Eragin dezala leherketa

Eragin dezala leherketa

Unai Zubeldia

Zerbaiten hasiera izan nahiko luke biharko Azkoitian antolatuta daukaten Herrikoloreak jaialdiak. Egun osoko egitarau zabalean 70 ekintza baino gehiago txertatuta, herriko kultur eta kirol jardueren erakusleiho izan nahiko luke egunak. “Lagun artean sortutako kontua izan da dena”, hasi du azalpena Inge Beloki antolatzaile taldeko kideak. “Herrian kontzertuen kultura nahikoa itzalita zegoen sentsazioa zeukan jende askok, eta hasiera hartan musika arlotik hasi ginen ideiak botatzen”.

Kirolariak, argazkilariak, margolariak… Herrian kultur eta kirol munduko errealitate asko zeudela jabetu ziren, ordea, batekin eta bestearekin hizketan hasita. “Eta horiek guztiak egun batez kalera ateratzea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen, bertakoak zein kanpokoak azkoitiarren zaletasunez jabetzeko eta euren artean harremanak saretzen hasteko. Jaialdiarekin zerbait piztu nahiko genuke herrian”.

Belokik jakinarazi duenez, lauzpabost lagun dabiltza antolaketa lanetan. “Eta gure helburua ez da urteroko jarduna izango duen jaialdia izatea; interesgarriagoa iruditzen zaigu urte osoko kultur eta kirol eskaintza osatzea, antolatuko diren jarduera horiek txikiagoak izanda ere”. Argi daukate hurrengo urtean ez dutela antolatuko aurtengo egitura izango duen jaialdirik. Baliabideei dagokienez, udalaren laguntza izan dute hasiera-hasieratik. “Kultur teknikariarekin aritu gara lanean, batez ere, baina eguna geure kasa antolatzen utzi digu hark ere”.

Hamazazpi gunetan banatu dute herria, eta 10:00etan hasiko dira lehenengo jarduerak: argazki tourra, Ainara Garciarekin; argazki tekniken erakusketa, Ion Andoni Martin Gonzalezen eskutik; eta Gorka Larrañagaren arte erakusketa. Herri kirolak, kontzertuak, pailazoak, dantzak, pilota, eskubaloi, xake, kriket eta tenis partidak, artisau postuak, trikitilari eta txistulariak… Egun osoko festa daukate antolatuta biharko. “Herritar horietako bakar bati ere ez diogu esan zer egin behar duen, bakoitzak egiten duen horren ispilu izan nahiko lukeelako egunak”. Gehienak bai, baina partaide guzti-guztiak ez dira azkoitiarrak izango.

Izenarekin jolasean

Tabernarien ekimenez, urtean hiruzpalau musika jaialdi antolatzen dituzte Azkoitian. “Baina eurek eurentzat sortutakoak izaten dira, parranda girokoak, eta kultur eskaintza zabaltzea izan da gure erronka, ezkutuan dagoen hori azalera ateratzea”. Herriko loreak eta herri koloreak, hitz jokoa egin nahi izan dute jaialdiaren izenarekin ere. “Loreak politak izaten dira askotan, bizitasuna ematen diote herriari, baina zaindu egin behar izaten dira; kultura bera ere zaindu egin behar da”.

“Herritarrak ikusle izateari utzi eta eragile bihurtzea” da Herrikoloreak jaialdiaren erronketako bat, “igandetik aurrera txispa hori piztuta mantentzeko lanean jarraitzeko”. Herrian ideia berriak sortzea da helburuetako bat. “Herrian eta herritik sortzen delako kultura”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.