Bidean baztertutako jakinduria

Kerman Garralda Zubimendi

Sarri esan ohi da gizakiak galdu egin duela naturarekiko lotura. Ahaztuta gelditu dira naturak eskaintzen dituen sekretuak eta abantailak: “Erraz jotzen dugu kanpora, baina gero ez dakigu etxe alboan zer daukagun. Natura ondare oso aberatsa dugu Legorretan bertan, eta ondare horrek sortzen du gure herri nortasuna”, azaldu du Garikoitz Otamendi Zura elkarteko kideak.

Sendabelarrena da ahaztuta gelditu den ondareetako bat. “Eta, berreskuratu ezean, jakintza hori galtzeko arriskua dago”, ohartarazi du Otamendik. Industrializazio garaian baserriek eta naturak indarra galdu zuten Legorretan, eta mendi ibilaldiak baliatu nahi dituzte orain herria naturaren arrastora itzultzeko. “Urtaroak errespetatuz, garai bakoitzean zein sendabelar hartu behar den, horiek noiz eta nola lehortu behar diren… Legorretarrek hori guztia jakin dezaten nahi dugu, natura hurbilagotik ezagutzeko”.

Xendabelarrak izena eman diote egitasmoari: sendabelarrak eta mendia. “Ongi uztartzen dira bi kontzeptuak; mendira jo behar du sendabelarrak bildu nahi dituenak. Horri tiraka sortu dugu izena. Mendi bideak edo xendak eta sendabelarrak uztartzen dituen hitz jokoa da”, dio Otamendik. Legorretako herri jakintzaren ganbara gisa izendatu dute jarduera. Izan ere, baserrietako gordailua izateaz gain, burua ere badelako ganbara. “Herri oso baten jakinduria gordetzeko baliatu nahi dugu aukera hau”.

Sendabelarren inguruko jakinduria ahoz aho pasatu izan da urte askoan. “Hainbat arrazoi tarteko, informazioa ahoz aho pasatu izan duen herria da gurea. Ez daukagu idatzizko produkzio handirik, baina garrantzia eman diogu kontaketari”. Antolatzaileek zehaztu dutenez, elkarrizketa bidez egin dute Xendabelarrak ekimena gorpuzteko dokumentazio lanaren zati handi bat. “Orokorrean, adinekoei galdezka aritu gara sendabelarrei eta bestelako natura ondareei buruzko informazioa eskuratzeko. Esaterako, Maria Josefa Lasari, Karmele Gaztañagari eta Maria Isabel Agirreurretari. Hiru horiek sendabelarren inguruko jakinduria handia pilatu dute euren amei esker”.

Pauso gehiagoren hasiera

Emakumeak dira dokumentazio lana osatzeko elkarrizketak egin dizkieten Legorretako herritar gehienak. Izan ere, emakumeen ardura zen baserrian bizi zirenen osasuna. “Medikuntza tradizionalak gutxietsi egin izan ditu sendabelarrak. Eta estigmatizazio hori ez da kasualitatea, emakumeen jakinduria zegoelako sendabelarren atzean”, salatu du Otamendik.

Emakumeek ganbaran gordetako ondare naturala zabaldu nahi dute orain. Antolatzaileen hitzetan, hasiera besterik ez da egitasmoa, “jakinduria gehiago dagoelako pilatuta ganbaran”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>