‘Ahobizi’ baten gorabeherak

Eider Goenaga Lizaso

Ez dira gutxi ahobizi baten komeriak. Posible izango al du goizean etxetik atera eta itzuli arteko elkarrizketa guztiak euskaraz egitea? Saiatzen bada, nola erantzungo diote ezezagunek? Gai izango al da solaskideak gaztelerari eusten dion bitartean euskaraz jarraitzeko? Ariketa sozial gisa planteatu da Euskaraldia, nolabaiteko esperimentu gisa. Bere esperimentu propioa egin nahi du ahobizi-ak, eta Donostia ingurua hautatu du horretarako. 11:45ean iritsi da Donostiara, eta 16:00etan jarri dio bukaera esperimentuari, Urbilen.

Hauxe emaitza: 29 lagunekin izan du hartu-emana, eta horietako hamaseirekin euskara hutsean izan du elkarrizketa; elkarrizketa elebidunak izan dira beste zortzi; eta bost kasutan ezinezkoa izan du euskaraz jarraitzea, solaskidearekin komunikatzen jarraitu nahi bazuen.

Ahobizi-ak, beraz, lortu du gehienetan euskaraz egitea. Euskaraldiko txapak nolabait ahaldundu egiten duela nabaritu du. Jendearengana txapa paparrean duela hurbildu da, eta abisu moduko bat da txapa. Solaskideak badaki hurbildu zaion pertsona hori ahobizi dela eta euskaraz egiten saiatuko dela. Izan ere, konpromisoa hartu du hori egiteko. Estres linguistiko txikiagoa sentitzen duela sumatzen du. Orain, bestearen teilatuan dago pilota; berak hartua du lehen hitza beti euskaraz egiteko erabakia.

Astelehena da, 11:52. Autoa Donostiako autobus geltokiko aparkalekuan utzi du. Orga jasotzailea gidatzen dator gizon bat. “Kaixo, egun on. Hemengo arduraduna zara?”. Baiezkoa, gazteleraz. Autoa 24 orduz uzteak zenbat balio duen galdetu dio, euskaraz. “Barkatu, baina oraindik ez dut ondo ulertzen euskaraz”, erantzun du langileak, gazteleraz. Bigarren saio bat; gaztelera, euskara eta keinuak tartekatuta, oraingoan. “Para dejar egun bat kotxea hemen, zenbat balio du?”. Ulertu du. Hiru eguneko deskontuak dituztela dio, baina egun bakarrekoak ezetz. “Eta zenbat balio du egun batek?”, galdetu du ahobizi-ak, keinuekin lagunduta. “Eta hiru egunek?”. Ulertu dio, eta gazteleraz eman dizkio prezioak. Elkar euskaraz agurtuz amaitu dute elkarrizketa.

Handik autobus geltokira. Hiru garraio konpainiaren leihatiletan egin du saioa. Lehenengo saioa: Bilman Bus. Ordutegiari eta prezioei buruzko galdera egin, eta berehala heldu da erantzuna. “En erdera, por favor”. Bigarren saioa: Pesa. Ez da elkarrizketa luzea izan, baina euskaraz egin dute arazorik gabe. Hirugarren saioa: Alsa. Miarritzeko aireporturako autobusei buruz galdetu, eta, leihatilako andreak kopetilun, haserre aurpegiarekin begiratu dio ahobizi-aren txapari, goitik behera. Eskatu gabe ere, azkar aldatu du hizkuntza ahobizi-ak. Zalantza du. “Argi zegoen ez zuela ulertzen; zertarako jarraitu euskaraz?”. Euskaraldiaren harira behin baino gehiagotan sortuko zaizkio halako galderak 11 egunean.

Autobus geltokitik Renfera. Han ere, leihatilakoak hitzik ez euskaraz. Baina, euskaraz galdetutakoari gazteleraz erantzuten ziola ikusita, belarriprest rolean ipini du ahobizi-ak Renfeko langilea, txaparik ez zeraman arren. Tren ordutegiak, egutegiak… Ondo joan da elkarrizketa, noiz bidaiatu behar duen galdetu dion arte. “Eguberrietan”. Aurpegian nabaritu dio ez diola ulertu, eta halako larritasun puntu bat ikusi nahi izan du ahobizi-ak. Itzuli dio hitza, eta beste pare bat ere bai elkarrizketak iraun duen bitartean, baina euskaraz jarraitu du. “Aio, mila esker”, agurtu du. “Zuri”, leihatilakoak erantzun.

Garraio publikoarekin jarraitzeko, DonostiBuseko autobusa hartzera joan da. Donostia ospitalera igo eta jaitsi den tartean, bost autobus gidarirekin izan du hartu-emana. Autobusa kreditu txartelarekin ordaindu dezakeen galdetu dio lehenari. Ahobizi txapa darama, eta lasaitasuna eman dio horrek. Euskaratik gaztelerara eta gazteleratik euskarara dantzan ibili beharrik gabe joan da elkarrizketa. Ezetz erantzun dio, eta autobusetik jaitsi da. Beste lau gidarietatik bik —batek txapa zeraman, eta besteak ez— euskaraz erantzun diote, eta beste biek, aldiz, gazteleraz.

Ospitaleko ariketan argia izan da emaitza; hiru langileri egin die galderaren bat —harrerako bati eta mediku bata zeramaten beste biri—, eta hirurekin arazorik gabe hitz egin du euskaraz.

Batez ere gazteleraz

Gogotik ari du euria, eta kalean ez da elkarrizketa askorik entzuten. Ospitalerako autobusean kalkulu bat egin du, elkarrizketen erdiak euskaraz eta beste erdiak gazteleraz izango ziren? Gutxi gorabehera, bai. Bueltakoan, berriz, elkarrizketa bakar bat ere ez. Txapak ere gutxi; 14:00ak dira, eta, Donostiara iritsi denetik, bost besterik ez ditu ikusi: hiru ahobizi eta bi belarriprest. Berokien azpian eramango du jendeak, akaso?

Donostiatik ateratzea eta merkataritza guneetara joatea erabaki du gero. Han lanean ari den zenbat jendek hitz egingo ote du euskaraz? Baina aurretik BMtik pasatu da, ogia erostera. “Ogia ordaindu al daiteke txartelarekin?”, galdetu dio kutxan dagoen neskari. “Barkatu, baina ez dut euskaraz ulertzen”. Itzuli egin du esaldia. “Bai, ulertu dizut ogia eta txartela, baina ez nengoen seguru”, jarraitu du neskak. Ogia ordaintzeko unean, ahobizi txapa daraman gizon bat dago kutxan. Ondo, lasaitasuna berriro.

Decathlonera joan da gero. Bizikleten sailean informazioa eskatzerakoan, gazteleraz erantzun dio han zegoen neskak. Hitz bakar bat ere ez euskaraz. Lankide euskaldun bati deitu dio azalpenak emateko. Gauza bera gertatu zaio pilotaren atalean ere. Euskaraz jaso ditu azalpen guztiak, baina lau langiletik bi ez dira gai izan informazioa euskaraz emateko.

Mercadonan jarraitu du merkataritza guneen ibilbideak. Arreta eman dio supermerkatuko seinaleak ele bitan ikusteak. Eta ez hori bakarrik: euskarazko hitzak handiago eta aurretik azaltzen dira. Sartu denean, baina, ohartu da produktuen informazio guztia gazteleraz dagoela. Ea langileekin… Harategiko sailean euskaraz ondo moldatzen den neska batek lagundu dio zalantzak argitzen, eta berdin arrandegian. Krema eta makillajeen sailean hasi dira zailtasunak. “Kaixo, egun on. Produktu honek balio al du ileko korapiloak askatzeko?”. Aurpegi bera berriro. Ez du ezer esan, baina ez du erantzuten, ez dio ulertu. Kutxakoa ere euskaraz. Lautik hiru, beraz.

Urbileko Eroskin amaitu du esperimentua. Eroskik bat egin du Euskaraldiarekin; nola egingo dute langileek? Lautik hirurekin normal aritu da euskaraz. Elkarrizketa luzeagoa izan du laugarrenarekin. Langilea gogotik saiatu da euskaraz, baina informatika gaiez ari da, eta gaztelerara jotzen du zenbaitetan. Estres linguistikoa, berriro. Ez dago ohituta elkarrizketa luzeagoak ele bitan egiten, eta esfortzua eskatzen dio gaztelerara jauzi egin gabe jarraitzeak. Ohiturak aldatzea ez da egun bakarreko ariketa; Euskaraldiarekin, lehen harria jarri nahi da bide horretan.