Unai Zubeldia
Ez da zigilu soil bat. Ez da izen hutsa. Produktua lantzeko modu bat dago atzean. “Ekoizleek, esaterako, modu jakin batean zaindu behar izaten dituzte erlauntzak; eta ezin izaten dute erabili erleei kalte egingo dien produkturik; gero, eztia egiteko prozesuan, zorrotz zaintzen dugu hezetasuna; beste enpresa gehienek ez bezala, eztiaren ezaugarri guztiak mantentzeko, 40 gradutik igo gabe egiten dugu prozesu guztia; eta loreen polenari pasatzen uzten diogu eztia iragazteko garaian…”. Ander Arbulu Giez-Berri enpresako kudeatzaileak azaldu duenez, “kontrol handia” dago Eusko Label zigilupean egiten duten eztiaren atzean.
“Erlauntzaren eta ekoizlearen arteko prozesu guztia gertutik zaintzen du Hazik”, Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako Elkarteak. “Eta kalitatea lehenesten dugu kantitatearen aurretik. Hor dago sekretua”. Aurten 25 urte bete ditu Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kide batzuen ekimenez hasitako bideak —urteurrena ospatzeko, Eleak Loretan jardunaldia antolatu zuten joan den astean, Getarian, Giez-Berri enpresan—. Azken 25 urteotan, Eusko Label zigilupean, Giez-Berrik tratatu eta ontziratu du Gipuzkoa eta Bizkaiko 24 erlezainek ekoitzitako eztia —Hazik beste planta bat homologatu berri du Orozkon, Bizkaian—.
Enpresak Getarian dauka ontziratze planta, eta bertan ekoizten dituzte labeldun eztia, ezti ekologikoa, eta hainbat eztiki: polena; eztia eta jelea; eztia, polena eta jelea edo Indarplus izeneko produktua; eta propoleoa. Urtero produktu berriren bat sortzeko erronkari helduta, eztia propoleoarekin merkaturatuko dute laster, eta, urrutirago begira, “kalitatea mantenduz produkzioa areagotzea” da erronka. “Izan ere, sei-zazpi hilabeteko epean bukatu egiten zaigu merkaturatzen dugun ezti guztia”. Gaur egun, 6.000 erlauntz pasatxo erabiltzen ditu enpresak, eta 350 bat erlategi dauzkate erregistratuta. 90.000 ezti kilo ere ontziratu izan dituzte urterik onenetan, baina 50.000-60.000 kilo inguru ontziratzen dituzte normalean.
300 metro koadro inguru dauzka Giez-Berrik, eta goialdean dauka gune nagusietako bat: biltegia. “Eztia bidoietan mantentzen da ondoen”, hasi du azalpena Arbuluk. “Eta 13-14 gradu artean egon beharra daukate bidoi horiek. Ezti likidoa, berriz, 25 graduan mantendu behar izaten da, prozesuak irauten duen bitartean ez gogortzeko”. Merkaturatzen duten eztiaren ezaugarriak ere mahai gainean jarri ditu enpresako kudeatzaileak: “Ezti freskoa da, gordina, hotzean egina, artisaua eta pasteurizatu gabea”.
Oso lantegi konplexua da erlezainena. Hala ziurtatu du Alfredo Garcia erlezainak eta Giez-Berri enpresako presidenteak. “Ardien moduan, mendian egon behar izaten dute erleek, eta erle horiek, normalean, ez ditugu edukitzen gu bizi garen inguruan; nahikoa sakabanatuta edukitzen ditugu”. Baldintza egokien bila, uztail hasieran transhumantzia egiten dute, normalean. “Eta hori ere mugatuta dauka Eusko Label zigiluak”. Hego Euskal Herritik kanpo, Burgos iparraldera soilik eraman ditzakete erleak.
Lehen urteak, zailak
Erlezainen lana gutxi-asko “egonkortuta” dagoela azaldu du Garciak. “Lehen urteetan nabaritu genuen aldaketarik handiena, erlauntz zaharretatik berrietara aldatu eta Eusko Label zigiluaren baldintzetara egokitu behar izan genuenean; erleak nola zaindu, lekuz nola mugitu, kontrolak, enpresarekiko eta bezeroekiko harremanak, mezua, antolaketa… Zaila izan zen hasiera”. Giez-Berriko presidenteak aitortu du, ordea, gauzak ez direla askorik aldatu gerora. “Eta hori daukate alde gazteenek, egitura guztia antolatuta eta lotuta aurkituko dutelako pausoa eman nahi dutenek. Gure garaian ez zegoen ezer, eta hutsetik hasi behar izan genuen lanean”. Azken lau urteotan bost erlezain gaztek pausoa eman dutela jakinarazi du Garciak. “Eta, tartean, nire semeak ere badauzka erleak”.
Jaiotzez Burgoskoa da Garcia. “Han betidanik eduki izan genituen erleak. Amak gertutik zaintzen zuen dena, eta pixkanaka piztu zitzaidan erleekiko grina”. Ordurako Burgostik Zumaiara etorrita, Gipuzkoako Erlezainen Elkartea sortu zuten lehenengo, “hamabi-hamabost lagunen artean”, eta Giez elkartea ondoren, Gipuzkoako Eztigileen Elkartea. Ekoizle sare bat dauka elkarteak, eta erlezain horiek dira Giez-Berri enpresaren jabeak. “Ez da enpresa kapitalista bat”, goratu du presidenteak.
Hazte prozesu horretan, bost urteren buruan txiki gelditu zitzaien Giezeko egitura. “Eta horregatik erosi genituen gaur egun Giez-Berri dagoen enpresaren lurrak, Getarian”. Hori bai, Garciak behin eta berriz azpimarratu du enpresaren gaur egungo egitura nekez uler daitekeela Martxel Aizpuruak egindako lanik gabe. “Hura da gaur egungo egituraren bultzatzaile nagusia. Biologoa da, oso jakintsua, eta hark egituratu zuen dena. Erretiroa hartuta dago jada, bizpahiru urtean amaituko dut nik ere, eta, gazteen laguntzarekin, pixkanaka ea behar berrietara egokitzen asmatzen dugun”. Arbuluren hitzetan ere, “belaunaldi aldaketarekin asmatzea” izango da gakoetako bat.
Gaur egun, erlezain profesional gutxi dago Euskal Herrian. “Badago baten bat, baina oso zaila da erlezain gisa bizitzea. Profesionala izan beharra dago, eta erleak oso ondo zaindu, lekuz aldatu…”. Garciak eta Arbuluk behin eta berriz azpimarratu dute erleak lekuz aldatzeak daukan garrantzia. Baina erleentzat zein dira baldintzarik egokienak? “Euria behar dute, baina ez hemen sarritan izaten dugun euri jasarik; tenperatura, berriz, 15 bat gradukoa, loreak hazteko, baina eguzkia ere behar dute segidan; maiatzean hiru aste jarraian, esaterako…”. Presidenteak erreleboa eman dio kudeatzaileari. “Garai bateko baldintzak beharko genituzke gaur egun; gaztainondo gehiago, akaziei ez erasotzea, basoberritzeetan zuhaitz nektariferoak kontuan edukitzea… Hori guztia eskatzen diegu administrazioei”.
Gizarteko beste hainbat esparrutan bezala, erlezainek ere arazo larria daukate liztor asiarrarekin. “Erlezainen elkarteak eta aldundiak lan handia egin zuten hasieran, baina oso motz gelditu da lanketa hori. Habiak kentzen ari dira, baina ez dute egin jarraipen zehatzagorik”. Garciak azaldu duenez, pozoiren bat izan daiteke arazoa konpontzeko gakoa. “Eta kanpaina erraldoiak, herritar guztiek liztorren aurkako tranpak jar ditzaten, erreginak hilko bailirateke modu horretan. Aterpeetan babesten dira erreginak, eta eurak bakarrik ateratzen dira, martxo-apiril aldera”.
Erleak, liztorrekin izututa
Beste hainbat intsekturekin batera, erleak eta eztia jaten dituzte liztor asiarrek. “Baina arazoa ez da jaten duten hori bakarrik. Erleak izutu egiten dira liztorrak agertzen direnean; ez dira ateratzen erlauntzetik, eta ez dute polenik lortzen. Ondorioz, erle horiek ez dira hazten behar bezala, eta hil egiten dira neguan”. Giez-Berriko presidenteak horregatik eskatu du liztor asiarraren aurkako “benetako politika bat” garatzeko; “gainerakoan, oso zail daukagu aurrera egitea”.
Leave a Reply