Eneko Lekuona: “Gustura egingo nuke ‘bodysuit’ bat, gorputz osoa”

Eneko Lekuona: “Gustura egingo nuke ‘bodysuit’ bat, gorputz osoa”

Asier Perez-Karkamo

Gaztetxotatik bazekien aldizkarietako rock izarrenak bezalako tatuajeak eduki nahi zituela, baina ez zuen uste azalean marrazten ikasteko aukera izango zuenik. Madrilen ikasketak eginda, Asiako tatuajean aditu bilakatu da Eneko Lekuona (Hondarribia, 1976). Milaka egin ditu, baina oraindik ere bada egin ez duenik.

Nondik datorkizu azalean marrazteko zaletasuna?

Txikitatik, metala eta rocka entzuten hasi nintzenetik. Aldizkarietan ikusten nuen jendea tatuatuta, eta “handitzean tatuajeak edukiko ditut”, pentsatzen nuen.

Non ikasi zenuen egiten?

Madrilen, estudio batean. Bederatzi eguneko ikastaro intentsiboa egin nuen. Baina oso gutxi ikasten da horrelakoetan, oinarrizkoa; makina bat, orratzak, higieneari buruzko oinarrizko gauzak… Tatuatzaile profesional titulua lortu nuen gero. Oso jatorra zen maisua, eta gomendio batzuk eman zizkidan: “Izan zaitez umila”, esan zidan, “poliki-poliki hasi, familiarekin, lagunekin, gauza txikiekin; kontrola dezakezunetik hasi”. Kasu egin nion.

Etxean marrazten duzu, eta Angelun tatuatu. Nolatan?

Orain ez bezala, Hondarribian, lehen, ez zegoen tatuajearen kulturarik. Tatuatzeko inor ez neukala gelditu nintzen, ez nuen aurreratzen, ezin nuen maila hobetu… Txerri azalean egiten nituen tatuajeak hasieran, baina motibaziorik gabe gelditu nintzen. Estudio baten bila hasi nintzen, Donostialdean oso zail zegoen, eta Ipar Euskal Herrian hasi nintzen bila. Interneteko foro batean ikusi nuen Angelun norbaiten bila ari zirela, Zakura estudioan. Eta hara joan nintzen. Oso berezia zen estudioko arduraduna, militarra, urte askoan lan horretan aritutakoa, Rambo makarra bat, harekin film bat egiteko modukoa. Baina hark eman zidan aukera, orain hamabost bat urte.

Lokal horretan zaude ordutik?

Bai, eta denda hartu nion gero. Asko aldatu da dena; materiala, teknika… Berak, jada, ez zuen inbertsiorik egin nahi, ez zegoen motibatuta, eta saiatu egin nahi nuen nik. “Estudioa saldu edo beste leku batera joango naiz”, esan nion, eta saldu egin zidan.

Asiako tatuajeetan aditua zara…

Bai, Asiako tatuaje tradizionalean edo neo-asiarrean; Asiako estilo berrietan eta zuri-beltzeko errealismoan. Bien arteko nahasketa egiten dut gero, sumi-e teknikarekin batera [tinta japoniarra]. Errealismoa eta sumi-e uztartuz, sakontasun handiko irudiak lortzen dira, zabaltze handiko argazkietan bezala.

Euskal Herrian ez dago estilo horretan aditua den asko…

Ez. Donostian badut lagun kolonbiar bat, eta oso ona da. Beste kolonbiar bat ere ezagutzen dut Bilbon… Baina ez gaude asko, ez.

Eskaririk ba al dago?

Eskaria? Bai, badira bezeroak. Eta atzerritik ere etortzen zait jendea noizean behin, nire estiloa gustatzen zaielako. Bere estiloa izaten du bakoitzak, eta horren arabera mugitzen da jendea; Alpeetatik, Paristik, Bretainiatik… etorri zaizkit. Jende jatorra da, normala, kultura hori oso barneratua duena. Badira estiloaren bila ibiltzen diren adituak; ez dute esaten “karpa bat egin nahi dut”, baizik eta “horrek egiten duen karpa nahi dut”. Bildumazaleak dira, tatuajeen bildumazaleak.

Zure marrazkien artean aukeratzen dute edo eurek esaten dute zer nahi duten?

Niri gehiago gustatzen zait bezeroarekin eztabaidatzea; buruan zer daukaten ikustea eta ondoren proposamena egitea. Noizean behin etortzen zaizkit ideiarik gabe. Iaz, gizon bat etorri zitzaidan, eta hala esan zidan: “Bizkar bat egitea nahi dut, txundigarria, baina ez zaizkit gustatzen ez geishak eta ez tigreak. Hori izan ezik, zuk nahi duzuna egin”.

Zenbat denbora behar izan zenuen lan hori egiteko?

Lauzpabost saiotan egiten dut normalean, baina modu berezian landu nuen hura, Miarritzeko konbentzioko txapelketarako prestatu nahi nuelako. Zazpi saio egin nituen, teknika batzuk probatu nahi nituelako. Bularraldean ere egin nion tatuajea; bizkarrekoa bukatu eta gero, pena ematen zion aurrealdea ezer gabe ikusteak. Pieza handietako hirugarren saria lortu nuen bizkarrarekin, eta konbentzioko tatuaje onenaren lehen saria aurrealdearekin. Zoratzen zegoen bezeroa.

Sari gehiago lortu al dituzu?

Bai. Miarritzen besteren bat, eta Hossegorren, Pauen…

Zein da tatuajerik zailena?

[Pentsakor] Tatuaje txikiak, izenak… Zuzentzeko aukera izaten da handietan. Gure euskarria bizirik dago, oinazea sumatzen du, batzuk mugitu egiten dira, eta nahi ez dugun tokitik joaten da marraren bat. “Zuretzat erraza izango da”, esaten didate. Baina baita zera ere! Nahiago dut aurpegi oso bat egitea izen bat tatuatzea baino.

Zein da eskatu dizuten tatuajerik bereziena?

Barrabiletan egin nion bati. Ez nekien egin zitekeenik ere; lagun bati deitu behar izan nion galdetzeko. “Egin ezazu”, esan zidan. “Bizitzan ez duzu izango halako beste aukerarik”. Oso esperientzia arraroa izan zen. Tipo elegantea zen, oso ondo jantzia, ongi hezitakoa, baina obsesioa zuen bere sexu organoekin. Beltzez tindatu nion eskroto guztia, hiru aro gorrirekin; diana antzeko bat.

Ba al da egin ez duzun tatuajerik eta egingo zenukeenik?

Bai. Gustura egingo nuke bodysuit bat, gorputz oso bat, hutsetik hasita. Goiko alde oso bat, hori egin dut gehienez; bi besoak, bizkarra eta sabela. Baina zaila da gorputz osoko zerbait lortzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.