Iñaki Bengoa: “Liluratuta gelditu nintzen jasotako babesarekin”

Iñaki Bengoa: “Liluratuta gelditu nintzen jasotako babesarekin”

Beñat Alberdi

Hamaika ikusteko jaioak izan arren, gutxik esperoko zuten Huntza eta Ruper Ordorika kontzertu berean aurkitzea; eta are gutxiago gune berean Pablo Novoa eta Keu Agirretxea, Petti eta Barrenan Semiak, eta Ines Osinaga eta Zea Mayseko Aiora eta Piti elkartzea. Nahikoa ezohikoa da kontzertua, baina baita arrazoia ere: Shot Arrasateko estudioa berriz zabaltzeko bultzada lortu nahi dute irailaren 23an —suak kiskali zuen maiatzaren 11n—. Kartelak ondo erakusten du Shot estudioak eta Iñaki Bengoa arduradunak (Arrasate, 1968) urteotan egindako lana. 1994tik talde asko igaro dira handik diskoa grabatzeko: Betagarri, Su ta Gar, La Polla Records, Gose…

24 urte pasatu dira Shot estudioa zabaldu zenutenetik. Nola gorpuztu zen proiektua?

Beti eduki izan dut lotura musikarekin. Horixe nahi nuen, nahiz eta ez den erraza. Estudioa zabaltzea zen aukeretako bat. Soinu teknikari lanak ere egin ditut, eta hainbat taldetan aritu naiz; Gosen eta Anita Parkerren, besteak beste.

Bideari ekin, eta RIP taldearen diskoa grabatu zenuten estudio honetan. Lehen pausoak emateko aukera izan zen hura, akaso?

RIPekin eta musikaren inguruan sortu zen mugimenduarekin hasi zen dena. RIP taldearen soinu teknikaria nintzen ni, eta oso baliagarria izan zen hori, oinarrizkoa, kontaktu mordoa egin baikenuen. RIP, gainera, ez zen edozein talde, eta batera eta bestera bueltaka ibili ginen.

Ordutik hamaika talde ezagun igaro da estudiotik: Deskontrol, Betagarri, Soziedad Alkoholika, Ekon, La Polla Records, Gose, Petti… Erreferentzia zineten eta zarete Euskal Herrian?

Ez pentsa. Talde asko ezagun bihurtu aurretik igaro dira guretik; ezer grabatzen duten lehen aldia izaten da talde askorentzat. Marea taldeko Kutxi Romerok duela gutxi esan zidan gurea izan zela sartu zen lehen estudioa.

Zuzenekoak ere grabatu izan dituzue zuen estudioan: Negu Gorriak, Ruper Ordorika, Oskorri… Alde nabarmena dago estiloen artean.

Grabazio estudio baten gauzarik politena da ez duzula estilo bakarrarekin lan egiten; oso irekiak gara. Bakoitzak nahiago izaten du talde bat edo bestea, baina denetik entzun behar da, nire ustez; une oro entzun behar da musika.

Estilo aldaketei helduta, Elgoibarko udal bandaren diskoa grabatu zenuten, eta baita Donostiako txistularien alardea ere, zuzenean. Denetik egin duzue…

Denekin ikasten da. Asko ikasi nuen Elgoibarko bandaren grabazioan. 40 instrumentu inguru ziren, pentsa. Shock moduko bat izan zen RIP taldetik horra pasatzea, baina asko ikasten da. RIPekin adina ikasi nuen beste talde guztiekin.

Maiatzaren 11 ez da egun gozoa izango zuretzat, ezta?

Etxean nengoen, eta suhiltzaileek deitu zidaten. Zirkuitu labur bat gertatu zen estudioan. Egun batean zerbait nuen, eta, hurrengoan, ezer ez. Denborarekin ohitu egiten da bat, baina ordutik gauza asko ditut faltan. Disko gogor guztiak erre zitzaizkidan, adibidez. Esaterako, Gose taldearen argazki guztiak neuzkan horietako batean; orain , jada, ez daukat argazkirik.

Nabarmenak izan dira suteak eragindako kalte materialak: musika tresnak, disko gogorrak… eta baita grabaketen kopia masterrak ere, ezta?

Kopia masterrak galdu izanak kolpatu nau gehien. Gutxi gorabehera, 400 bat talde igaroko ziren hemendik 24 urteotan. RIPenak eta La Polla Recordsenak galdu ditut, esaterako. Asko mindu nau, baina ez dauka atzera-bueltarik; galdu egin dira, eta kito. Talde horiek, orain, adibidez, ezingo dute editatu albumen bat berriz.

Gertaeraren ostean nabarmendu zenuen ikaragarria izan zela jaso zenuten babesa. Erreferentzia bilakatu izana igarri zenuten momentu horretan?

Liluratuta gelditu nintzen, bai, izugarrizko mezu eta dei pila jaso nuelako. Inoiz berekin lan egin gabeko jendeak ere idatzi zidan. Edozer egiteko prest zeuden. Beti uste izan dut musika munduko jendeak elkartasun handia daukala; Euskal Herrian, batez ere. Baina ez nuen espero hainbesteko elkartasunik.

Irailaren 23ko kontzertua ez da makala. Ruper Ordorikak eta Huntzak parte hartuko dute, adibidez; bi belaunaldi. Urteotan egindako lanaren erakusgarri al da hori?

Bi talde horien artean galanta da adin tartea. Hala ere, badaukate lotura. Huntza sutea baino pixka bat lehenago aritu zen estudioan grabaketak egiten, eta Ruper, estudioa zabaldu genuenean. Dena den, ez dut nik aukeratu zein talde ariko diren hilaren 23an.

Izan ere, antolaketa lanetan ez duzu parte hartu. Lagunek prestatutako ezustekoa izan al da?

Bai. Sutea gertatu zen egunean bertan erabaki zuten, arratsaldean. Gertuko jendea izan da. Argi esan zidaten, gainera: kontzertua antolatuko dugu; zuk ezin duzu ezezkorik esan.

Musikaren munduan ohikoa al da horrelako elkartasun sarea sortzea?

Baietz uste dut; teknikari gisa esaten dut, eta baita musikari moduan ere. Gaztetxe pila bat dago Euskal Herrian, musikari mordoa, festibalak ere asko… Sare bat badago, eta ederra da hori.

Kontzertuari esker, aurrerapauso nabarmena eman ahal izango duzue estudioan. Argia ikusten hasiak al zarete?

Eskertzekoa da laguntzeko egin duten ahalegin guztia. Urte bukaerarako berriz ere martxan izango dugu estudioa. Oraindik suntsituta dago lokala, baina dena behar bezala joatea espero dut.

Berriz ireki arte, izango al duzue aukerarik estudioko zerbitzuak eskaintzeko?

Ez. Zenbait talderekin hitzartuta neukan grabaketak egitea, baina beste estudioren batera bideratu behar izan ditut, edo eurek aurkitu dute besteren bat. Guk, esaterako, lagun batek eskaini zidan estudioan grabatu dugu Anita Parkerren diskoa. Hitzartuta neuzkan talde batzuek, berriz, estudioa konpondu arte itxarotea erabaki dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.