Euskaraz, gaztelerazko galderei erantzunez

E. Goenaga Lizaso

Prentsaurrekoa du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Astelehena da. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren biharamuna. Gipuzkoan martxan jarritako protokoloaren inguruko prentsaurrekora deitu dute, eta Miren Elgarresta Berdintasunerako zuzendariarekin agertu da Olano hedabideen aurrera. Biek daramate ahobizi txapa.

Ohartarazpena egin dute prentsaurrekoa hasterako. Euskaraldia dela-eta, euskaraz egingo dutela agerraldi osoa. Ulertzen ez duten kazetariek badute bat-bateko itzulpena. Egin du bakoitzak bere aurkezpena, eman dituzte indarkeria matxistako kasuen datuak, egin diren esku hartzeen inguruko xehetasunak, eta kazetarien galderen txanda iritsi da. Lehen galdera, Elgarrestari. Gazteleraz. Oharkabean, gazteleraz ekin dio Elgarrestak. Berehala, besoan ukitu, eta abisua eman dio Olanok. Euskarara itzuli da berriro Elgarresta. Bost galdera egin dituzte kazetariek, gazteleraz bostak. Olanok eta Elgarrestak euskaraz erantzun diete guztiei.

Ez da lehen aldia Olanok prentsaurreko bat osorik euskaraz egiten duena. Egin izan ditu lehenago ere. Gaztelerazko galderei euskaraz erantzun, ordea, ez.

Realaren ahalegina

Realak ere egin du Euskaraldiarekin bat egiteko ahalegina. Keinu moduan, 11 egunean hedabideen aurrera aterako ziren gizonezkoen lehen taldeko jokalariak euskaldunak izango zirela iragarri zuen futbol taldeak, Euskaraldia hasi bezperan. Realak antolatzen dituen prentsaurrekoetan, kazetarien galderei erantzunez hitz egiten dute jokalariek, eta ohituraz euskarazko galderak egiten dituzte lehenengo eta gaztelerazkoak gero; jokalaria euskalduna ez bada, gazteleraz egiten dituzte galdera guztiak.

Aipagarriak dira Asier Garitano Realeko entrenatzaileak joan den asteleheneko Anoetako partidaren bezperan eta partidaren ondoren emandako prentsaurrekoak. Bai Garitanoren parte hartzea eta bai galde-erantzun guztiak euskaraz izan ziren. Lehen aldia da, Realaren historian, prentsaurreko bat oso-osorik euskaraz egin dena.