Kantari hartu dute plaza

Kantari hartu dute plaza

Ikerne Zarate

Euskaraldiari atxikimendua erakutsi diote, kantuz. Errenteriako Orereta ikastolako eta Biriatu, Hendaia, Urruña eta Ziburuko ikastoletako 1.300 ikasle inguruk Errenteriako plazak hartu zituzten astelehenean, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu, eta Euskaraldirako motorrak berotzen hasteko. Ikasleak herriko zazpi plazatan kantuan aritu ziren lehenik, eta Koldo Mitxelena plazara bildu ziren azkenik; Hartu kontrola, aukeratu rola kantua abestu eta dantzatu zuten han.

Koloretako ehunka zapi izan zituzten lagun ekintza gauzatzeko; parte hartzaileen kopuruagatik beragatik deigarria izan zen ekintza, eta are koloretsuago bihurtu zuten zapiek: arrosak, moreak, gorriak, urdinak… Koloreak kolore, denak euskaraz. Herritar ugari bildu zen ikasleak abesten entzutera eta dantzan ikustera, eta gurasoek ere ez zuten kale egin.

Gipuzkoa eta Lapurdiko bost ikastola horiek elkarlanean sortu zuten Zubiak Eraikiz egitasmoaren barruan egin zuten asteleheneko ekintza: “Besteak beste, muga administratiboez gaindi, ikastolen, irakasleen zein ikasleen arteko harremanak sortzea eta indartzea da egitasmoaren helburua, eta Ipar Euskal Herriko ikastolei sostengua ematea”, azaldu du Ainara Aranburu Ruizek, Orereta ikastolako irakasleak.

Argi daukate bost ikastolek: ahobizi eta belarriprest-etatik harago, euskaldunak elkartzeko ariketa ere bada Euskaraldia. “Asteleheneko ekintzarekin, errespetuz eta adeitasunez, euskara erabiliz herri bat osatzen dugula erakutsi dugu”. Euskaraldiaren sustatzaile izango direla azpimarratu du Aranburuk. “Herri apustua da Euskaraldia, konpromisoa eskatzen duena, ikuspegi zabala duena eta hala jarduten duena. Ikuspegi hori bera daukagu ikastolek”.

Izan Kantuz egitasmoa ikasleen arteko ikasturteko lehen topaketa egiteko aitzakia ere izan dela aitortu du Aranburuk: “Kalera atera nahi genuen. Azoka eguna da, gainera, astelehena Errenterian, eta jende gehiago ibiltzen da kalean. Gizartean eragitera dator Euskaraldia, eta guk ere, ikastolok, eragin egin nahi dugu gizartean”.

Orereta ikastolak 2015-2016ko ikasturtean ekin zion Zubiak Eraikiz egitasmoari. Irakasleak jabetu ziren ikasleek ez zeukatela Hendaiaren berririk; Errenteriatik oso hurbil egonda ere, urrun sentitzen zutela oso. “Oztopo ugari jartzen digu ikusezina den muga horrek, eta nabaria da horrek eragin egiten digula”. Errealitate horretan eragitea erabaki zuten irakasleek, eta, Lapurdiko ikastolekin harremanetan jarrita, guztien arteko elkarlana sustatu beharra zeukatela erabaki zuten. Bi ikasgela hasi ziren elkarlanean, eta, bi urte geroago, hemezortzi ikasgelak daukate, jada, hartu-emana.

Elkarri lagunduz

Proiektu horri esker lurraldetasunaren kontzeptua lantzeko aukera daukatela azpimarratu du Aranburuk. “Bi estatutan bizi arren, Euskal Herriko hizkuntzaren jabe gara denok. Ofizialtasunik ezak, zonifikazioak zein kultura eta hizkuntza hegemonikoek nola eragiten duten aintzat hartuta, ezinbestekoa da Euskal Herri osoan hizkuntza ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea; etorkizunean elkarbizitza ardatz izatea nahi badugu bai behintzat”.

Beste ezaugarri bat ere aipatu du Aranburuk: sostengua. Hego eta Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera ez da berbera, eta Iparraldekoen errealitatea hartu zuten kontuan elkarlanerako hitzarmena sinatu zutenean. Horren harira, Errenterian bertan hainbat ekintza egiten ari dira Lapurdiko lau ikastola horiei laguntze aldera. Besteak beste, iaz, abenduan, Benito Lertxundiren kontzertua antolatu zuten, eta lau ikastola horiei eman zieten bildutako dirua. Eta madalenetan ere Elkartasun Txokoa zabaltzen du Orereta ikastolak.

Gaurtik hasita, 11 eguneko ariketa soziala proposatuko du Euskaraldiak, eta horrelako egitasmoak ikastolarentzat berarentzat zein ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoentzat garrantzitsuak direla nabarmendu du Aranburuk. “Pertsonen arteko harremanak, euskaldunon arteko harremanak sustatzen saiatzen gara gu. Zoritxarrez, ez da batere erraza euskaraz bizitzea, eta elkartu beharrean euskaldunak are gehiago banatzen bagara, orduan eta zailagoa izango da egunerokoa”.

Errenteria, Biriatu, Hendaia, Urruña eta Ziburuko ikastolek Euskaraldiari egindako ekarpena izan zen, beraz, astelehenekoa, baina ez dira horretara mugatuko Euskaraldian egingo dituzten egitasmoak. Beste ikastetxe, elkarte eta eragile askoren antzera, bost ikastola horietan ere egitaraua atondu dute egunotarako. Herriari berari ere egin diote ekarpena bost ikastolek: “Euskaraldiarekin bat egiteko gonbita egin diegu herritarrei, lehen hitza beti euskaraz egiteko; hala egingo dugu guk ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.