Maskotak, erizain lanetan

Kerman Garralda Zubimendi

Askorentzat familiako kide bat gehiago da etxeko maskota. Txakurra, katua, txoria… Edozein animalia izanda ere, berebiziko ekarpena egiten du kasu batzuetan. “Bularreko minbizia gainditu nuenean galdetu zidaten ea zein izan zen nire laguntzailerik onena. Birritan pentsatu gabe erantzun nien: ‘Trau nire txakurra’. Nire senarraren, semearen eta gainerako senitartekoen laguntza handia izan nuen, noski, baina berezia izan zen Trau-ren konpainia”, azaldu du Mabel Artziniega medikuntzan doktoreak. Katxalin Gipuzkoan bularreko minbizia izan duten emakumeak biltzen dituen elkartearen eskutik bere bizipenak azaldu ohi ditu gaixo dauden emakumeak maskoten onurez jabe daitezen.

Maskotak, txakurrak bereziki, “intuiziozko izakiak” direla azaldu du Artziniegak. “Zerbait ondo ez badago, nabaritu egiten dute txakurrek. Adibidez, gai dira hogei minutu lehenago azukre baxualdi bat iragartzeko. Krisi epileptikoen kasuan, berriz, hamabost minutu lehenago antzeman dezakete, nahiz eta jabeak aurretik krisirik ez eduki”, zehaztu du medikuak. “Gizakioi laguntzeko aldez aurretiko joera biologikoa dute txakurrek”.

Kasu batzuetan, minbizia aldez aurretik antzeman dezaketela ere aztertu dute adituek, baina oraindik abian daukate ikerketa prozesu hori. Artziniegaren kasuan, txakurrak ekarpen handia egin zion gaixoaldian bertan. “Mundua gelditu egin zen minbizia neukala esan zidatenean, ez bainintzen lanera joaten edo lagunekin irteten. Senarraren eta semearen egunerokoak, baina, aurrera jarraitzen zuen. Hortaz, Trau-k igarotzen zuen denbora gehien nirekin”.

Minbizia diagnostikatzean buruak buelta asko ematen duela onartu du Artziniegak. “Buru-janean hasten zara. Espiral moduko bat da, gainera, eta gero eta pentsamendu ezkorragoak izaten dira. Espiral horretatik irteten laguntzen du maskotak. Trau-rekin nengoenean, ez nengoen bakarrik; zaindu egin beharra neukan, jaten eman, kalera atera…”. Ariketa egiteko motibazio bilakatzen da zaintza lana. “Txakurrek, gutxienez, ordu erdiko ariketa fisikoa egin behar izaten dute egunero. Batzuetan ez nuen izaten kalera irteteko gogorik, baina, Trau-k behar zuenez, irten egiten nintzen”, oroitu da Artziniega.

Medikuak azaldu du kimioterapia tratamendua jasotzen ari denarentzat zaila izaten dela kalera irtetea, ahul egoteaz gain litekeena delako norbere itxurarekin lotsatzea. “Ilearekin edo gabe, betikoa izango zara maskotarentzat”, hasi du azalpena. “Gauzak datozen moduan onartzen ikasten da etxean maskota bat edukita; gaixotasuna, zahartzaroa eta heriotza, kasurako. Prestatu egiten gaituzte etorkizunerako”.

Maskotaren eta gaixoaren artean hain harreman estua sortzen da, ezen elkar mimetizatzeko gai diren. “Hormonak hartuz ibili nintzen garai batean, eta goragalea eragiten zidan horrek. Etenik gabe egiten nuen botaka, eta hala hasi zen Trau ere. Albaitariarengana eraman genuen, baina ez zion topatu gaixotasunik. Hormonak hartzeari utzi eta osatu nintzenean, sendatu egin zen Trau ere”.

Medikuak azaldu duenez, txakurrari hitz egitea ona delako sortzen da, agian, hain harreman estua. “Ingurukoei ez nien esaten beldurra nuenik, heriotza buruan nuenik. Baina Trau-ri bai, Trau-ri hitz egiten nion; berekin ez neukan beldurrik. Askotan galdetzen nion ea dena ongi aterako zen, eta nahiz eta ez zidan erantzuten, nahikoa nuen bere maitasun begiradarekin”.

“Izaki bizidunak dira maskotak, eta gure arreta behar dute; oinarrizkoa da hori”, azpimarratu du mediku doktoreak. Jaten eman behar zaiela, garbitu egin behar direla, kalera atera… “Bizitza guztian” hori eta gehiago egin behar dela gogoratu du Artziniegak. Maskotek lana ematen dutela onartu du, baina sortzen duten bizipozak eta onurak merezi duela gaineratu du.

Maskota ondo aukeratu

Pazientzia ezinbestekoa dela ere azpimarratu du medikuak, maskotek denbora behar izaten dutelako ikasteko eta konfiantza hartzeko. Norberak bere egoerara ondoen egokitzen den maskota hautatu behar duela gaineratu du. “Eta adoptatu egin behar da beti, ez erosi. Txakurrez aritu gara bereziki, baina katuek ere balio dute gaixotasunei aurre egiteko. Eta txorien txorrotxioak ere ikaragarri alaitzen du bakarrik bizi den adinekoaren etxea”. Gaixotasunik izan ez arren, adinekoei etxean maskota bat izatea gomendatu die Artziniegak. “Horixe da bakardadearen aurkako erremediorik onena. Errutina bat izaten laguntzen dute, eta burua eta gorputza aktibo mantentzen”.