Apustuak, tentazio eta adikzio

Aitziber Arzallus

Euskaldunak berezkoa du apusturako joera; frontoira, hipodromora edo plazara joan, eta sos batzuk jokatzeko tentazioari eutsi ezina. Baina inora bila joan gabe, tentazioa bera bada ondora datorrena? Hamar urte dira Gipuzkoan lehendabiziko apustu etxeak zabaldu zituztela. Kiroljokoa izan zen urratsa egiten aurrena, 2008ko abuztuaren 28an Eibarren aretoa zabalduta. Ordutik, eta krisiak krisi, etenik gabe hazi da merkatu hori. Iazko urtearen bukaeran, hamar apustu etxe zeuden Gipuzkoan, eta, horiez gain, apustuak egiteko 654 makina ere bai tabernetan eta ostalaritzako beste gune batzuetan.

Hiru enpresa lehiatzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako apustu etxeen merkatuan, Eusko Jaurlaritzak hiru lizentzia bakarrik eman zituelako: Aspek eta Egursportek eratutako Teleapostuak enpresa da bata, Kiroljokoa markarekin; Euskal Herriko txanpon makinetako ehun enpresa txiki eta ertainek sortutako EKASA Euskal Kirol Apustuak SA bestea, Reta markarekin; eta Erresuma Batuko William Hillek, Espainiako Coderek eta Euskal Herriko hainbat bazkidek osatutako Garaipen Victoria Apustuak azkena. Jarduteko lizentziarekin batera, 25na lokal zabaltzeko eta 750na makina ezartzeko baimena eman zien Eusko Jaurlaritzak. Hamar urte geroago, gehieneko kopurura iristear daude. Jon Agirre Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako ordezkariak joan den hilean adierazi zuenaren arabera, Garaipen Victoriak hurrengo lokala irekitzen duenean iritsiko dira ezarritako gehieneko mugara. “Beste 150 apustu makina jartzeko tartea gelditzen zaie oraindik, baina ezingo dute zabaldu beste aretorik. Bat itxi eta bestea ireki beharko lukete”.

Dena dela, kirol apustu bat egin ahal izateko, gaur egun ez da ezinbesteko baldintza areto edo taberna batera joatea. Bada beste bide bat, jokalari askorentzat errazagoa eta erosoagoa dena, eta kontrol sistemei iseka egitea ahalbidetzen duena, gainera: Internet, hain zuzen. Aspaldiko kontua bada ere, Eusko Jaurlaritzak 2012an arautu zituen online apustuak, eta sekulako hazkundea izan dute denbora gutxian. Iaz, orotara, ia 11 milioi apustu egin ziren Gipuzkoan —2016an baino %7 gehiago eta 2012an baino %60 gehiago—, eta sektoreko enpresek 15,5 milioi euroren irabazi garbiak poltsikoratu zituzten: 2016an baino %18 gehiago, eta 2012an baino %81 gehiago. Tabernetako eta jatetxeetako makinak izan ziren apustuak egiteko bitartekorik erabilienak —hamar apustutik lau—, eta, ondoren, online kanalak —hamar apustutik ia hiru—. Eta gauza bera gertatu zen enpresen etekinei dagokienez ere: ostalaritzako apustu makinetan egindako apustuetatik irabazi zituzten hamar eurotik lau; eta online apustuei esker, ia beste hiru.

Orain dela urte gutxira arte, txanpon makinekiko mendekotasuna zuten Ekintza BiBe elkartera laguntza eske jotzen zuten gaixo gehienek. “Txanpon makinengatik etortzen ziren hamarretik zazpi, eta kirol apustuengatik, hiru. Egoerak buelta eman du urte gutxian, eta, orain, kirol apustuengatik etortzen dira hamarretik zazpi, eta txanpon makinengatik, hiru”, dio Josean Barcenilla elkarteko presidenteak. Ondotxo daki zer den jokoarekiko mendekotasuna izatea, bere larruan bizi izandakoa baita. Baina badira bost urte txanpon makina batera hurbildu ez dela, eta bere esperientzia besteei laguntzeko baliatzen du orain.

Kirol apustuen arrakastaren ondorioz, jokozale patologikoen soslaia aldatzen ari dela azaldu du Barcenillak. “Gero eta gazteagoek dituzte arazoak jokoarekin, oso garaiz hasten direlako apustuak egiten, askotan adingabeak direnean, Internet bidez. Oro har, adin batetik aurrerakoak izaten dira elkartera laguntza eske etortzen diren gaixoak, baina ikaragarri ugaritu dira seme-alabengatik kezkatuta datozen gurasoak, apustuak egiten ari diren zantzuekin”. Izan ere, apustu etxeak gazteen bilgune bihurtzen ari direla uste du Barcenillak, eta asko kezkatzen du joera horrek. “Ohikoa da lokal horien atean gazte kuadrillak ikustea; han elkartzen dira, eta pauso bakarra dago atean egotetik barrura sartzera”.

Publizitatea edonon

Apustu etxeak gazteei horren erakargarri, neurri batean, publizitatearen eraginagatik zaizkiela uste du Ekintza BiBeko presidenteak. “Bide guztietatik iristen zaizkigu apustu etxeen iragarkiak, eta, askotan, kirolari ezagunek jartzen diete aurpegia iragarki horiei; gazteek izartzat dituzten kirolari horiexek, hain zuzen”. Egoerak okerrera egin ez dezan, Barcenillak ezinbestekotzat jo du neurriak lehenbailehen hartzea, eta erakunde publikoei eskatu die apustu etxeen inguruko publizitatea mugatzeko eta ludopatiari aurre hartzeko kanpaina eraginkorretan behar adina diru inbertitzeko. “Guk ere 15 eta 16 urteko gazteentzako prebentzio kanpaina bat abiatu dugu aurten, lehen aldiz, eta ikastetxeetan DBH3ko eta DBH4ko ikasleei hitzaldiak ematen hasi gara jokoak dituen arriskuez ohartarazteko”.

Azpeitian, kanpaina bai, baina apustu etxeen kontrakoa hasi zuen iragan uztailean Elkar-ekin gizarte aldaketarako taldeak. Ehundik gora lagunek elkarretaratzea egin zuten Balentina Agirre plazan, Retak aurki zabalduko duen joko aretoaren parean. “Diru errazaren ameskeria saltzen dute, herritarrak jokatzera bultzatuz eta irteerarik ez duen zurrunbiloan sartuz”, adierazi du Eneko Ibarguren Elkar-ekineko kideak. Onartu du “ertz asko” dituen gaia dela. “Baina horrelako negoziorik ez dugu nahi herrian”.

Elkar-ekinek hainbat egitasmo antolatu ditu datozen asteetarako. Batetik, apustu etxearen kontrako sinadurak biltzen ari da herrian; eta, bestetik, bi hitzaldi antolatu ditu: Igor Mertxor kazetari eta ikerlariak emango du lehena, urriaren 17an, 19:00etan, Sanagustinen: Zer dago apustu etxeen atzean?. Eta Julen eta Maider Santamaria Virtuss Adicciones elkarteko kideek emango dute bigarrena, urriaren 23an, 19:00etan, Sanagustinen bertan: Apustu etxeak eta ludopatia.