Sueltoan, baina biak batean

Sueltoan, baina biak batean

Aitziber Arzallus

Ez bat, ez bi eta ez hiru. Amets Amubietak (Azpeitia, 1997) eta Larraitz Larrañagak (Azpeitia, 1999) dozenaka txapel, zapi eta garaikur dituzte etxean. Azkena joan den astean bertan eskuratu zuten, Errenteriako Madalen jaietan, Gipuzkoako Dantza Sueltoko 69. Txapelketa irabazita. Duela bi urte ere jantzi zuten Gipuzkoako txapela, eta Amubietak 2014an ere bai, ordukoan Maialen Aldalur bikotearekin. Baina ez pentsa horregatik oraingoak ilusio txikiagoa egin dienik. “Normalean, hiru edo lau bikoteren artean izaten dugu lehia, baina desberdina izaten da egun bakoitza, eta aurrez sekula ez dugu jakiten zeinek irabaziko duen”, dio Larrañagak. “Gainera, askotan epaimahaiaren iritzia ez da bat etortzen zeuk izan dituzun sentipenekin. Horregatik, irabazteak beti ematen du sekulako poza”, Amubietaren arabera.

Gazteak izanagatik, dantzan urte mordoa daramate biek ala biek, Luis Alberdi Beltza-k Azpeitian duen dantza eskolan. Lagun guztiak hasi zirelako ekin zion Larrañagak, “bakarrik ez gelditzearren”; Amubietak, berriz, bere bi arrebak ere ibiltzen zirelako. Sei bat urte izango zituzten dantzan hasi zirenean, eta zortzi edo bederatzi txapelketetan parte hartzen hasi zirenean. 2014ra arte, ordea, ez ziren bikote. Amubieta Maialen Aldalurrekin aritzen zen, eta Larrañaga, Jon Ibarzabalekin.

Amubietak gogoratu du asko kosta zitzaiola ordura arteko bikotea hautsi eta dantzan lagun berriarekin hasteko erabakia hartzea. “Maialenek eta biok punta-puntan geundenean utzi genion bikote izateari, Euskal Herriko txapela irabazi genuenean, eta ez zen erabaki erraza izan; pena handia eman zidan”. Dantza bikotekidea kanpora zihoan ikastera. “Eta planteatu genuen elkarrekin jarraitzea ere, berak kanpoan entseatuz eta nik hemen. Baina negua gogorra egingo zitzaigula iruditu zitzaigun. Larraitzekin hasteko aukera suertatu zitzaidan orduan”. Eta probatzea erabaki zuten. “Aurtengoa laugarren urtea dugu elkarrekin”. Bikotekiderik gabe gelditu berria zen Larrañaga ere. “Dantza utzi beharko nuela ere pentsatu nuen, ez baitzegoen beste mutilik. Baina orduantxe erabaki zuen Maialenek kanpora joatea, eta elkarrekin proba egiteko esan zigun Luisek”.

Elkarrengana egokitu behar izan zuten aurrena. “Pauso batzuk-eta aldatu genituen; bioi gustatzen zitzaizkigunak eta ondo zetozkigunak sartu genituen, eta entseatzearen ondorioz lortu genuen hortik aurrerakoa, bikote batek eduki behar duen elkar ulertze hori”, dio Amubietak. “Helburua da bikotea bat izatea. Batzuetan gertatzen da bi dantzariak oso onak izatea baina elkarrekin aritzeko gai ez izatea ere, bakoitzak berea egiten duelako. Bikote batean ezinbestekoa da elkar ulertze hori, konexio hori; ikusi egiten da, antzeman egiten da”.

Larrañagak eta Amubietak negu guztia entrenatzen pasatzen dute, udako txapelketetan ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko. “Batzuetan, gogorra egiten da neguan, ilunpetan, entrenatzera joate hori, baina, emaitzak nahi badira, beharrezkoa da aurrez lan egitea”. Larrañagaren hitzak dira. Normalean, astean bitan entseatzen dira, ordubeteko saioa bakoitzean. “Jendeak uste duen baino lan handiagoa dago honen guztiaren atzean. Esan izan digute bi jauzi egiteagatik ordaintzen digutela, benetan jakin gabe oholtzara igo aurretik zenbat entrenatzen garen”. Iritzi bera du Amubietak. “Oro har, jendeak dantza ez du hartzen kiroltzat: gehiago du denbora-pasatzat. Baina kirola dela esango nuke nik, oso ariketa fisikoa delako eta asko eskatzen duelako. Oholtzan ikusten gaituztenean ohartzen dira zer-nolako ahalegina egiten dugun, eta harrituta geratzen dira”. Amubietaren ustez, hala ere, ez da geratzen kirol hutsean. “Erabiltzen ditugun jantziek-eta beste dotorezia bat ematen diote; ukitu artistikoa. Kirola eta artea batzen dituen jarduera bat da, nire ustez”.

Lan egiten dute, eta ordaina ere jasotzen dute. “Batetik, euskal kulturaren parte eta bereizgarri den zerbaiti irauten laguntzen diogu, eta bete egiten gaitu horrek; eta, bestetik, gustatu egiten zaigu, ondo moldatzen gara, txapelketetan dugun lehiak motibatu egiten gaitu, eta diru pixka bat ere ateratzen dugu”, dio Amubietak. Maiatzetik urrira izaten dira txapelketak, San Tomas egunez Azpeitian izaten dena kenduta. Larrañagak eta Amubietak hamabost bat txapelketatan parte hartzen dute urtero. “Parte hartzeagatik dietak ordaintzen dizkigute, eta, gero, lortzen dugun postuaren arabera, gehiago edo gutxiago ordaintzen digute. Ez gara bikote asko ibiltzen, eta ondo zaintzen gaituzte; nahikoa ondo pagatzen digute”, azaldu du Amubietak.

Haurrak eta helduak, batera

Dantza sueltoko txapelketek iraun egingo dutela uste dute biek ala biek. Larrañagaren arabera, umetan asko hasten dira dantzan, eta, gero, 14 bat urteren bueltan, utzi egiten dute gehienek. “Baina antzeko zerbait gertatzen da beste hainbat gauzarekin ere”. Amubietak nabarmendu du Azpeitian harrobi indartsua dagoela eta dantzari on asko irteten dela handik. “Luisek lan handia egiten du horretan; asko bultzatzen gaitu txapelketetan parte hartzera, eta oso giro ona daukagu taldean. Haurrek eta helduek denok elkarrekin egiten ditugu entseguak, eta uste dut haurrak motibatzeko balio duela horrek, eredutzat hartzen baikaituzte”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.