Ondarearen ateak irekita

Xabier Regil Agirre

Lau fatxadetatik ateratzen diren xaflek kaiola itxura ematen diote eraikinari, kaiola ireki baten itxura. Horrek badu loturarik haren zereginarekin; piezak gordetzen dituzte bertan, baina ez du horiek han mantentzea helburu; jendeak pieza horien balioa aintzat hartzea da gordailuan duten benetako helburua. Hori berretsi du Urkiri Salaberria bertako bisita gidariak: “Ideala litzateke piezak etengabe mugimenduan egotea; piezak ez ditugu gordetzen gordetze hutsagatik, gure ondorengoei erakusteko baizik”.

Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroak 65.000 elementu inguru biltzen ditu barnean, etnografikoak, historikoak eta artistikoak; San Telmo museoko bildumak, diputazioaren bildumak eta beste batzuek eskaini dituzten bildumak eta piezak tartean. Horiez gain, pieza arkeologiko asko daude gordeta bertan. Hiru solairutan dago banatuta, eta 9.000 metro koadroko azalera du; beharren arabera egokituta dago solairu horietako bakoitza. Kodea eta fitxa dauka pieza bakoitzak; izan ere, Gordailuaren abantaila bakarra ez da elementu horiek guztiak leku bakarrean izatea; inbentario bakarra osatzen dute bertan gordeta dauden elementu guztiek.

Siglak dauzka 65.000 pieza horietako bakoitzak, bere argazki, kokapen eta zergati eta guzti. Eraikinaren instalazioetan oso espazio bereziak ere badaude, beste zentro batzuetan ez daudenak. Piezak egoera egokian gordetzeko garrantzitsuena ez da horiek hezetasun eta tenperatura jakin batzuetan edukitzea, baldintza horietan ahalik eta aldaketa txikienak izatea baizik; aldaketa bortitzek egiten diete kalte elementuei.

Pieza baten ibilbidea

Hainbat modu daude pieza bat Gordailura iristeko: erosketa bidez, donazio bidez, depositu gisa —jabetasuna mantentzen da, baina pieza hori gordailuan gordetzen da—, edota zorrak kitatzeko baliabide modura. Ogasunarekin kontuak eguneratzeko moduetako bat da hori; zorra kitatzeko ondarea ematea, alegia. Duela 100 urtetik gorako elementu asko dituzte Gordailuan, baina azken 60 urteotako gutxi. Izan ere, Salaberriaren esanetan, ez da gauza erraza jakitea zer gorde beharko litzatekeen eta zer ez.

Pieza batek eraikinean sartzean egiten duen ibilbide berbera egiten du bisitariak Gordailuaren bisitan. Herritarrak horrela jabetzen dira erakusketa edo museo baten atzean zenbat lan eta historia dagoen. Azken finean, hori da horrelako bisiten helburuetako bat: jendea suspertzea museoetara joan dadin. Gordailua, izatez, piezak gordetzeko tokia baita, ez ikustekoa. Objektuekin batera herriaren nortasuna gordetzen dela azaldu du Salaberriak: “Horretarako gordetzen da ondarea: etorkizunean herritarrek nondik datozen jakin dezaten. Seinaleak biltzen ditugu hemen, urteetan gure arbasoek utzi dizkiguten seinaleak. Orografia bati lotuta daude objektu horiek, antolatzeko modu bati, pentsatzeko modu bati, sentitzeko eta ulertzeko modu bati. Historia horrekin gorde behar ditugu objektuak”.

Gordailuak asko erraztu die ikerketa ikertzaileei. Lehen, Gipuzkoako hainbat herritan barrena bidaiatu behar izaten zuten sarri bilduma bateko elementuak aztertzeko, sakabanatuta zeudelako; orain, berriz, leku bakarrean egin dezakete azterketa. “Ondarea mantentzeko lanean aritzen garenontzat eta zaintzaileentzat ametsa da aldundiak zentro hau egin izana”, aipatu du Salaberriak.

Beheko solairuan hasten da ibilbidea. Baina, bisitari ekiterako, askori atentzioa ematen die eraikin osoan dauden aire girotuko makina handiek eta hodi lodiek; horrelako espazio zabaletan, makina horiek nahitaezkoak dira tenperatura kontrolatzeko. Bertan daude pieza handi eta pisutsuenak biltzen dituzten biltegiak, berriztatzaile gela, erregistro sala, argazki gela eta berrogeialdi gela. Pasillo edo korridore handi bat dago bertan, eta kalera ematen du ateetako batek; handik sartu eta atera ohi dituzte piezak. Kamioi bat sartzeko adinako zabalera eta altuera du korridoreak; dena den, praktikan, ez da kamioirik sartzen, barruko elementuak kaltetu ditzakeelako kutsadurak. Igarotze biltegi batean eduki ohi dituzte sartzen eta ateratzen dituzten elementuak; sartzen diren elementuak berrogeialdi gelara eramaten dituzte hortik. Produktuak tratatu egiten dituzte bertan. Jendea harrituta gelditzen da gela horretako igerilekuarekin; itsas ondarearekin erabiltzen dute bereziki hori, itsasoko elementuak gatzgabetzeko. Bertan tratatzen dituzte hezetasun handiko lekuetan egondako objektuak ere. Produktu bat uretan dagoenean, aldaketarik gabe, %100ekoa izaten da inguruaren hezetasuna; beraz, uretatik zuzenean ateraz gero, kaltetu egin daiteke pieza hori.

Anoxia erabiltzen dute izurrite biotikoak eragozteko. Burbuila batzuetan sartzen dituzte piezak; nitrogenoa sartzen dute burbuilan, eta atera egiten dute bertako airea; airean, berez, nitrogeno asko izan arren, burbuila barruan dagoen bizidun oro hil egiten da nitrogeno gehiago sartuta, oxigenoa gutxitzen duelako. Berrogeialdi gelan egiten da prozedura hori ere. Egin beharreko zainketak amaituta, solairu berean dagoen argazki gelara pasatzen dute pieza; argazkia ateratzen diote han, eta datu guztiekin gordetzen dute sisteman. Erregistroa da hurrengo pausoa; kode bat ematen zaio piezari, eta Gordailuko sisteman gordetzen dituzte datu guztiak. Oso sistematizatuta dago dena; edozein gauza tokiz mugituz gero, apuntatu egiten dute.

Biltegiaren aukeraketa

Aipatutako gela guztietatik pasatu ostean, bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuta, dagokion biltegira eramaten dute pieza bakoitza. Barra kodea baliatzen dute gordetako elementuak identifikatzeko; aparailua pieza dagoen apaleko barra kodera zuzendu, eta bertan agertzen da informazio guztia: zer den, noizkoa, non dagoen, azalpenak eta argazkia. Intranetera konektatuta dago, eta bertan gordetzen dute informazio guztia.

Beheko solairuko biltegietara sartzean, apalka antolatuta, ezinezkoa da pieza kopuruari begirik kentzea; handiak dira horietako asko. Beheko solairua ikusi ondoren, bigarren solairuan jarraitzen du bisitak. 5.000 kilo igotzeko gaitasuna duen igogailuan igotzen da hara. Solairu horretan, biltegi handi batek hartzen du hedaduraren %80, eta bi biltegi txikiago daude behar bereziak dituzten elementuentzat. Dokumentuak, paperak eta oihalak biltzen dituzte batean; bestean, berriz, burdinazko pieza bereziak; are eta hezetasun txikiagoa dago azken biltegi horretan, eta bisitariak azkar nabaritzen du hezetasun aldaketa hori biltegi txiki horietan sartzean. Biltegi handian, berriz, askotariko elementuak dauzkate: garai bateko etxeko lanabesetatik hasi, eta XX. mendeko koadroetara. Armairu berezietan gordetzen dituzte koadroak, bertikalean jarrita. Biradera bati eraginda ateratzen dituzte bertatik, bibrazioak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Lehen solairuan egiten da bisitaren azken zatia. Biltegira zuzendutako beiratea dago korridorearen alde batean, eta biltegian bilduta dagoenaren zati bat ikusten da handik, lagin modura erakusgarri ipini dutena. Lagin horiez gain, piezak gordetzeko beste biltegi handi bat ere badago lehen solairu horretan; gainerako leku guztietan bezala, hezetasuna eta tenperatura kontrolatuta dauzkate gune horretan ere.

Herritar guztien ondarea

Herritar guztiei eskainitakoa da bisita gidatua; ez dago arkeologian, etnografian edo artean aditua izan beharrik bisitan parte hartzeko. Gordailuaren funtzionamendua azaltzeaz gain, bertan gordeta daukatenaren lagin bat erakusten dute bisitan. Dena den, talde espezializatuagoren batek gauza zehatzagoren bat ikusi nahiko balu, horrelako bisitak ere prestatzen dituzte.

Publikoa da ondarea; hau da, herritar guztiena. Honela azaldu du Salaberriak: “Gipuzkoar guztiek ondarea bereganatzea da helburua; hemen dagoen ondarea jendeak bere sentitzen ez badu, alferrikakoa izango da egingo dugun lan guztia”.