Ezkutuko minari hizketan

Unai Zubeldia

Beldurra, errespetua, ezinegona, mina, dolua… Heriotzak, gehienetan, ondoan izaten ditu errealitate horiek guztiak. “Eta denbora behar izaten da gertatutakoa barneratzeko”, azaldu du Itxaro Mendizabal Beasaingo Ttiklik elkarguneko arduradunak. “Badirudi senide edo lagunen baten heriotzaren ondoren berehala hasi beharra daukagula laguntza edo terapia bila, eta buruari ez diogu uzten gauza bakoitza bere lekuan jartzen”.

Gerriko kultur elkartearen ekimenez, heriotza duinari buruzko lau saioko zikloa antolatu dute Lazkaon. “2004an ekin genion Berriketan solasaldi saioari, edozein gairi buruz euskaraz aritzeko helburuarekin”, zehaztu du Joxepa Madariaga Lazkaoko Gerriko kultur elkarteko kideak. Eta pare bat urte zeramatzaten jada heriotzaren gaiari heldu nahian. “Gai serioa da heriotzarena, tristea, eta bazterretik pasatzen saiatzen gara denok, baina iritsi da gaia lantzeko momentua. Uxatu egin behar dugu heriotzari buruz hitz egiteko daukagun beldurra. Asko daukagu ikasteko eta irakasteko”. Herenegun izan zuten lehenengo saioa, Lazkaon, Iñaki Peña medikuaren eskutik, eta Aulki hutsak dokumentala ikusteaz gain, dolu desberdinak landu zituzten; Felix Zubia zainketa intentsiboetako medikuarekin solasaldia izango dute datorren asteartean, hilaren 16an, Gerriko Txokoan, Heriotzaren aurrean, medikuen eginkizuna: gaixoei laguntzea gai gisa hartuta; Itxaro Mendizabalekin solasaldia izango dute urriaren 23an, Gerriko Txokoan bertan, Adierazi gabeko emozioen mina hizketagai hartuta; eta Maddi Zubeldiak eta Bernadette Iratzokik Oroitzen naizeno irakurketa musikatua eskainiko dute urriaren 30ean, Maizpide euskaltegian. 18:30ean hasiko dira saio guztiak.

Lehen, “presenteago”

“Egunerokoan heriotzari bertatik bertara begiratzea tokatzen zaigu guri”, azaldu du Zubiak. “Bizitzaren bukaera da heriotza, baina, era berean, bizitzaren zati bat ere bada. Isildu egin ditugu, ordea, bai gaixotasunak eta baita heriotza bera ere. Gizartetik aldendu egin ditugu guztiz”. Medikuak azaldu duenez, garai batean “presenteago” egoten zen heriotza. “Lehen, etxeetan egoten ziren gorpuak, eta ez dut esan nahi hori ona edo txarra denik. Orain, ordea, herrietatik kanpo atera dituzte beilatokiak, eta heriotza hitza bera kendu egin dugu hiztegietatik. ‘Joan egin da’ esaten dugu. Naturaltasuna galdu dugu”.

Egunerokoa hizketagai hartuta, bi heriotza mota bereizi ditu Zubiak: “Oso azkarrak, batetik, mediku gisa ezer askorik egin ezin izaten dugunak. Horrelakoetan, nahikoa lan izaten da gaixoaren alde lan egiten eta ingurukoei albiste txarra ematen, eta, ahal den neurrian, laguntzen”. Bihotzekoak, istripuak, buruko odoljarioak… horrelakoak leudeke errealitate horren barruan. “Beste kasu batzuetan, ordea, heriotza ez da izaten hain bat-batekoa, eta garrantzitsua izaten da prozesu hori ondo lantzea”. Berri txarra eman behar izaten da lehenik eta behin. “Eta bitxia da egoera, burujabetza aldarrikatzen dugulako bizitzako esparru askotan, baina heriotzaren kasuan ez delako hala gertatzen. Askotan, inguruko guztiek hartzen dute erabakia gaixoa bera baztertuta, eta, nire ustez, hori ez da egokia”.

Mendizabalen kasuan, irailean hogei urte bete ziren gurasoak auto istripuz galdu zituenetik. Anorexia izan zuen 15 urte zituenetik, eta 21 urte zeuzkala hiru hilabete ingresatuta igaro ostean, psikiatrak senda-agiria eman zion egun berean, etxerakoan izan zuten istripua gurasoek —hiru hilabeteko haur bat ere hil zen istripuan—. “Kasualitatez, bikotekidearekin nindoan ni autoan, eta guztia ikusi genuen, bost auto aurrerago zihoazelako gurasoak”. Barruko min haiek kaleratzen laguntzeko, Gurasoei gutuna proiektua jarri zuten martxan duela lau urte, eta, gutun horietako batzuk aukeratuta, liburua kaleratu zuten iaz. “Idaztea izan da nire irtenbidea; niri asko lagundu dit barruko min horiek idatziz azaltzeak”.

Errudun sentsazioa

Beretik hitz eginda, “errudun sentsazioak” asko markatu zuela aitortu du Ttiklik elkarguneko arduradunak. “Baina, orokorrean, gurasoak hiltzen direnean, adibidez, askok aipatzen dute ‘eurekin ez naiz gehiegi egon’ edo antzekoren bat. Errudun paperean jartzen gara beti, eta hori ere landu daiteke aurretik”. Hogei urte igaro direnean, “gertatu zen horrekin bizitzen” ikasi du Mendizabalek. “Baina kontua ez da ahaztea edo errealitate hori atzean uztea. Ikastea da gakoa, egoera onartzea, eta tristura hori ona ere izan daitekeela ulertzea. Batzuetan badirudi debekatuta dagoela triste edo baxu egotea. Baina, nire ustez, heriotza baino gehiago landu beharko genuke ondo bizitzea zer den”.

Heriotzari buruz ez, bizitzari buruz hitz egin du Zubeldiak ere. 87 urte dauzka haren amak, eta 80 urte zeuzkanean diagnostikatu zioten alzheimerra. “Idaztea izan zen informazio hori guztia kudeatu ahal izateko nire irtenbidea”. Orduan sortu zuen bi pertsonaiaren arteko solasaldia. “Adineko emakumea da bata eta bere memoria bestea. Emakumeari hitzak eskasten zaizkion neurrian, gero eta leku handiagoa hartuko du memoriak”. Denborarekin aldatuz joan da amarekin duen harremana. “Egokituz joan behar izan dugu. Gaur egun amak ez nau ezagutzen ondotik igarotzean, baina hitz eginez gero, bai; orduan, bai. Une politak partekatzen ditugu kantuaren bidez, eta poztasun hori aktikatzen saiatzen gara”. Zubeldiak begiratu ere ez dio egiten heriotzari. “Ezezaguna nuen horren aurrean mila galdera eta beldur neuzkan hasieran, baina bestela ikusten dut gaur egun”. Heriotza “ahal den goxoen” iritsiko dela espero du. “Baina ez dut aurreikusten. Momentua bizitzea da gakoa; oraina da daukagun bakarra”.