbatekoak, eta astearte eguerdirako igandekoak. “Oso berri pozgarria izan da, nahiz eta presio pixka bat gehitu digun”, adierazi du Gaztañagak. Pena bakarra du: bi emanaldi besterik ez daukatela prestatuta. “Obra bat estreinatzean, egokitze moduko bat izaten dira lehenengo lau emanaldiak, segurtasun pixka bat hartzeko eta publikoak gauza bakoitzari nola erantzuten dion ikusteko. Oso talde polita sortu dugu, eta pena litzateke bidaia hau bi emanaldirekin bukatzea”.

Aktoreen eta zuzendariaren lanaz gain, jantziez, argiez eta beste hamaika xehetasunez arduratu diren profesionalen lana ere bai baitago atzean. Joel Crespok egin du argien diseinua; Nere Izetak jantziena; Leire Ruizek kartelarena; eta antzezlanean hiru rol txiki jokatuko dituzte Alproja taldeko hiru kidek. Zarauztarrak dira guzti-guztiak. Azkuek aurreratu du aztertuko dutela beste emanaldirik egin daitekeen edo ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.