Unescoren txartel berdea helburu

Unescoren txartel berdea helburu

Eider Goenaga Lizaso

Berdea, horia edo gorria izan daiteke txartela. Berdeak azterketa gainditu dela esan nahi du, eta lau urte barru arte ez dela berriro pasatu behar; horiarekin, bi urteko epea dago ebaluatzaileek ikusi dituzten puntu ilunak konpontzeko; eta, txartel gorriarekin, kalera. Unescoren Munduko Geoparkeen izendapena duten guneek lau urtean behin pasatu behar dute azterketa hori, izendapenari eutsi nahi badiote; joan den astean egokitu zitzaion txanda Euskal Kostaldeko Geoparkeari. Asier Hilario geoparkeko zuzendari zientifikoak dioenez, aztertzaileak gustura gelditu ziren hemen ikusitakoarekin, eta ez du uste duela lau urteko txartel berdea berresteko arazorik izango dutenik.

2014ko ebaluazioan, aipamen bereziko txartela eman zioten Euskal Kostaldeko Geoparkeari. “Oso gutxitan egiten duten aipamena jaso genuen, Strong Green Card delakoa, eta horrek esan nahi du geoparkeak oso ondo funtzionatzen duela”. Dena den, Unescok beti ematen ditu gomendio batzuk, baita txartel berdea jasotzen duten geoparkeei ere, eta joan den astean etorritako bi ebaluatzaileek gomendio horiei erreparatu zieten bereziki.

“Kostaldera datozen bisitarien fluxuak barnealdera mugitzea da guri jarri ziguten erronka nagusia”. Izan ere, Hilariok nabarmendu du geoparkeak hainbat gune interesgarri dituela barnealdean ere, flyschaz gain. “Geoparkeak badu barnealdeko aurpegi bat, oso jende gutxik ezagutzen duena; gauza oso interesgarriak ditugu, baina, interesgarriak ez ezik, kontsumitzeko modukoak izan behar dute”. Lau urteotan, hainbat gauza jarri dituzte martxan: besteak beste, Lasturren, Olatzen eta Ekainberrin —Ekainberri bera ez, baina Ekaingo koba geoparkean dago—. “Nik esango nuke gomendatutakoa bete dugula, edo aurrerapauso nabarmenak eman ditugula behintzat”.

Emandako gomendioez gain, azterketa oso zorrotza egiten dute Unescoko ebaluatzaileek. “Xehetasun handiz egiten da ebaluazioa. Begiratzen dute zientzia arloan zer egin duzun, zer ikerketa zientifiko egin diren eta zein jarduera antolatu dituzun; ebaluatzen da kontserbazio aldetik, hezkuntza aldetik, turismoaren ikuspegitik eta jasangarritasunaren ikuspegitik; eta oso sakon begiratzen da lurraldeko eragile pribatu zein publikoekin duzun harremana ere”.

Hain zuzen ere, 2014an, Unescok garrantzi handia eman zion Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen harreman sareari eta babes instituzionalari. “Oso talde txikia gara geoparkean zuzenean lan egiten dugunak, baina duela lau urte azpimarratu zuten geoparkeak kudeaketarako egitura oso egokia zuela, eta, ziurrenik, gauza bera nabarmenduko dute orain ere”. Geoparkeak oso harreman estua du Debako, Zumaiako eta Mutrikuko udalekin, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere. “Instituzio bakoitzari bere lekua ematen zaio, eta bakoitzak aukera du ekarpenak egiteko; badago halako sare egitura bat, non bakoitzak bere egitekoa duen. Erakundeak ez dira mugatzen laguntza edo babes ekonomikoa ematera; parte hartze zuzena dute”.

Hilarioren arabera, azterketa zorrotz horiek egitea “ezinbestekoa” da izendapena duten geoparkeek gauzak ondo egiten dituztela bermatzeko, kalitatea bermatzeko. “Baina, gainera, geoparkean ari direnek martxa ez galtzeko, tentsioari eusteko eta aurrera begirako pizgarri izateko”.

Unescoko beste bi geoparkeren ordezkariak dira egunotan Gipuzkoan egon diren bi ebaluatzaileak: Marekazu Ohno, Japoniako Unzen Volcanic Area geoparkekoa, eta Michael Sweeney, Irlandako Copper Coast geoparkekoa. “Hiru egunez egon dira gurekin, eta goitik behera begiratu dute dena; gurekin lan egiten duten eragile pribatu zein publiko ia guztiekin hitz egiteko aukera izan dute. Orain ikusi beharko dugu zer dioen haien txostenak”. Unescok 2019an plazaratuko du erabakia.

Aste honetan, ebaluatzaile

Unescoko ebaluatzaile taldeko kidea da Hilario bera, eta baita Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea ere. Aste honetan atzerrira joan dira biak, geoparke banaren ebaluazio txostenak egiteko. “Curriculumean hainbat baldintza bete behar dira ebaluatzaile izateko, baina geoparkeen kudeaketan edo geoparkeekin zerikusia duten lanetan esperientzia izatea da ezinbesteko baldintza”.

Unescok 1970eko hamarkadan sortutako programak dira Gizateriaren Ondare eta Biosferaren Erreserba izendapenak; geoparkeena, ordea, 2001ean sortu zen. Mundu mailan erreferentziazko balio geologikoa duten guneei ematen zaie.”Unescok ia 40 urte behar izan zituen programa hau sortzeko. Baina garrantzi handiko erabakia izan zen geologiarentzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.