Klik eta klik, historian bidaian

Unai Zubeldia

Gaur egungo gailuekin, badirudi edonor izan daitekeela argazkilari, baina lanketa handia dago argazki bakoitzaren atzean”. Iñaki Delgado Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kidearen hitzetan, “argi polita edukitzea” da argazki ona ateratzeko ezinbesteko lehen baldintza. “Argiarekin egiten dugun jolasa delako argazkia”. Argazkigintzak umetan zaletu zuen Delgado, eta pasioz bizi du elkartearen eguneroko jarduna.

Irabazi asmorik gabeko kultur egitasmoa da Gipuzkoako Argazkilari Elkartearena. “Argazkilaritzarekin zerikusia daukaten ekintzak sustatzea da gure helburu nagusia”, zehaztu du Delgadok. “Argazki historikoak txertatuta”, 70. urteurrena ospatzeko argazki ondarearen lagin historikoari buruzko erakusketa prestatu dute elkartearen egoitzan bertan —joan den ostiralean egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta asteazkenera arte egongo da ikusgai—. 1945ean hasi zen gorpuzten Gipuzkoako Argazkilari Elkartea, “eta 1948an gauzatu zen lagun kuadrilla baten proiektua”. 88 bazkiderekin ekin zion bideari, eta 400 inguru dira gaur egun. Urteotan hainbat lokal izan ditu elkarteak, baina Donostiako San Telmo museoaren ondoan dago 1974tik.

Elkartearen 70 urteetan garrantzitsuak izan diren egileak eta argazkiak bildu nahi izan ditu Delgadok erakusketan. “Erretratuak, natura hilak, paisaiak… 70 urte dauzkate erakusketako argazki batzuek, eta berriak dira beste asko”. Paperean, 500 argazkiko bilduma dauka Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak, eta 35 argazki daude ikusgai erakusketan.

Egunez eguneko jardunari dagokionez, urtean zehar lehiaketa bat antolatzen du elkarteak. “Eta mundu osoko 800 bat argazki jasotzen ditugu urtero”, zehaztu du Delgadok. “Epaimahai bat izaten dugu, eta argazkiei buruz hitz egiteko baliatzen dugu sari banaketa. Zer daukan faltan argazki bakoitzak, nola hobetu zitekeen… Zalaparta pixka bat sortzen da batzuetan”. Gainerakoan, argazkigintzan lehen pausoak emateko bi ikastaro ere antolatzen dituzte urtero.

Bazkideen hileroko kuota, horixe da elkartearen euskarri nagusia. “Eta, ondorioz, argazkilariei argazkiak eskatuz-eta moldatu izan gara beti. Oso harrera ona egin izan digute gehien-gehienek”. Lankidetza horren erakusgarri dira asteazkenera arte ikusgai dauden argazkiak: Alberto Fernandez Ibarburu —hala izena du elkartearen areto nagusiak—, Juan Angel Arrieta, Jaime Ballesta, Antonio Manzano, Jose Ortiz Etxague, Diego Quiroga y Losada, Armand Dumoulin eta beste hainbat egilerenak.

Paperaren garrantzia

“Orain gutxi arte, eskutitzez egiten genituen eskaerak, eta arazo handirik gabe ematen zizkiguten diapositibak. Horri esker pasatzen genituen paperera”. Gaur egun, dezente aldatu da argazkiak egiteko artea. “Baina paperak inoiz ez du galduko indarra. Argazki asko ateratzen ditugu sakelakoekin-eta, baina horietatik zenbat pasatzen ditugu paperera? Niretzat, indar berezia dauka paperak”.

Astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 17:00etatik 20:00etara, ateak alderik alde zabalik dauzkate Donostian, San Juan kaleko 27. zenbakian. 70. urteurrena ospatzeko erakusketan jarri dituzte indarrak bi asteotan, baina elkarteko bazkideek egunerokoan ere baliatu ahal izaten dituzte hango euskarriak: liburutegia, bilerak egiteko aretoa, proiekzioetarako aretoa, laborategia, sukaldea…

“Argazkigintza, laguntasunerako bidea”, filosofia hori erabat barneratuta daukate Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kideek, eta elkarlan horretan jarraitu nahi dute etorkizunean ere bidea egiten. “Istorio jakin bat dago argazki bakoitzaren atzean”, eta 70 urteotako istorio txiki horiez beteta dago elkartea. “Gure zaletasuna bizimodu bihurtuta, argazkilaritzarekin gozatzen jarraituko dugu guk”. Delgadok bide horri ekiteko gonbita egin die herritar guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>