Norbait Manet bat saltzen ari da

Danel Agirre

Marka da 2018an testu bat hain lerdetsu hasi beharra, baina alboko mahaia okupatzera zihoan neskari erreparatu bagenion —Montesek ere onartuko luke hau—, espazio falta zela-eta gure muturretik hogei zentimetrora pasatu ziren bere zango hipnotikoengatik izan zen. Eseri zenerako biografia idatzi nion nik, terraza batean nagoen bakoitzean egin ohi dudan moduan. Eta Ekialdeko errepublikaren bateko herritartasuna eman. Zigarro zuri, luze eta mehe-mehe horietako bat piztu zuelako, eta nik Berlinen zigarro zuri, luze eta mehe-mehe horietakoak pizten dituzten emakume ilehori guztiak Ekialdeko errepublikaren bateko herritartzat ditudalako. Halakoetan intuizio klinikoa dudanez, iritsi berri zen laguna agurtzera altxatu zenean, Minskeko edo Volgogradeko azentu exotikoaren zain geratu nintzen. Chamberiko aberaskumearen espainol ezin ozenagoan, “¡Mi vidaaaaaa!” batekin egin zion diosala, ordea. Biografia zerotik berridatzi nion bizkor.

Egiteko hoberik gabe, eta, gure artean euskaraz aritzeak oparitzen zigun diskrezioa baliatuz, Montesquieuk —horrela ere deitzen diogu adiskideari— eta biok kuxkuxeroaren parabolikoa afinatu genuen. Chamberiko bozgorailua kontaketa mamitsu bati ekitera zihoana bistakoa zen. Apirol-Spritza ia trago bakarrean hustu zuen. Bestea eskatu, eta bigarren zigarro zuri, luze eta mehe-mehe horietakoa piztu zuen.

“Bitartekari bat etorri zaigu gaur galeriara, tipo nazkagarri samar bat”, ekin zion. “Ez zenuke sekula asmatuko zer saldu nahian ari den. Estraperloko Manet bat! Lau milioi eta erdiko prezioa du. Merkatu beltzean hain obra deigarria erostera arriskatuko den museo edo galeria handirik ez dagoenaz jakitun izan, eta egundoko komisioa eskaini digu, gure bezero dirudunen bat berotu eta konbentzitzera iristen bagara. Horrelako salerosketetan nahasteko inongo premiarik ez dugula erantzun diogu, baina zeharo tematu da, etsita zirudien”.

Solaskidea aho zabalik zuen. Montyk —nire lagunaren beste ezizenetako bat da— eta nik mahai gainean genituen garagardoak ahaztuta genituen ia, Mitteko zwickl onenak izanda ere. “Tratulariaren aurpegiera ezaguna suertatu zaigu”, jarraitu zuen Chamberiko galeristak. “Interneten begiratu, eta aldizkari arrosetan agertu ohi den aldrebes bat da. Azkenekoz, neska-lagunak bortxatzeagatik salaketa ipini ziolako. Baina onena falta da. Badakizu noren Maneta saldu nahian ari den Europa osoan?”. “Norenaaa?” erantzutekotan izan ginen Montanier —izenorde asko ditu— eta ni; apenas lortu genuen bulkada kontrolatzerik. “Luis Barcenasena!”, deiadar egin zuen kontakatiluak, hirugarren zigarroa xahutzen zuen bitartean. Momentuak exijitzen zuen zirrararik azaleratu gabe, informazio osagarri eske begiratu zion lagunak (beste hori argentinarra izan eta Barcenas ezagutzen ez zuelako gertatu zen, esan dizut halakoetan intuizio klinikoa dudala). “Aaaa! Ez dakizu nori buruz ari naizen. Espainiako politikaririk ustelena da, preso dute. Artelanekin dirutzak zuritu izan zituela jakina zen. Baina Manet bat…”.

Beste zwickl bat hartzeko sosik gabe, zutitu eta entzundakoa bere horretan laga behar ote genuen hausnartuz eman genuen bi zelatariok metrorako bidea. Ez genekien hurbileneko komisariara jo, La Sextara deitu eta Garcia-Ferrerasekin pasatzeko eskatu, edo tabernara itzuli, geure burua CNIko agente moduan aurkeztu eta neskekin endredatzen ahalegindu. “Dena dela, zurea bai mauka”, konturatu zen Montes —eta, azkenean, bukatu zaizkio goitizenak—. “Hurrengo zutabea bakarrik idatzi zaizu”.