Karearen aroa atzean utzita

Karearen aroa atzean utzita

Rebeka Calvo

XVIII. mendearen hasieran ohikoak ziren baserrien ondoko karobiak. Ia guztiek zeukaten bat, karea erabiltzen baitzuten baserriak zuritzeko, ukuiluak desinfektatzeko, soroetan ongarri gisa erabiltzeko, zomorroak uxatzeko eta ganaduaren zauriak sendatzeko. Ameriketatik ekarritako babarrunaren eta artoaren hedapenarekin batera, orokortu egin ziren karobiak, eta aldaketa sakonak eragin zituzten baserrien eguneroko jardunean. Urteen poderioz desagertuz joan ziren, ordea.

Karearen erabilera apaldu egin zen XX. mendeko ongarri kimikoak eta porlanaren industria ekoizpena haztearekin batera, eta, ondorioz, baserritarrek utzi egin zioten karobiak erabiltzeari. Badira, hala ere, zutik mantentzen diren batzuk. Zizurkilen bertan ere bai: Lizardikoa, Ipidegikoa, Otazukoa, Andresketakoa, Zarateko Bentakoa… Baina Irizibar baserrikoa da dotoreena. “Ohikoa ez bada ere, aterpea du, eta ederra da”, adierazi du Xabier Arrutik, Burdina taldeko kideak.

Urteak dira Irizibarko karobia ez dutela erabiltzen, eta, ondorioz, hondatuz joan da pixkanaka. Azken urteotan, baserri horretako familiako kideek hartu dituzte euren gain karobia mantentzeko lanak; 2002an berritu zuten estalpearen teilatua. Dena den, neketsua eta garestia izan daiteke Gipuzkoako kultur ondare hori mantentzea, eta, hori dela eta, Zizurkilgo Hernandorena kultur elkartearen laguntza jaso zuen familiak. “Karobi mordo bat dugu Zizurkilen, baina ez dago Irizibarkoa bezalakorik. Jabeek ez dute erabiltzen jada, eta azken urteotan eurek egin dute mantentzeko lana”. Joxin Azkue Gabilondo Hernandorena kultur elkarteko kideak azaldu du “askotan” joan izan direla hara. “Ikastetxeetako ikasleekin eta. Ez zen posible jabeek euren gain hartu behar izatea altxor hori mantentzeko lana, eta zerbait egitea pentsatu genuen”.

Hernandorenak, dena den, ez dauka eskarmenturik gai horretan, eta bertako kideak Burdina taldearekin jarri ziren harremanetan; kultur ondarea berreskuratzeko lanean aritzen da talde hori. “Burdina taldeko kideei deituta, guztion artean txukundu dugu, azkenean. Udalarekin ere jarri ginen harremanetan, eta materiala ordaindu ahal izan dugu eurek emandako diru laguntzari esker. Hemendik aurrerako mantentze lana egiteko konpromisoa ere hartu du udalak”, azaldu du Azkuek. 2017an ekin zieten Irizibarko karobia zaharberritzeko lanei, eta udazkenean egin zituzten ekintza gehienak. Lan horri esker lortu dute karobia haizeberritzea eta labeari gaur egun duen “itxura dotorea” ematea.

Hiru fasetan berritu dute karobia: inguruko sastrakak garbitu, eta hondakinak atera zituzten lehenik; egitura berreraikitzen eta sendotzen aritu ziren gero; eta duela hilabete inguru eman zuten azken pausoa: egindako lanen berri emateko udalak panela jartzea. Bi karobi mota daude: zaharrak, batetik, eta berriak edo frantses estilokoak, bestetik. Euskal Herrian azken horietakoak dira nagusi, baina estilo zaharrekoa da Irizibarkoa. Motzagoak eta zabalagoak izan ohi dira frantses estilokoak edo karobi berriak. “Karobi horietan bospasei egun ematen zituzten egitura prestatzen, harriak eramaten… Beste sei egunez edukitzen zuten martxan, eta atseden hartzen zuten ondorengo bi egunetan. Apiril aldera piztu ohi zituzten karobi horiek”, azaldu du Arrutik.

Hiruzpalau metroko altuera izaten dute estilo zaharreko karobiek eta beste pare bat metro diametroko zilindroak izaten dituzte. Aterpea ere izaten dute gehienek, teilatu eta guzti, baina galdu egin dute askok; horregatik da esanguratsua Irizibarkoak teilatua mantendu izana. Estalpeko teilatua berritzeaz eta eraikina garbitu eta sendotzeaz gain, Zizurkilgo karobiari erabat berritu diote sarrerako arkua ere, hargin baten laguntzarekin. Teilatuko lanetan, gapirioak eta latak saneatu zituzten lehenengo, eta ondoren berritu zuten teilatua bera.

Ipurtargien antzera

Hainbat dokumentu zaharretan irakurritakoa gogoratu du Burdina taldeko kideak. Horien arabera, apiril inguruan hainbat argi ikusten ziren mendi tontorretatik herrixketara begiratuta, ipurtargien antzera, horiek inguratuz. “Karobiak ziren, martxan jartzen zituztenean ikusten ziren karobiak”. Lan horretan zaildutako norbait egoten zen karobiak martxan jarri ahal izateko; harria bueltan-bueltan jartzen zuen karobiaren barruan, eta harrizko ganga edo bobeda bat prestatzen zuen horrela. Goitik botata, kareharria pilatzen zuten ganga horren gainean.

Behin labea beteta, su ematen zioten karobiari. Horretarako, otea sartzen zuten azpiko aho zulotik, eta gaztainondo eta pago enbor zatiak erretzen zituzten etengabe, sei bat egunez, harria egosi arte. Behin sua itzalita, karobiko labea hozten uzten zuten pare bat egunez, eta orduan lortzen zuten kare bizia, eguneroko hainbat lan egiteko materiala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.