Elkarte txikien eta handien arteko oreka bermatu nahi du Kutxak

Unai Zubeldia

Bidea egiten ari da pixkanaka. 2016an lehen pausoa emanda, Kutxa fundazioak diruz babestuko ditu laugarren urtez Gipuzkoako hainbat gizarte eta kultura proiektu. 147 egitasmok jaso zuten laguntza lehen urtean, 161ek 2017an, eta 198k iaz. Gorako joera horri eusteko erronkarekin, dagoeneko zabalik dago 2019rako laguntza eskatzeko epea —abenduaren 10a baino lehen egin beharko da eskaera, eta Kutxa fundazioak 2019ko martxoaren 1erako egingo du lehen hautaketa—. “Hainbat eremutan proiektuak garatzen eta sustatzen dituzten erakunde horiei laguntzea da gure helburua”, azaldu du Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendariak.

Urtez urte laguntza jasotzen duten proiektuen eragina “gero eta nabarmenagoa” izatea da Kutxa fundazioaren erronka. Eta lehen hiru urteetako esperientzia “oso positiboa” izan dela azpimarratu du Aizpuruak. “Oreka lortu dugu urteotan. Elkarte txiki askori laguntzen diegu, elkarte handiak ahaztu gabe”. Hain zuzen ere, horixe da Kutxa fundazioaren helburua: “Hainbat alorretako proiektuak bultzatuz oreka hori bermatzea”. Alde horretatik, laguntzak gune jakin batera mugatu gabe, proiektu horiek “Gipuzkoa osokoak” direla goratu du Kutxa fundazioko zuzendariak. “Gipuzkoa indartsu eta aberatsagoa lortzen ari gara proiektu horiei esker”.

Aurrekontua, zehaztu gabe

Gipuzkoan errotuta dauden irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzeko dira Kutxa fundazioaren diru laguntzak, eta hainbat esparru landu dituzte lehen hiru urteetan: artea, ingurumena, zientzia, elkartasuna, kultura, osasuna, euskara, genero berdintasuna, kirola… “Oso zabala da Kutxak lantzen duen eremua, eta, beraz, animatzeko deia egin nahiko genieke proiekturen bat gauzatzeko asmoa daukaten irabazi asmorik gabeko elkarteei”. Lehen urtean, esaterako, 1,7 milioi euro jarri zituzten proiektuei laguntza emateko. “Baina aurrekontua ez dugu zehazten aurretik; aurkezten dizkiguten proiektuen araberakoa izaten da hori”, argitu du Aizpuruak. Gehienez, %25eko laguntza emango dute 50.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuetan; eta gehienez %75ekoa 50.000 eurotik beherakoetan.

Lehen hiru urteetako datuak aintzat hartuta, 506 proiekturi eman die babesa Kutxa fundazioak, eta horien artean daude Gipuzkoako Gurutze Gorria elkartea, Atzegi, Garabide kultur elkartea, Mindara Dibertsitate Funtzionala Duten Pertsonak Artatzeko Gipuzkoako Elkartea, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Gielmar Gipuzkoako Elbarriak Martxan elkartea, Gros Xake Taldea, Elhuyar fundazioa, Antxieta Arkeologia Taldea, Erroak elkartea, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa eta beste.