“Nortasuna galdu gabe garatzea da Ordiziako azokaren erronka”

Kerman Garralda Zubimendi

D’elikatuz interpretazio zentroan egiten du lan Leire Arandiak (Ordizia, 1976), herrian bertan. Alor asko jorratzen dituzte Ordiziako interpretazio gunean, baina turismoaren eta jan kontuen ingurukoak betiere. “Jatun finak garelako izango da”, dio txantxetan.

D’elikatuz zentroaren barruan daude Goierriko turismo bulegoa, interpretazio zentroa, elikaduraren eta nutrizioaren txokoa… Baina Ordiziako azokaz ere arduratzen zarete, eta ikerketa lanak ere bultzatzen dituzue. Esparrua hain zabala izanda, nola definituko zenuke D’elikatuz gunea?

Barrena jauregiari atxikitako dorretxe batean gaude. Zaharberritu egin zuten 2005ean, eta edukiz bete. Bi multzotan banatu ditzakegu edukiak: turismoa eta gastronomia. Ordizia Goierriko herrigune nagusietako bat denez, pentsatu genuen interesgarria zela Goierrira datozen bisitarientzat harrera gune bat jartzea. Horregatik dauzkagu turismo bulegoa eta Goierriko interpretazio zentroa. Bestalde, jabetu ginen turista asko gastronomiarengatik etortzen direla gurera. Tokiko bertako produktuak saltzen dituen 500 urte baino gehiagoko azoka bat dugu alboan, eta mundu osoan ezaguna den Idiazabalgo gazta. Azkenik, elikadura ohitura osasuntsuekin lotu nahi izan genituen tokiko produktuak.

Eta helburu horrekin sortu zen D’elikatuz bizi kanpaina, ezta?

Gipuzkoarren artean elikadura ohitura osasuntsuak eta jarduera fisikoa sustatzea da kanpainaren helburua. Jada hamar urte baino gehiago igaroak dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean hasi ginenetik. Gaztetxoentzako, adinekoentzako, emakumeentzako, lan mundurako… gidak egin izan ditugu azken urteotan, bai eta ikastaroak, jolasak, jardunaldiak eta abar ere.

Martxan duzue Ordizialab kanpaina ere. Hilabete honetan bertan aurkeztu duzue egitasmoa.

Ordiziako azoka da gune honen ardatza, eta gure ardura da azoka sustatzea eta dinamizatzea; urteak daramatzagu azoka hauspotzeko ekintzak antolatzen, eta, orain, Ordizialab-en txanda da: proiektu transbertsal bat da, azokaren inguruko partaide guztiak elkarrekin gauden proiektu bat. Administrazioa, nekazariak, erosleak, ostalariak, industria, formakuntza eremuak… Hortxe gaude denok. Azken finean, azokari esker garatu da Ordizia, eta zorretan gaude denok.

Gaur egun, zein egoeratan dago azoka?

Azoka oso bizirik dago Ordizian, erreferente argia da herrian, baina onartu beharra dago ez dela orain dela berrogei urtekoa. Aldatu egin dira erosketa ohiturak, eta ez da izaten garai bateko salerosketarik. Halere, oraindik, Ordiziako ekonomiaren eragileetako bat da azoka.

Nola txertatu behar dira kontsumo ohitura berri horiek azokan?

Ez daukat oso argi. Azoka lehen sektoretik bizi direnentzat erakargarria eta errentagarria izan dadin lortu behar dugu, eta erosleak erakarri behar ditugu horretarako. Iristen ez garen bezero talde handi bat dugu probintzian, eta horiei ezin diegu salerosketa soilik eskaini, aisialdia ere eskaini behar diegu. Modernitatea ere txertatu behar dugu, azokara etortzeko esperientzia erosoagoa izan dadin.

Zein neurri hartu behar dira esan duzun hori gauzatzeko?

Hasiberria da Ordizialab proiektua, eta oraindik ez ditugu zehaztu hartu beharreko neurriak. Proiektuaren lan ildoak finkatzen ari gara orain, baina denon artean egindako azoka izango da XXI. mendeko azoka.

Beldurrik badaukazu aldaketen eraginez Ordiziako azokak nortasuna galduko ote duen?

Hori saihestea da erronka. Hemengo produktu freskoak galdu gabe, harreman zuzen hori galdu gabe, kulturalki bereizten gaituzten gauza horiek galdu gabe garatzea. Euskara da gure izaeraren ezaugarri nagusia; hori da gure azokaren altxorrik handienetako bat, eta ezin dugu bidean galdu.

Eta arduratzen zaitu azoka gauza folkloriko bihurtzeak?

Betidanik bueltaka darabilgun gaia da hori. Transhumantzia garaian, adibidez, ardiak ikustera etortzen da jendea, baina horiek ez dira jakitun zergatik egiten den hori. Lortu behar dugu jendeak baloratzea produktu horien atzean zer dagoen; azoka berezien kasuan, ohikoagoa izaten da jendea egun-pasa etortzea, giroa ikustera, eta ez produktuak erostera. Bezeroei erraztasunak eman behar dizkiegu erosketak egiteko eta egun-pasa erosoa izateko. Aukeretako bat izan daiteke erosketak egiteko poltsak geuk jasotzea eurak pisu gutxiagorekin ibil daitezen.

Zer diote ekoizleek?

Ez da erraza euren egoera. Bizirik irauteko borrokan dabiltzala esaten digute. Ordiziako azokara etortzen diren saltzaile askoren diru iturri nagusia ez da baratzeko produktuen salmenta. Adin batetik aurrera, emakume asko etortzen da ohituraz, inondik inora ez dutelako ikusi nahi azoka galtzen. Gazteak gehiago etortzen dira negozioa egitera, eta asko saltzen dute horietako batzuek. Baina urte askoan dabiltza prezioak igo ezinik.

Egunen batean amaitu egingo al dira ekoizleak?

Aspalditik gaude arduratuta kontu horrekin, epe ertainean azokak behera egin dezakeela ikusten dugulako, lehen sektorea ez delako errentagarria. Halere, kanpoko ekoizleek etorri egin nahi izaten dute Ordiziara.

Azokak bermatuta al dauka jarraitutasuna?

Arduratuta, baina baikor nago kontu horrekin. Nabari da oraindik indarra baduela. Herrian oso gure sentitzen dugu, ordiziarrek estimu handia diote azokari, eta azokaren alde egiten dute apustu.

Ordiziarentzat berebiziko motorra izango da azoka, ezta?

Ordizian bertan eta Goierrin ukaezina da industriatik bizi direla gehienak. Baina jan egin behar dute horiek guztiek, eta azoka da herritar horien hornitzaile nagusietako bat. Azoka bera eta nekazarien lana dago Ordiziak eta Goierrik izan duten garapenaren oinarrian.

Turista asko erakartzen al du azokak?

Azokek badaukate jendea erakartzeko indar hori. Kanpora joan eta azokaren bat ikusten dugunean, hurbildu egiten gara gu ere, leku ona delako tokian tokiko jendea eta bizimodua ezagutzeko. Euskal Herrian hiru azokak dute indar handia: Gernika-Lumokoak, Tolosakoak eta Ordiziakoak. Udaberri-uda parte horretan, Ordiziak gainerako egunetan baino bisitari gehiago hartzen du asteazkenetan. Udazkenean ere etortzen dira bisitariak herrira, baina inguruko herrietan osatutako taldeak izaten dira bereziki.

Nongo turistak iristen dira Ordiziara?

Hemengoak eta atzerrikoak etortzen dira; frantziarrak, esaterako. Lehen, agian, Donostian gelditzen ziren Europa aldetik zetozen turistak, baina gero eta barrualderago sartzen dira orain. Duela 30 urte, mesfidatiagoak ginen turismoarekin, baina jada galdua dugu beldur hori. Turistak erakartzeko lanean ari da Goierri, eta eskaintza indartsua dugula uste dut.

Goitur arduratzen da Goierriko turismoaz, ezta?

Hala da, bai. Baina hainbat eragileren arteko sarea dugu osatua. Goierri eremu txikia da turistentzat, eta, eskaintza zabalagoa eta indartsuagoa izan dadin, ezinbestekoa da interesgune guztien arteko talde lana; eskualdean egiten dugu promozioa; esaterako, Basque High Lands erabiltzen dugu ingurumen turismorako, eta Idiazabal Lurraldea gastronomiarako. Are gehiago, hartueman zuzena dugu gastronomiarekin zerikusia duten beste eskualde batzuekin ere; hala nola Sagardoaren Lurraldea-rekin eta ardogintzako eragileekin.

Gehiago ustia daiteke turismoa?

Industria hain indartsu egonda, ostalariek arlo horretara bideratu dute negozioa. Orain hasi gara ostalaritza negozioak turistei bideratzen, baina hasi besterik ez gara egin oraindik, eta asko dago egiteko. Adibidez, ostalaritzan benetan hemengo produktuen aldeko apustua eginda, esperientzia hobeak eskain ditzakegu, eta merkatu bide berriak zabaldu. Produktu eta ezaugarri jakin batzuei lotutako ingurua espero izaten dute turistek, eta, museoak eta bisita gidatuak eduki arren, batzuetan hankamotz gelditzen gara erakutsi nahi dugun hori erakustean.

Goierrik ez al dauka arriskurik turistekin gainezka egiteko?

Oraindik badaukagu tartea turista gehiago hartzeko, baina nolako turistak nahi ditugun galdetu behar diogu geure buruari. Natura, gastronomia, kultura… ezaugarri horiek gustatzen zaizkion bisitariak etortzen dira guregana, gure nortasuna eta bizimodua errespetatzen dutenak. Ezaugarri horiek dauzkaten turista gehiago bilatu behar ditugu, eta asko eta asko daude hor kanpoan.

Historia kontuek erakartzen al dute turistarik?

Erdi Aroko hiribilduak dira Ordizia eta Segura, oso politak dira ikusteko, eta turistei asko gustatzen zaizkie bi herriak. Baina kasualitatez topatzen dituzte biak ala biak. Hau da, natura edo gastronomia arrazoiengatik etortzen dira Goierrira, eta espero ez zuten arlo historikoarekin topo egiten dute gero.

Ordiziak 750 urte bete ditu aurten.

Erakusketak eta bisita antzeztuak antolatu ditugu bereziki. Urrup antzerki taldearekin elkarlanean, hainbat bisita gidatu egin ditugu garai hartako pertsonaiekin eta arropekin. Bisitariak iraganera jauzia egin zezan nahi genuen; azokarekin lotuta, pisuei eta neurriei buruzkoa da erakusketetako bat, garai batean gauzak nola pisatzen zituzten ikusteko. Egun berezietan ere saiatu gara azokari ukitu berezia ematen; urte berezia izaten ari da 2018a.